ESPAINIAKO BANKUAK ERANTZUNDAKO GALDERAK

150616_respuesta_BdE

Maite Ortiz eta José María Erauskin IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatuek Espainiako Bankuak euren galderei erantzutea lortu zuten. Burgosen Kaleratzeak Stop elkarteko kide batek Kutxabanken aurka IRPH aplikatzeagatik jarritako salaketa baten testuinguruan izan zen, 2015eko ekainaren 2an.

Egin zitzaizkion 15 galderei idatziz emaniko erantzunean, erakunde erregulatzaileak onartzen du aurrezki kutxa bakoitzak IRPHan eragina izan zezakeela berak aplikaturiko interesak igoaz, eta bere eraginaren tamaina zehaztasun matematikoz kalkulatu zitekeela gainera. Indize honek kalteturikoen salaketa nagusia egiazkoa dela onartzen da modu honetan.

Garbi geratzen da gainera IRPHa ez dela maileguen merkatuaren adierazgarri: Espainiako Bankuak onartzen du indize honen kalkuluan, batezbesteko sinplea izaki, aurrezki kutxa guzti-guztiek pisu berdina zutela. Aurrezki kutxarik txikienaren kasua aipatzen da, maila lokalekoa eta merkatuaren osotasunean inolako garrantzirik ez zuena, eta 600 aldiz handiagoa zen aurrezki kutxarekin alderatzen da, eta onartzen da biek ere pisu berbera zutela batezbestekoan.

Onartzen da gainera aurrezki kutxa batek IRPHarengan eragiteko bere interes tipoak igo eta honen ondorioz bere negozio bolumena jaisten bazuen ere batezbestekoan zuen pisua ez zela aldatzen, eta komisioak igotze hutsarekin ere eragin zezaketela.

Manipulagarria dela eta adierazgarri ez dela erakusteaz gain, erantzunek beste gabezia nagusi bat agerian utzi dute: gardentasun eta kontrolik eza. IRPHa kalkulatzeko abusuzko zirelako baliogabetuak izan diren interes tipoak (zoru klausula edota gorantzako biribiltzea adibidez) erabili ote diren itaunduta, merkatuaren erregulatzaile eta indizearen kontrolaren erantzule den erakundeak onartu du ez duela galdera erantzuteko nahikoa informaziorik.

Jarraian duzu dokumentua. Deskargatu ere egin dezakezu, hemen klik eginda.

Download (PDF, 1.71MB)