Zuzenketa

Batzar Nagusietako presidentak (Lohitzune Txarola, Bildu) jakinarazi digu gure aurreko berria ez dela zehatza. PNV eta PSE-k ez dituzte bere botuak batu gure sarrerari botua ezartzeko, ez, PNV eta PSE-k (eta PP-k) bere indarrak batu dituzte presidentari eskatzeko gonbidapena bertan behera uzteko. Eta berak onartu egin du, eztabaida ez dadin desbideratu mahaiko gehiengoaren borondatea errespetatzearen ingurura. Gure azalpen okerra ez da PNV eta PSE-ren gustokoa izan, antza denez. Espero dugu oraingoan azalpena zehatza izatea. Bestela, berriz aldatuko dugu.

Eta bitartean, hilean 300 euro gehiago ordaintzen darraigu, familiak kaleratuak dira eta jendeak bere buruaz beste egiten du hipotekari aurre ezin diolako egin. Baina badirudi kasta politikoa beste gaza batzuk arduratzen dutela.

PNV eta PSEk betoa jarri diote kaltetuak Batzar Nagusietara sartzeari

jjgg

Aurreko berrian genioen bezala, bihar Batzar Nagusietan egotekoak ginen, gure iritzia prentsaurreko batean adierazteko. Gainera, plenorako gonbidapenak ere bagenituen, Bildu eta Aralar batzarkide taldeei esker. Ba PNV eta PSEk ez dute aurpegirik eman nahi beraien politika kriminalen biktima garenon aurrean, eta gure sarrerari betoa jartzea lortu dute. Gaur gertatu da, beraien botuak elkartu dituzte premiazko bilera batean eta aitzakia guk igorritako gutunak izan dira. Mehatxatuta sentitzen omen dira. Jendea etxetik kaleratzea dakarren gai batetaz ari garenean jarrera hau hartzea nazkagarria da.

PNV eta PSE-k indarrak batu dituzte biktimoi Batzar Nagusietan sartzeari betoa jartzeko. Jendilaje honek uste du gure erakundeetan nahi dutena egin dezaketela. Erakundeen jabetzat dute bere burua, eta uste dute hiritarrok beraien zerbitzari garela.

Esan gabe doa parean izango gaituztela. Prentsaurrekoa kalean eman behar badugu, halaxe egingo dugu. Zatoz ekimen hau babestera eta hipokrita hauen itxurakeria guztia gaitzestera. Guztiok Batzar Nagusietara, 11:45tan hemen.

Hauek dira guk igorritako gutunak:
EHbildu_Gutuna_131105,
PNV_Gutuna_131105,
PSE_Gutuna_131105,
PP_Gutuna_131105

Eta hauek gu ikusi nahi ez gaituzten batzarkideen izen-abizenak:

PNV: Markel Olano Arrese, Lourdes Alonso Sarasola, Joseba Antxustegi Maneiro, José Corchón Álvarez, Iñaki Egibar Larrañaga, Zorione Etxezarraga Ortuondo, Xabier Ezeizabarrena Saenz, Ainhoa Galdos Olazar, Martín Ibabe Ezeiza, Igor Iturain Ibarguren, Mª Angeles Lazkano Larrañaga, Eider Mendoza Larrañaga, Aintzane Oiarbide Iruretagoiena eta Arantzazu Rojo Gómez.

PSE-EE: Eneko Andueza Lorenzo, Mikel Arrizabalaga Brusín, Julio Astudillo Rodrigo, Nerea Azpiazu Martínez, Maite Cruzado Barrenechea, Mikel Durán Gonzalo, María Jesús Egido Moreno, Susana García Chueca, Rafaela Romero Pozo eta Lore Suárez Linazasoro.

PP: Juan Carlos Cano Aristoy, Mª Asuncion Guerra Alonso, Iñigo Manrique Cía eta José María Murguiondo Casa.

IRPHa Batzar Nagusietan, berriro

alertalaranja

Bihar, azaroak 6, Gipuzkoako Batzar Nagusien plenoan IRPHaren desagertzea aztertuko da. Aurrez, irailaren 23an zen aztertzekoa gai hau, PSE-k aurkezturiko ebazpen-proposamena zela-eta, baina bertan behera geratu zen PSE-k berak boikota egin baitzion, gu han ginela-eta haserre. PSE-k eta PNV-k erakundetan guri babesa emateaz nazkatuta gaude, gero Kutxa eta Kutxabanken administrazio kontseiluetan guztiz kontrakoa egiten baitute. Gure lepotik farre egin nahi dute baina ez diegu utziko. Horregatik izan ginen han irailaren 23an, eta horregatik izango gara bertan bihar ere.

Oraingoan Bildu eta Aralarren batzarkide taldeek aurkeztu dute ebazpen-proposamena, eta bertan Kutxari eta bere Administrazio Kontseiluari deialdi zuzena egiten zaio. Baita Batzar Nagusiek Kutxan duten ordezkariari, Ion Jauregui Bereziartua jaunari (Beasaingo alkate ohi jeltzalea). Honek Batzar Nagusiaren deiari men egin beharko lioke, Batzar Nagusiak ordezkatzeko baitago Kutxaren kontseiluan.

