Martin Garitano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak harrera egin dio gaur IRPHaren Kaltedunen Elkartearen ordezkaritza bati, eta bere elkartasuna eta babesa adierazi dizkigu. Gainera, esan du arazoa ekiditea borondate kontua dela.
Elkarte honen ordezkarien artean Lorena izan da, Kutxaren esku babes ofizialeko etxebizitza galdu duen kalteduna. Kutxak haseran oso baxua zen zorra puztu zuen IRPHa eta komisio izugarrien bitartez. Komisio horiek baliogabetuak izan dira epaitegietan, abusuzkoak direlako. Orain Lorena, Elkarte honen eta Kaleratzeak Stop-en laguntzaz, IRPHa aplikatzea ere abusuzko klausulatzat joa izatearen alde borrokan dabil. Gaur bertan eman du aditzera IRPH aplikatzeagatik Kutxaren aurka aurkeztu duen salaketa tramitera onartua izan dela. Ada Colau beraren elkartasuna jaso zuen Lorenak orain dela gutxi. Ada Donostiara etorri zen espreski, Kutxaren aurka arrazoi berdinengatik aurkezturiko beste salaketa baten aurretiko bistan babesa ematera.
Gure ordezkariek berriz ere salatu dute PNV eta PSEk Batzar Nagusitan onarturikoa ez dutela Kutxaren Administrazio Kontseiluan babesten, eta diputatu nagusiaren esku-hartzea galdegin dute, gipuzkoar guztion eta Kutxaren sortzaileetako bat den erakundearen ordezkari gisa, entitate honek IRPHa aplikatu ez dezan.
Ikusi berri hemen: Aldundiaren prentsa-bulegoa, El Diario Vasco, Gara-Naiz, Noticias de Gipuzkoa, Europa Press, Cadena Ser.