Kutxaren aurkako 30 salaketa berri jarri ditugu IRPH aplikatzeagatik

30 familia gipuzkoar, hipotekan IRPH indizea izatearen kaltedun eta IRPH Stop plataforman elkartuta, Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegira etorri gara gaur eta 30 salaketa jarri ditugu.

IRPHa gardentasunik gabeko erreferentzia indizea da, eta bere kalkuluan irregulartasunak ditu. Kutxak indize hau aplikatzen jarraitu du, hainbat erakundetatik jaso duen mandatuari entzungor eginez: Gipuzkoako 20tik gora udalbatza, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Eusko Legebiltzarra, Donostiako udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia besteak beste. Guztiek IRPH aplikatzeari utzi eta eskrituratan adosturiko Euribor+%1 ordezkoa aplikatzeko eskatu zioten. Baina Kutxak eskaera hauei guztiei muzin egin eta gaur egun oraindik ere IRPH Cajas aplikatzen du, pasa den 2013ko azaroaren 1ean guztiz desagertu bazen ere.

Testuinguru honetan, berriki Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak guztiz onetsi du gure plataformako kide den familia baten salaketa, eta IRPH indizearen aplikazioa bertan behera utzi du euren maileguan. Epaiak ebatzi du banketxeek IRPHaren balioan eragin dezaketela eta Euribor-a baino kaltegarriagoa dela kontsumitzailearentzat, eta bere aplikazioa bertan behera utzi du abusuzko klausulen inguruko 93/13/CEE europar zuzentaraua oinarri hartuta. Ondorioz, Kutxa Euribor+%1 atzerako eraginez aplikatzera zigortua izan da, IRPHaren arabera ordainduriko guztia berriz kalkulatu eta gehiegikeriaz kobratu dituen interesak itzuliaz.

Ikusirik Kutxabank ez dela epai hau onartzeko prest agertu, gaurko 30 salaketak jartzea erabaki dugu, iruzur honekin amaitzeko dugun borondatea irmoa dela erakusteko.

Eta salaketak jarri ondoren agerraldi honetara gatoz abusu hau Kutxa eta Kutxabank kudeatzen dituzten arduradun politikoek onartu eta bultzatua dela gizarteari gogoraraztera. IRPH Stop plataformak, Kaleratzeak Stop elkartearekin batera prestaturiko idatzi baten bidez, honako aldarrikapenak helarazi dizkie Kutxaren administrazio kontseiluko kideei:

1. Epaiari helegiterik ez jartzea.
2. Epaia berehala aplikatua izatea, Euribor+%1 atzerako eraginez aplikatu eta gehiegikeriaz kobraturikoak itzuliaz.
3. Neurri hauek IRPHaren edozein aldaeraren kaltedun diren Kutxabank-en bezero guztiei aplikatzea.

Eskaera hauek ez onartzea Kutxabank-ek agertu nahi duen erantzunkizun sozialaren aurka joatea litzateke. Erabat antisoziala litzateke, herritarrak euren eskubideen defentsan epaitegietara jotzera behartuko bailituzke.

Eta guztiz antisistema litzateke gainera, justizia administrazioa Kutxabank-en aurkako salaketekin kolapsatuko bailuke. Izan ere, gaur 30 familia izan gara, baina bihar 300 edo 3.000 izan gaitezke, Gipuzkoan IRPHaren kaltedun izan daitezken 10.000 familiatara iritsi arte.

Kutxaren administrazio kontseiluko kideei gai hau maiatzaren 29an ospatuko duten bileran bozkatzeko eskatu zaie, eta kontseilariei zuzenduriko idatzia euren alderdi politiko eta sindikatuen zuzendaritzei ere igorri diegu. Erantzunkizunerako deia luzatzen diegu berriz ere.

Orain arte, Kutxaren administrazio kontseiluan EH Bildu koalizioaren ordezkariek bakarrik egin dute IRPHaren aurka, eta PNV, PSE, PP, CCOO eta Pixnakaka-ren ordezkariek aktiboki defendatu dute abusuzko indize hau. Berriki ezagutu den epaiaren ondoren, kontseilari hauei jarrera aldaketa bat eskatzen diegu.

Bestalde, salatu nahi dugu estatu espainiarrak ez duela betetzen 93/13/CEE europar zuzentaraua, ez baitu kontsumitzaileekin egiten diren kontratuetan abusuzko klausularik ez egotea zaintzen. Ondorioz, gaur epaitegietara etorri eta tasa judizialak ordaintzera behartu gaitu, Kaleratzeak Stop-eko abokatu eta prokuradoreek musutruk ematen diguten laguntzarekin.

Amaitzeko, estatu espainiarrari exijitzen diogu IRPHaren aldaera guztiak behingoz baliogabetzeko, guztientzat ordezko bezala Euribor-a ezarriz, gehienez %1ekoa izango den diferentzial batekin eta atzerako eraginez. Modu honetan estatu mailan milioi batetik gora familia kaltetzen dituen iruzurra amaituko litzateke.

