JUAN ETXEBERRIA DOKTOREAREN TXOSTENA

Gure webgunearen hirugarren urteurrenarekin batera, 2016ko uztailaren 4an IRPH abusuzko indizearen aurkako dokumentu birrintzaile bat argitaratu genuen: IRPHaren inguruan Juan Etxeberria Murgiondo doktoreak eginiko txostena. Etxeberria jauna Estatistika Aplikatuan Katedradun Akreditatua da, Zientzia Zehatzetan lizentziaduna (Estatistika berezitasuna), Hezkuntza Zientzietan Doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean Estatistika Aplikatuaren irakasle titularra eta Estatistika Aplikatuaren alorrean hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu.

Txosten hau Maite Ortiz eta José María Erauskinek eskatua izan zen. Ortiz eta Erauskin IRPH Stop Gipuzkoaren abokatu boluntarioak dira, eta IRPHaren aurkako epaitegietako borrokaren benetako aitzindariak.

Bere txostenean, Etxeberria doktoreak egiaztatzen du entitateek IRPHaren emaitza eragin, manipulatu eta baldintzatu dezaketela, eta banaka zein taldean egin dezaketela hori gainera. Etxeberria doktorea gai honetan autoritate bat da, eta IRPHaren kalkulurako metodologia aztertu ondoren (Espainiako Bankuak entitate guztiek hilero-hilero ematen duten interes tipoekin egiten duen batez besteko sinplea), ondorioztatu du indizea ez dela batere sendoa, eta agerikoa dela hobetu daitekeela. Gehitu du gainera bistakoa eta oso nabarmena dela entitate bakoitzak, bere tamaina edo bolumena edozein dela ere, IRPHaren hileroko emaitzan eragiteko ahalmena duela, eta ahalmen hori modu zehatzean zenbatu daitekeela.

Jarraian duzu txostena. Deskargatu ere egin dezakezu, hemen klik eginda.

Download (PDF, 140KB)