Valentzia eta Kantabriako Parlamentuek ere IRPHaren aurka egin dute

valencia-cantabria

Maiatzean zehar beste bi autonomia erkidegotako parlamentuk IRPHaren aurkako ekimenak onartu dituzte: Valentzian (maiatzaren 11an) eta Kantabrian (maiatzaren 16an) izan da.

Valentziako gorteetan PSPV, Compromís eta Podemosen aldeko bozekin eta PP eta Ciudadanos-en abstentzioarekin onartu zen legez besteko proposamena. Bertan Espainiako Gobernuari eskatzen zaio IRPHA bertan behera uzteko berehala, eta indize hau gardentasunik gabea, entitateek eragin dezaketena, kontsumitzaileentzat kaltegarria eta abusuzkoa dela. Gainera, banketxeei eskatzen zaie gehiago ez aplikatzeko, indize horren arabera kobraturiko interes guztiak itzultzeko eta IRPHaren edozein aldaerari loturiko maileguen exekuzioz desjabeturiko etxebizitzak itzultzeko bideak bilatzeko.

Valentzia da gure kalkuluen arabera estatuko bigarren erkidegoa IRPHari loturiko maileguen ehunekoari dagokionean, eta estatuko hirugarrena kopuru osoari erreparatzen badiogu, 189.000 mailegu baino gehiago dituelarik. IRPH Stop Gipuzkoak emandako kopuru hauek erabili zituzten legebiltzarkideek legez besteko proposamena parlamentuan eztabaidatu zenean.

Kantabriako Parlamentuak berriz aho batez onartu zuen IRPH indizearen gaitzespena, eta berehala indargabetzearen alde agertu zen, abusuzkoa, gardentasunik gabea, banketxeek eragin diezaioketena eta kontsumitzaileentzat oso kaltegarria delako. Kantabriako Gobernuari eskatu zitzaion bere esku dituen baliabide guztiak abian jarri ditzala IRPHaren kaltetuen defentsan, eta Europako parlamentu, kontseilu eta komisioari eska diezaiola erreferentzia indizeei buruzko araudi berria IRPHa bezala banku zentralek prestaturiko indizeei ere aplikagarri izatea.

Kantabriako kasuan, 10.000 mailegu baino zerbait gehiago egon daitekeela kalkulatzen dugu.

Bi kasuetan IRPH Stop Gipuzkoak Gasteizko Legebiltzarrari proposaturiko testuan oinarrituriko ekimenak izan dira, eta beraz oso pozik gaude. Espero dugu estatuko beste erkidegotara ere zabaltzea ekimena.