Gure elkateak Bildu eta Aralar batzarkide taldeen ekimenarekin bat egiten du, eta talde hauekin prentsaurreko partekatua eskeiniko du bihar, azaroak 6, eguerdiko hamabietan Batzar Nagusien Egoitzan. Gainera, Kaleratzeak Stop-eko abokatu den Maite Ortiz ere gurekin izango da, eta Kutxabanken aurkako neurri judizial berriak argitara emango ditu.

Kaltetuok egoitza parean elkarretaratuko gara 11:45tan hasita, eta kutxacar gurekin izango da. Guztiok egon behar dugu bertan. Zatoz zu ere! Azaroaren 1a igaro denez, Kutxak Euribor+%1 aplikatu behar zigun gure kontratuek ezartzen duten bezala. Kutxaren kontratu hauste garbi honen ondorengo lehenengo hitzordua dugu biharkoa. Batzar Nagusien egoitza Miramomen dago, Poliklinikatik gertu. Ikusi kokapena hemen.

 

Astelehenean bai; ostegunean ez – PNV eta PSE Kutxan

consejo26sept

Pasa den astean PSE eta PNVren hipokrisia agerian geratu zen. Astelehenean, hilak 23, alderdi hauek Batzar Bagusietan gu “babestu” nahi gintuzten, Kutxari eskatuaz gure kontratuetan aurreikusitako Euribor+%1 berehala aplikatzeko. Eta ostegunean, hilak 26, Kutxaren Administrazio Kontseiluaren bileran guk salatzen duguna gertatu zen berriz ere: alderdi hauen ordezkariek IRPHaren berehalako ordezkatzea baztertzen dute. Hau da, PSE eta PNVk Kutxan jendaurrean defendatzen dutenaren guztiz aurkakoa egiten dute. Hipokritak. Horregatik egon ginen atean, astelehenean Batzar Nagusietan hainbesteko traba egin zien pankartekin. Hemen osteguneko bideo bat.

Gainera, Gara-k argitaraturiko berriaren arabera, badirudi Kutxa IRPHa ahalik eta gehien luzatzen saiatuko dela. Azaroaren 1ean IRPH Cajas behin betiko desagertzen da, baina Kutxak bere aplikazioa hipoteka bakoitzaren hurrengo rebisiora arte luzatu nahi du. Garan esaten den moduan, honek 2013ko urrian rebisaturiko hipoteka bati suposatuko lioke 2014ko urria arte IRPHa ordaintzea, hau da, hirugarren urtez hilero 300 – 400 euro gehiago ordaintzea.

Azaroaren 1ean, IRPH Cajas desagertzean, gure klausulatuan aurreikusiriko baldintza betetzen da Euribor+%1 ordezkoa aplikatzeko. Horregatik Kutxa-k egin nahi duena kontratua ez betetzea litzateke. Kaleratzeak Stop-ekin lankidetzan dabiltzan abokatuak gaia lantzen ari dira dagoeneko.

Batzar Nagusietako gertakariei buruzko gure balorazioa

Astelehenean Batzar Nagusietan PSE-k aurpegia emateari ihes egin ondoren komunikabideak erabili nahi ditu intoxikatzeko, eta ez dugu onartuko.

Hona hemen albistea zenbait komunikabidetan: Berria, El Diario Vasco, El País, Gara, Naiz, Noticias de Gipuzkoa.

Eta behean gure balorazioa, prentsa-ohar moduan. Gure erreakzioaren berri eman duten komunikabideak: El Diario Vasco, Finanzas, Noticias de Gipuzkoa.

IRPHaren KALTETUOK PSE ETA PNVren FALTSUKERIA ETA MANIPULAZIOA SALATZEN DITUGU

Gipuzkoako IRPHak kaltetutakoen elkarteak bere gaitzespen osoa adierazten du PSE-k astelehenean, irailak 23, Batzar Nagusietan gertaturikoaren gainean egin nahi duen manipulazioaren gainean.

Hau elkarte apartidista da. Elkartzen gaituen helburu bakarra IRPHarekin akabatzea da, eta bide horretan errudunak eta hipokritak salatuko ditugu.

Astelehenean babesten gaituzten bi batzarkide taldeekin prentsaurrekoa eman genuen, eta gainontzeko taldeen jarrera salatu genuen: PNV, PSE eta PP. Egun horretan, PSE eta PNVk onartuko ez dugun fartsa baten hamaikagarren atala antzezteko asmoa zuten: bi talde hauek jendaurrean babesten gaituzte eta Kutxa-ri eskatzen diote gure ordezkoa aplikatzeko, hau da, Euribor+1. Baina bitartean, Kutxa eta Kutxabank-en administrazio kontseiluetan dituzten kontseilariek guztiz kontrakoa bultzatzen dute.

Ez dugu gure eskaeren zilegitasuna azpimarratuko berriz ere. PSEk Batzar Nagusietan aurkezten zuen ebazpen proposamenari helduko diogu: ados gaude. Idatzi duenari (PSE) eta babestekoa zenari (PNV) eskatzen diegun gauza bakarra jarrera hau Kutxa eta Kutxabank-en kontseiluetan mantentzea da. Gezur gehiagorik ez.

