Hauxe da gaurko agerraldian aurkeztu dugun testua. Batzar Nagusietan gaur gertaturikoaren gaineko gure balorazioa aurrerago argitaratuko dugu.
Donostia, Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitza, 2013/09/23
IRPHak kaltetutakoen elkartea erakunde apartidista da, eta bertan sentsibilitate politiko desberdinak ditugun kaltetuak elkartzen gara. Gaur Bildu batzarkide taldea eta Talde Mistoa (Aralar) ditugu lagun agerraldi honetan, eta beste taldeen jarrera salatu nahi dugu: EAJ-PNV, PSE-EE-PSOE eta PP. Horretarako arrazoiak jarraian azalduko ditugu.
IRPH Cajas delako indizeari lotuta Kutxa-n hipoteka bat dugunok berri on bat jaso genuen duela bi urte, 2011ko urrian. Bere burua gardentasunerako eta banku-bezeroen defentsarako izendatzen zuen ministerio-agindu batek zera agindu zuen: IRPH Cajas bertan behera utzi beharra zegoela. Momentu horretan Kutxa-k gure kontratuek aurreikusten duten ordezkoa aplikatu behar zigun: Euribor+%1.
Euribor+%1 zen gutxi gora behera IRPH Cajas-en balioa gure hipoteka sinatu genuenean. Baina laister hasi ziren IRPHa puztutzen. Horregatik zen logikoa gardentasunerako agindu batek indize hau indargabetzea. Horregatik zen berri ona indize hau bertan behera uztea. Baina horrexegatik baita ere, Kutxa-k ez dio aplikatzeari utzi nahi. Kaltetuoi hilero 300 – 400 euro gehiago kobratzea dakarrelako.
Gasteizko legebiltzarrak eta Gipuzkoako hainbat udalbatzek iadanik eskatu diote Kutxa-ri kontratua bete eta Euribor+1 aplikatzeko. IRPH Cajas argitaratzen bada, bere desagertzea aurreikusten ez duten hipotekentzat bakarrik da, estatuak ordezko bat ezarri bitartean. Honetan babesa eman digute gaur mahai honetan laguntzen gaituzten talde politikoek eta baita PNV eta PSE-k ere. Eta gaur, ziur aski, Batzar Nagusiek eskaera honekin bat egingo dute.
Baina badago zerbait ulergaitza: nolatan eskatzen diote EH Bildu, PNV eta PSE-k Kutxari IRPH-a berehala kentzea, beraiek direnean Kutxaren Administrazio Kontseiula osatzen dutenak?
Erantzuna erraza da: EH Bildu koalizioa osatzen duten talde eta pertsonak dira hau benetan defendatzen duten bakarrak. PNV eta PSE-k jendaurrean ematen diguten babesa fartsa bat besterik ez da.
Gaur hemen fartsa honen atal berri bat ikusiko dugu. PSE-k aurkeztu duen ebazpen proposamena ia guztiz babestu genezake, eta PNV-ren enmendakinak ere ez du aitzakia handirik. Baina iritsiko da Kutxaren Administrazio Kontseiluaren hurrengo bilera eta, ezer aldatzen ez bada, hipokrita hauek berriz ere guztiz aurkakoa defendatuko dute.
Eta horrela bi urte luzez, hilero hilero 300 – 400 euro gehiago ordaintzen. Kopuru honek, familia askorentzat, odaindu ahal izatea eta ordaindu ezinaren amildegia banatzen ditu.
Orain, bi urteren buruan, PP-ren gobernuak ezarri du azkenik ordezkoa (guri ez digu eragiten, baina guztiz manipulagarria eta kriminala hau ere). Ondorioz, IRPH Cajas azaroaren batean desagertuko da.
Gaur PNV eta PSE-ko batzarkideek erantzun beharreko galderak hauek dira:
gure kontratuak dakarren Euribor+1 berehala aplikatzea bultzatuko dute bai ala ez. Euribor+1 aplikatzea hipotekaren hurrengo rebisiora atzeratu nahi dute, lukurreria edo usura hau hirugarren urte batez luzatuaz, bai ala ez.
Kaltetuok gure kontratuek diotena betetzea besterik ez dugu eskatzen. Eta hori ahalbidetu dezaten deia egiten diegu talde politiko guztiei.