Ikusi berri hau komunikabide hauetan:

Ohar garrantzitsua gure abokatuen inguruan

Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiaren 156/14 epaia ezagutzera eman ondoren, non gure elkarteko familia baten salaketa guztiz onetsia izan zen eta mailegu batetan IRPHa baliogabetu duen lehen epaia izaki, garrantzi honetako berri batek sortzea espero zatekeen iskanbila sortu da.

Abokatu-bufete profesional askok epaiaren balorazioa egin dute medio eta sare sozial desberdinak erabiliz, eta kaltedunei euren zerbitzu profesionalak eskeiniaz. Ez dugu inolako eragozpenik. Baina ikusi dugu nola, horrelako publizitate uholdearen ondorioz, zenbait sare sozialetan kaltedun batzuk dioten gu laguntzen gaituzten abokatuak horietako bufete batzuetan egiten dutela lan, eta hori ez da egia. Inolako gaizki-ulerturik egon ez dadin, ondorengo puntuak argi utzi nahi genituzke:
Jarraitu irakurtzen

Kutxaren administrazio kontseiluko kideei

140519_encab_carta

Idatzi hau bidali diegu:

Gipuzkoako IRPH Stop eta Kaleratzeak Stop plataformak berriz ere zuengana zuzentzen gara, datorren maiatzaren 29an ospatuko den Kutxaren administrazio kontseiluaren bilera dela eta.

Dakizuenez, orain dela gutxi Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak, bere 156/14 epaiaren bitartez, Kutxaren etxebizitza-mailegu batetan IRPH Cajas indizearen aplikazioa bertan behera utzi du. Epai hori gutun honi atxikita doa, zuen informaziorako.

Epai horrek gure bi plataformek hainbat alditan agerturiko jarrera babesten du. IRPHaren aurkako jarrera hau hainbat erakunde publikok babestu du gainera, eta erakunde horien artean Kutxaren fundatzaile diren erakundeak eta mahai horretan eseritzen zareten batzuk ordezkatzen dituzuen erakundeak daude. Zalantzarik ez dugu zuek guztiok erakunde horiek errespetatzen dituzuela, botere judiziala bezalaxe.

IRPHa erreferentzia indize nabarmenki irregularra eta gardentasunik gabea da, eta horrela frogatzen du IRPH Stop Gipuzkoa plataformak prestatu zuen txostenak. Txosten hori ere atxikita doa, zuen informaziorako.

Bistan denez, IRPHa kontsumitzailearentzat kaltegarria da gainera, eta bere aplikazioa abusuzkoa, goian aipaturiko epaiak ebatzi duen bezala.

Horiek horrela, behean sinatzen dugun bi elkarteok honako eskaerak ditudu Kutxabank eta bere arduradunentzat:

1. Epaiari helegiterik ez jartzea.
2. Epaia berehala aplikatzea, hemendik aurrera Euribor+%1 ordezkoa aplikatuz, eta baita atzerako eraginez orain arte IRPH arabera ordainduriko kuotei ere, bidegabe kobraturiko interesak itzuliaz.
3. Epaiaren aplikazioa IRPHaren edozein aldaeraren kaltedun guzti-guztiei zabaltzea.

Aurkakoa egitea entitate horrek agertu nahi duen erantzunkizun sozialaren aurka jotzea litzateke. Erabat bidegabea litzateke, herritarrak epaitegietara jotzera behartuko bailituzke euren eskubideen defentsan. Eta guztiz antisistema litzateke gainera, Kutxabank-en aurkako salaketek justizia administrazioa kolapsatuko bailukete.

Idatzi honen bidez, eskaera hauek Kutxaren administrazio kontseiluaren bileran eztabaidatuak izan daitezela eta Kutxaren batzar orokorrera eta Kutxabank-en administrazio kontseiluaren bilerara eramatea eskatzen dizuegu. Gainera, Kutxa-ren administrazio kontseiluaren bileran neurri hauek bozkatzeko eskatzen dizuegu:

1. Kutxa-k eskatu diezaiola formalki Kutxabank-i goiko hiru eskaerak onartzea.
2. Kutxa-ren administrazio kontseiluak eman diezaiela Kutxabank-en Kutxa-k dituen ordezkariei, hiru neurri horiek aktiboki babesteko agindua.
3. Kutxa-k abian jartzea helburu hau lortzeko bere esku duen neurri oro.

Adeitasunez,

Gobernuak ez du erantzuten eta IRPHaren gardentasun eza babesten du

1405_respuesta_gob

IRPH Stop plataformak oso larritzat jotzen du Amaiur koalizioak espainiar kongresuan IRPH erreferentzia indizeen kalkuloaren inguruan egin zituen galderei espainiar gobernuak eman dien erantzuna.

Gobernuak, bere ustezko erantzunean, ez dio eginiko hamabost galderetatik bat berari ere erantzuten. Galdera hauek IRPH Stop plataformak prestatu zuen eta IRPHaren kalkuluan dauden irregulartasunak agerian uzten dituen txosten batetan oinarrituta daude. Plataformak ulertzen du modu honetan gobernuak IRPHaren gardentasun gabezia babesten duela.

Gobernuaren idatziak ideia orokor batzuk kopiatzea besterik ez du egiten, eta azpimarragarria da horien artean erreferentzia indizeei eskatzen zaien eta IRPHak betetzen ez duen baldintza bat: “que no sean susceptibles de influencia por la propia entidad en virtud de acuerdos o prácticas conscientemente paralelas con otras entidades”.

Orain dela gutxi ezagutzera eman den Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiaren epaiak, Kutxabanken hipoteka batetan IRPHaren aplikazioa abusuzkoa izateagatik bertan behera utzi zuenak, argi uzten du ez betetze hau, hitzez hitz ondorengoa esaten duenean: “resulta indudable que una de las partes, el prestamista, tiene la posibilidad de influir en el importe del índice tomado como referencia”.

Informazio gehiago: Amaiur koalizioaren galderak eta gobernuaren erantzuna, berria Amaiur koalizioaren webgunean, eta Telecinco eta Europa Press komunikabideetan.

IRPHa Kutxan: eta orain zer?

kutxa_ak

kutxa_ak_zerr

Azkenean epaitegiek arrazoia eman digute, eta Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiak Kutxaren hipoteka batetan IRPHa baliogabetu du, atzerako erainez, abusuzkoa delako. Gure elkartetik, Kaleratzeak Stop plataformarekin batera, Kutxaren Administrazio Kontsiluko kideei eskatu diegu epaia onartzeko, helegiterik ez jartzeko, eta IRPHaren kaltedun guztiei aplikatzeko. Hemen ikus dezakezu prentsa-oharra. Bertan, fede oneko zordunen aldeko neurriak hartzeko ere eskatzen diegu. Eta zer bozkatuko dute orain kontseiluko kideek? Hurrengo bilera hilabete honetan bertan izango da, maiatzean.

EH Bildu-ren zazpi ordezkariek beti babestu dituzte gure aldarrikapenak, eta orain ere halaxe egitea espero dugu.

PP, Donostiako udaletxean edota Batzar Nagusitan egin zuen antzerkitxoa salbu, beti indizie kriminal honen alde egon da, eta ondorioz bere ordezkariaren bozka ezin dugu espero.

PNV-k instituziotan babestu egin gaitu eta IRPHaren aurka hitzegin du askotan, baina adiministrazio kontseiluan beti IRPH mantentzearen alde egin du. Andoni Ortuzar bere presidenteak bozka bikoitz hau onartu zuen telebistan, eta beraz ez gara oso baikorrak beraien botoari dagokionean, nahiz eta hauteskunde kanpainan dauden.

PSE ere, PNV bezalaxe, hipokrita hutsa da gai honetan: jendaurrean IRPHaren aurka egiten dute baina administrazio kontseiluan bere alde bozkatzen dute. Epaia jakin bezain pronto Donostiako alkate ohia den Odón Elorzak Twitter bidez zoriondu gintuen, eta erantzun egin behar izan genion. Espero dugu beraien bozka behingoz aldatu eta euren diskurtsoarekin koherente izatea.
odon_zoriontzen

DYA-ren ordezkariak kargua utzi du, eta Pixkanaka sindikatuak beti egiten du IRPHaren alde.

CCOO sindikatuari dagokionean, orain arte beti defendatu dute IRPHa Kutxaren administrazio kontseiluan. Prentsa-ohar batetan Kutxabank-i eskatu diote epaia onartzeko, baina gezurra esan dute gai hau Kutxaren administrazio kontseiluan ez dela bozkatu esan dutenean. EH Bildu-ren aldetik kontseilari den Ainhoa Beolak eta EH Bildu-k berak erantzun egin zieten Twitter bidez sindikatuari eta bere buruzagi Unai Sordo-ri, eta guk ere bai. Baliteke Kutxak ezin izatea IRPH aplikatzeari uzteko erabakia hartzea, baina Kutxabank-i eska diezaioke, bankuaren %32-aren jabe da-eta. Gainera, Kutxaren administrazio kontseiluak Kutxabank-en administrazio kontseiluan dituen ordezkariei IRPHaren aurka egiteko agindue eman diezaieke. Beraz ez dugu aitzakiarik onartuko. CCOO-k bere prentsa-oharrarekin koherentze izan eta IRPHaren aurka bozkatu behar du Kutxaren administrazio kontseiluan.
twitter_ccoo