Beraiek dira gure erakundeak kakazten dabiltzanak, benetan erabakiorrak diren foroetan oztopatzen dituzten ekimenak zabaltzeko erabiltzen dituztenean. Beraiek dira Batzar Nagusiak antzokitzat hartu dutenak.

Pankarta bat izan zen mahaitik zutitu eta herritarrongandik ezkutatzeko izan zuten aitzakia. Segurtasun neurriak eskatu dituzte ume-kotxe eta guzti etorri zitzaien familia talde bat dela-eta. Ez dute lotsarik.

Prentsaurrekoa Batzar Nagusietan

bbnn_prentsaurrekoa

Hauxe da gaurko agerraldian aurkeztu dugun testua. Batzar Nagusietan gaur gertaturikoaren gaineko gure balorazioa aurrerago argitaratuko dugu.

Donostia, Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitza, 2013/09/23

IRPHak kaltetutakoen elkartea erakunde apartidista da, eta bertan sentsibilitate politiko desberdinak ditugun kaltetuak elkartzen gara. Gaur Bildu batzarkide taldea eta Talde Mistoa (Aralar) ditugu lagun agerraldi honetan, eta beste taldeen jarrera salatu nahi dugu: EAJ-PNV, PSE-EE-PSOE eta PP. Horretarako arrazoiak jarraian azalduko ditugu.

IRPH Cajas delako indizeari lotuta Kutxa-n hipoteka bat dugunok berri on bat jaso genuen duela bi urte, 2011ko urrian. Bere burua gardentasunerako eta banku-bezeroen defentsarako izendatzen zuen ministerio-agindu batek zera agindu zuen: IRPH Cajas bertan behera utzi beharra zegoela. Momentu horretan Kutxa-k gure kontratuek aurreikusten duten ordezkoa aplikatu behar zigun: Euribor+%1.

Euribor+%1 zen gutxi gora behera IRPH Cajas-en balioa gure hipoteka sinatu genuenean. Baina laister hasi ziren IRPHa puztutzen. Horregatik zen logikoa gardentasunerako agindu batek indize hau indargabetzea. Horregatik zen berri ona indize hau bertan behera uztea. Baina horrexegatik baita ere, Kutxa-k ez dio aplikatzeari utzi nahi. Kaltetuoi hilero 300 – 400 euro gehiago kobratzea dakarrelako.

Gasteizko legebiltzarrak eta Gipuzkoako hainbat udalbatzek iadanik eskatu diote Kutxa-ri kontratua bete eta Euribor+1 aplikatzeko. IRPH Cajas argitaratzen bada, bere desagertzea aurreikusten ez duten hipotekentzat bakarrik da, estatuak ordezko bat ezarri bitartean. Honetan babesa eman digute gaur mahai honetan laguntzen gaituzten talde politikoek eta baita PNV eta PSE-k ere. Eta gaur, ziur aski, Batzar Nagusiek eskaera honekin bat egingo dute.

Baina badago zerbait ulergaitza: nolatan eskatzen diote EH Bildu, PNV eta PSE-k Kutxari IRPH-a berehala kentzea, beraiek direnean Kutxaren Administrazio Kontseiula osatzen dutenak?

Erantzuna erraza da: EH Bildu koalizioa osatzen duten talde eta pertsonak dira hau benetan defendatzen duten bakarrak. PNV eta PSE-k jendaurrean ematen diguten babesa fartsa bat besterik ez da.

Gaur hemen fartsa honen atal berri bat ikusiko dugu. PSE-k aurkeztu duen ebazpen proposamena ia guztiz babestu genezake, eta PNV-ren enmendakinak ere ez du aitzakia handirik. Baina iritsiko da Kutxaren Administrazio Kontseiluaren hurrengo bilera eta, ezer aldatzen ez bada, hipokrita hauek berriz ere guztiz aurkakoa defendatuko dute.

Eta horrela bi urte luzez, hilero hilero 300 – 400 euro gehiago ordaintzen. Kopuru honek, familia askorentzat, odaindu ahal izatea eta ordaindu ezinaren amildegia banatzen ditu.

Orain, bi urteren buruan, PP-ren gobernuak ezarri du azkenik ordezkoa (guri ez digu eragiten, baina guztiz manipulagarria eta kriminala hau ere). Ondorioz, IRPH Cajas azaroaren batean desagertuko da.

Gaur PNV eta PSE-ko batzarkideek erantzun beharreko galderak hauek dira:
gure kontratuak dakarren Euribor+1 berehala aplikatzea bultzatuko dute bai ala ez. Euribor+1 aplikatzea hipotekaren hurrengo rebisiora atzeratu nahi dute, lukurreria edo usura hau hirugarren urte batez luzatuaz, bai ala ez.

Kaltetuok gure kontratuek diotena betetzea besterik ez dugu eskatzen. Eta hori ahalbidetu dezaten deia egiten diegu talde politiko guztiei.