Zenbaki gorrien inguruko komisioak direla eta

DOZENAKA DIRA KUTXABANKen POSIZIO ZORDUNEN GALDEGITEAREN KOMISIOA INDARGABETU ETA BANKETXEA KOBRATURIKO DIRU GUZTIA ITZULTZERA ZIGORTU DUTEN BIGARREN INSTANTZIAKO EPAI IRMOAK

Donostia, 2017-1-12

Gaur jakin da Arabako Probintzia Auzitegiak berretsi egin duela Gasteizko Merkataritza Arloko 1 Zenbakidun Epaitegiak Kutxabankek bere bezeroei zenbaki gorritan gelditzen direnean kobratzen dien komisioa kentzera derrigortzen zuen epaia. IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik balorazio baikorra egiten dugu, eta Kutxabankek Espainiako Auzitegi Gorenean jarri behar omen duen helegitea bertan behera uztea espero dugu.

Gogorarazi nahi dugu aurrez ere badirela dozenaka epai, bigarren instantzian baieztatu ondoren irmoak direnak, Kutxabank komisio hau kentzera zigortu eta gainera kobraturiko dirua itzultzera derrigortu dutenak (gaur ezaguturiko epaiak ez bezala).

Epai horien artean daude gure plataformak Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuen lan boluntarioarekin lorturiko berrogei. Izan ere, 2014ko maiatzean IRPHaren aurka aurkeztu genituen berrogei salaketek posizio zordunen galdegitearen komisioak bertan behera uztea ere eskatzen zuten. Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiak arrazoia eman zigun, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak zigorrak berretsi zituen. Ondorioz, Kutxabankek gure maileguen bizitza osoan zehar kobraturiko komisio guztiak itzuli behar izan zizkigun.

Ezaguna da beraz hau abusuzko klausula bat dela, baina Kutxabankek berdin-berdin aplikatzen die hilero euren mailegua ordaintzeko orduan atzeratu egiten diren milaka familiei. Komisioa aplikatzen jarraitzen badu egunean mila euroko isuna ordaintzea huskeria da Kutxabankentzat: egunean milioi bat euroko diru sarrera du komisiotan, bere kontuen arabera.

Berdina gertatzen da Kutxabankek aplikatzen duen %17 inguruko berandutze interesarekin: abusuzko klausula da hau ere, baina aplikatzen jarraitzen dute epaitegietara jotzen ez duten bezero guztiei. Garai batean gure aurrezki kutxak izan ziren horien usteltze prozesu nazkagarriaren adierazgarriak dira.

PNV, PSE-EE eta PPri exijitzen diegu Kutxabankek administrazio kontseiluan duten kontrolaren bitartez derrigortu dezatela Kutxabank abusuzko komisio hauek ez aplikatzera eta kobraturiko guztiak itzultzera. Gainera, PNV eta PSE-EEri exijitzen diegu Lakuako gobernutik Kontsumobide abian jar dezatela beste banketxe guztiak ere derrigortzeko. Edo gai honetan ere Europako epaitegi batek argitu arte jarraitu behar dute kontsumitzaileek abusua jasaten?

One thought on “Zenbaki gorrien inguruko komisioak direla eta

  1. Tengo hipoteca con kutxa de hace 11 años y me cobran por tarjeta de debito,mantenimiento un pro medio de 20,30 ,euros por año .pois nada un saludo gracias

Comments are closed.