Batzar Nagusietako gertakariei buruzko gure balorazioa

Astelehenean Batzar Nagusietan PSE-k aurpegia emateari ihes egin ondoren komunikabideak erabili nahi ditu intoxikatzeko, eta ez dugu onartuko.

Hona hemen albistea zenbait komunikabidetan: Berria, El Diario Vasco, El País, Gara, Naiz, Noticias de Gipuzkoa.

Eta behean gure balorazioa, prentsa-ohar moduan. Gure erreakzioaren berri eman duten komunikabideak: El Diario Vasco, Finanzas, Noticias de Gipuzkoa.

IRPHaren KALTETUOK PSE ETA PNVren FALTSUKERIA ETA MANIPULAZIOA SALATZEN DITUGU

Gipuzkoako IRPHak kaltetutakoen elkarteak bere gaitzespen osoa adierazten du PSE-k astelehenean, irailak 23, Batzar Nagusietan gertaturikoaren gainean egin nahi duen manipulazioaren gainean.

Hau elkarte apartidista da. Elkartzen gaituen helburu bakarra IRPHarekin akabatzea da, eta bide horretan errudunak eta hipokritak salatuko ditugu.

Astelehenean babesten gaituzten bi batzarkide taldeekin prentsaurrekoa eman genuen, eta gainontzeko taldeen jarrera salatu genuen: PNV, PSE eta PP. Egun horretan, PSE eta PNVk onartuko ez dugun fartsa baten hamaikagarren atala antzezteko asmoa zuten: bi talde hauek jendaurrean babesten gaituzte eta Kutxa-ri eskatzen diote gure ordezkoa aplikatzeko, hau da, Euribor+1. Baina bitartean, Kutxa eta Kutxabank-en administrazio kontseiluetan dituzten kontseilariek guztiz kontrakoa bultzatzen dute.

Ez dugu gure eskaeren zilegitasuna azpimarratuko berriz ere. PSEk Batzar Nagusietan aurkezten zuen ebazpen proposamenari helduko diogu: ados gaude. Idatzi duenari (PSE) eta babestekoa zenari (PNV) eskatzen diegun gauza bakarra jarrera hau Kutxa eta Kutxabank-en kontseiluetan mantentzea da. Gezur gehiagorik ez.

Beraiek dira gure erakundeak kakazten dabiltzanak, benetan erabakiorrak diren foroetan oztopatzen dituzten ekimenak zabaltzeko erabiltzen dituztenean. Beraiek dira Batzar Nagusiak antzokitzat hartu dutenak.

Pankarta bat izan zen mahaitik zutitu eta herritarrongandik ezkutatzeko izan zuten aitzakia. Segurtasun neurriak eskatu dituzte ume-kotxe eta guzti etorri zitzaien familia talde bat dela-eta. Ez dute lotsarik.