Astelehenean bai; ostegunean ez – PNV eta PSE Kutxan

consejo26sept

Pasa den astean PSE eta PNVren hipokrisia agerian geratu zen. Astelehenean, hilak 23, alderdi hauek Batzar Bagusietan gu “babestu” nahi gintuzten, Kutxari eskatuaz gure kontratuetan aurreikusitako Euribor+%1 berehala aplikatzeko. Eta ostegunean, hilak 26, Kutxaren Administrazio Kontseiluaren bileran guk salatzen duguna gertatu zen berriz ere: alderdi hauen ordezkariek IRPHaren berehalako ordezkatzea baztertzen dute. Hau da, PSE eta PNVk Kutxan jendaurrean defendatzen dutenaren guztiz aurkakoa egiten dute. Hipokritak. Horregatik egon ginen atean, astelehenean Batzar Nagusietan hainbesteko traba egin zien pankartekin. Hemen osteguneko bideo bat.

Gainera, Gara-k argitaraturiko berriaren arabera, badirudi Kutxa IRPHa ahalik eta gehien luzatzen saiatuko dela. Azaroaren 1ean IRPH Cajas behin betiko desagertzen da, baina Kutxak bere aplikazioa hipoteka bakoitzaren hurrengo rebisiora arte luzatu nahi du. Garan esaten den moduan, honek 2013ko urrian rebisaturiko hipoteka bati suposatuko lioke 2014ko urria arte IRPHa ordaintzea, hau da, hirugarren urtez hilero 300 – 400 euro gehiago ordaintzea.

Azaroaren 1ean, IRPH Cajas desagertzean, gure klausulatuan aurreikusiriko baldintza betetzen da Euribor+%1 ordezkoa aplikatzeko. Horregatik Kutxa-k egin nahi duena kontratua ez betetzea litzateke. Kaleratzeak Stop-ekin lankidetzan dabiltzan abokatuak gaia lantzen ari dira dagoeneko.

Joseba Egibar, presaka edo lotsatuta

egbar
Pasa den asteazkeneko bilera/elkarretaratze/manifestazioa bukatzean, Joseba Egibar ikusi genuen Antiguako Batzoki inguruan.

– Joseba, aiba informazio pixka bat
– Bai, bazeukeat.
– Bai, bazekiyat, baina ez dek nabari…

Presaka zebilen gizona, edo agian lotsatu egiten da bere alderdia (barka, Alderdia) mantentzen ari den itxurakeriarekin… Bere argumentuak elkarrizketa labur honetan: bozkatu omen dute gure alde (legebiltzarrean). Guk orduan, zergatik bozkatzen duten guztiz kontrakoa Kutxan eta Kutxabanken, eta bere erantzuna Kutxan guk berak adina eragin dezakegula.

Joseba: ez diagu oso garbi nora jo nahi huen, eta berriz kalean topo egitean galdetu egin beharko diagu. Nahiago baduk, emaiguk hitzordua eta lasai-lasai hitzegingo diagu mahai baten inguruan. Kutxabank-en gehiengo absolutua duzue, eta nahi izanez gero IRPH-arekin gaur bertan amaitu dezakezue. Ez zeukak inongo zentzurik legebiltzarrean eta udaletxetan Kutxa-ri eskakizunak egiten aritzeak… Kutxabank zuek kontrolatzen duzuenean. Utzi itxurakeriak. To, hire egunkari kuttunaren azalpena: “el pacto entre populares y jeltzales posibilitó nombrar a los quince consejeros de Kutxabank” (Deia, 2011/12/30).

Gu hilero hilero 300€ gehiago ordaintzen ari gaituk, eta egunero egunero galdetuko diagu zertan ari zareten.

IRPH Entidades-ek senatuko tramitea igaro du

PP-k IRPH-a duten eta ordezkorik aurreikusten ez duten hipotekei indize manipulagarri eta kriminal bat inposatu nahi die, PSOE-k ongi gorde zuen IRPH Entidades alegia. Irailaren 11n PPren ekimen honek senatuko tramitea igaro zuen, eta orain kongresura itzuliko da BOE-n argitaratu aurretik, ez badugu eragozten.

Bideoan honen kontra hitz egiten dute: IU (estatu mailako plataformaren gutuna irakurriaz), PSOE (orain eskatzen dute berehala Euribor+1 aplikatzea eta ez dute gogoratu nahi beraiek egiteko aukera izan zutela duela 2 urte) eta Amaiur – EH Bildu, gure elkartea aipatuz (Gipuzkoako IRPH-ak kaltetutakoen elkartea) eta PSOE eta PNV-ren hipokrisia salatuz.

Okupatu batzoki bat

okupa PNV-k Kutxabank-en Administrazio Kontseiluaren kontrola dauka, eta ondorioz beraiek dira gure hipotekatan IRPH-a mantentzearen errudunak. 2011-ko urrian ministerio-agindu batek IRPH Cajas gardentasun ezagatik bertan behera utzi zuenetik, hilean 300 – 400 euro lapurtzen dizkigute, eta erantzule politikoak gure kaleetan lasai-lasai poteatzen jarraitzen dute. Horregatik “Okupatu batzoki bat” egitasmoa abian ajrri dugu, eta gure asteroko bilerak (asteazkena 19:00) ibiltariak izango dira orain. Lehen hizordua: irailak 18, asteazkena, 19:00tan Antiguan, Jose Maria Sert plazan, Carmelo Etxegarai kalearen kantoian. Zatoz, bilera kalean izango da eta era guztiz baketsuan.

PSOE eta PP ere errudunak dira eta bilera ibiltariak alderdi hauei bisita egiteko aukera ez du baztertzen.

IRPH-a Kutxan: mozorroak kanpora!

consejo_res

Pasa den 2013ko uztailaren 29ko Kutxaren Administrazio Kontseiularen bilerak mozorroak kentzeko balio izan zuen.

Bilduk eta DYA elkarteak IRPH-aren araberako hipoteka guztien berehalako berrikustea babestu zuten, aurreikusita dagoen Euribor+%1 aplikatuaz. Gure elkarteak bere esker ona adierazi nahi die bi talde hauei. PNV-ek eta PSOE-k ordea bizkar eman ziguten berriz ere.

EAJ-PNV alderdiak antzeko ekimenei babesa eman die Gasteizko Legebiltzarrean eta Donostiako Udalbatzan besteak beste. Eta Kutxabanken kontrola duenez berehala egin lezake Euribor-era aldatzea borondaterik izan ezkero, baina argi dago ez dela horrela. Aipatzekoa da Zarautzen adibidez Imanol Lasa Zeberio zinegotzi jeltzalea izan zela Kutxabank-i Euribor+%1 berehala aplikatzeko eskatzen dion mozioa aurkeztu eta defendatu zuena. Imanoli eskatzen diogu bere mozioak eskatzen duena bere alderdiak aurrera eramatea lor dezala.

PSOE-PSE-EE alderdiaren kasua ere mingarria da kaltetuontzat.  PSOE-ren gobernu bat izan zen Europak behartuta IRPH-a deuseztu behar zuen ministerio-agindua argitaratu zuena 2011-n.  Baina hain gaizki egin zuen (edo hain ongi, auskalo) non behin-behineko erregimenari atea zabalik utzi zion eta IRPH Entidades delakoa ezabatzea “ahaztu” zuen. Orain udaletxeak IRPH-aren kontrako mozio sinbolikoez betetzen dabiltza, eta gure aspaldiko ezaguna den  Odón Elorza ere gure alde agertu da… baina Kutxaren administrazio kontseilua bezalako foro erabakiorretan IRPH-a defendatzen jarraitzen dute. José Miguel Martín Herrera eta Jacinto Hernández Martín, zuen azalpenen zain gaituzue.

CCOO eta Pixkanaka-k ezin izan zuten botorik eman ez baiziren bileran, baina dirudienez proposamena Kutxabank-en administrazio kontseilura helaraztea adostu zen. Mozorroen jolasari adi jarraituko dugu.