IRPH-a Salvados-en

2018ko abenduaren 23an Jordi Évoleren Salvados saioak tarte bat eskaini zion IRPHaren gaiari. Arazo honi buruzko informazioa eskatuz Salvados-eko lantaldea IRPH Stop Gipuzkoarekin kontaktuan jarri ondoren Marcos Guerreiro izan zen kaltedun guztion izenean aurpegia eman zuena. Gure aldetik ahalik eta egokien azaldu genien IRPHaren arazoa, Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuekin harremanetan jarri genituen eta estatu guztiko zenbait kaltedunen kontaktuak eman genizkien. Marcos izan zen elkarrizketa grabatzeko aukeratua, eta emaitzak aurretik ere bagenekien zerbait baieztatzen du: Marcosek urrea balio du eta gure artean edukitzea zorte handia da guretzat.

Marcosek Jordi Évolerekin grabatu zituen hiru orduak ordu laurden eskasan gelditu dira eta gehiagorako gogoz geratu gaitezke agian, baina Salvados bezalako saio lider batek tarte bat eskaini izana aurrekaririk gabeko urratsa da guretzat.

Goian duzu Marcosen agerraldiaren zati bat. Osorik ikusi nahi baduzu saio osoaren bideoa ireki eta 21. minutura jo dezakezu.

IRPH-aren Salvados saioa gero eta gertuago

Aurreratu genuen bezala, igandean 21:25tan Salvados saioak IRPHari tarte bat egingo dio. Eta itxaronaldia arintzeko, saioaren IRPHari buruzko txio bat dugu, eta baita Marcos Guerreiro-ri Ser irratian egindako elkarrizketa bat ere.

IRPHa Salvados saioan, Jordi Évolerekin

Jordi Évoleren Salvados saioak banketxeen gehiegikerien inguruko programa bat emango du datorren igandean, abenduak 23, eta IRPHak tarte bat izango du bertan.

Jordi Évoleren taldea IRPH Stop Gipuzkoarekin harremanetan jarri zen eta IRPHaren inguruan jakin-min handia erakutsi zigun. Guk ahal genuen informazio guztia eman genien, eta Maite Ortiz eta José Mari Erauskinekin harremanetan jarri genituen gainera. Abokatu hauek IRPHaren aurkako epaitegietako borrokan aitzindari dira eta modu boluntarioan laguntzen digute, eta arazoaren ikuspegi zabalagoa eman zieten Éveloren taldekoei.

Salvados saioak kalteturiko pertsonen testigantzak nahi zituen programarako, eta gure plataformako eta Gipuzkoatik kanpoko zenbait lagunen kontaktua eman genien. Salvados-en taldeak aukeratu duena Marcos Guerreiro izan da, eta badakigu oso ongi egingo duena. Marcos borrokalari nekaezina da, eta bere familiarekin batera ia bakardadean hasi behar izan zuen IRPHaren aurkako borroka bere herrian, Galizian, eta bere mailegutik abusuzko klausula mordo bat baliogabetzea lortu du. Saioa ez da IRPHra mugatuko eta Marcosek bere maileguan dauden abusuzko klausula guztien berri eman ahal izango du, baina IRPHaren auzian sakontzen saiatuko da.

Izatez saioa dagoeneko grabatuta dago, Marcos elkarrizketarekin gustura dago eta saioa prestatzen duen taldearen lana ezagututa uste dugu emaitza oso ona izango dela.

Bozgorailu itzela izango da IRPHaren kaltedun guztiontzat. Izan ere, estatu mailan entzuleria handienetarikoa duen saioa da Salvados, eta sekula lortu dugun agerpen handienetarikoa izango da ziur aski. Azpimarratzekoa da asko kostatu zaigula honaino iristea… jadanik 5 urte baino gehiago igaro dira webgune honetan bertan Salvados saioan IRPHaz hitz egin zezaten gure lehen kanpaina abian jarri genuela. Itxaronaldi luzea izan da, baina ziur gaude pena merezi izan duela.

Beraz ez ahaztu: abenduaren 23an, igandearekin, gaueko 21:25-etan jarri la Sexta eta ikusi nola ordezkatzen gaituen Marcos Guerreirok Salvados saioan, Jordi Évolerekin. Hemen duzu programaren aurrerapen bat: