IRPHa baliogabetzen duten epai berriak Bartzelona, Valentzia, Castellón eta Huelvan

justicia_irph_multi

IRPH abusuzko indizearen aurkako garaipen judizialak etengabeak dira. Azken asteetan Bartzelona, Valentzia, Castellón eta Huelvan ebatzi diren epaiak jaso ditugu, eta webgune honetako Epaitegiak atalean zintzilikatu ditugu, bertan ikusteko aukera duzularik.

IRPHa baliogabetuz estatu osoko Merkataritza Arloko epaitegiak ebazten ari diren epaiak IRPH Stop Gipuzkoa taldeak bere abokatu Maite Ortiz eta José María Erauskinekin Donostiako Merkataritzako arloko epaitegian lortutako lehen epaietan oinarritzen dira. Epai haiek Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak bertan behera utzi zituen, eta beraz epai berri hauek Gipuzkoako Auzitegiaren irizpidearen aurka egitera datoz argi eta garbi, Auzitegi hori erabateko bakardadean dagoelarik IRPHaren babesean.

Azpimarratzekoa da Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak ez bezala Arabakoak bai, berretsi egin zuela IRPHaren aurkako epai bat, Ortiz eta Erauskinek lortua hau ere. Epaia Probintzia Auzitegi batek IRPHaren aurka ebatziriko lehena da, eta Kutxabankek helegitea aurkeztu eta Espainiako Auzitegi Gorenera jo du.

Kutxabank eskoletatik kanpora!

K_eskoletatik_kanpora_tx

EAEko KALERATZEAK STOP ETA IRPH STOP ELKARTEOK KUTXABANKek DBHko IKASLEEI EMATEN DIZKIEN IKASTAROAK BERTAN BEHERA UZTEA EZIJITZEN DUGU

Donostia, 2016-5-23

Kaleratzeak Stop Araba, PAH Bizkaia Kaleratzerik Ez eta Kaleratzeak Stop Gipuzkoa plataformek, IRPH Stop Gipuzkoa-rekin batera, Kutxabank eskoletatik botatzea exijitzen dugu. Bankuak ustez finantza-gaitasunetan trebatzeko den programa bat eskaintzen die Araba, Bizkai eta Gipuzkoako DBHko ikasleei, “finantzak bizitzeko” izenarekin, eskola orduetan eta eskoletan bertan. Guztiz onartezina da banku honi ikastetxeetara sartzen uztea, eta EAEko Gobernuaren Hezkuntza Sailari exijitzen diogu berehala bota dezala.

Kutxabank da gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan etxegabetze gehien egiten dituen bankua eta Gasteizko Legebiltzarretik jaso dituen agindu zuzenei muzin egin die behin baino gehiagotan, adibidez IRPHari dagokionean. Gainera, epaitegietan hainbat aldiz zigortua izan da, kasu batzuetan iruzur egiteko borondate nabarmena izan duela frogatuta geratu delarik.

Ezin larriagoak diren gertakari horiez gain, Kutxabankek egunero-egunero abusuzko praktikak egiten ditu milaka herritarren aurka. Adibidez, posizio zordunak galdegiteko komisioa aplikatzean. Hogeita hamar euro inguruko komisio hau milaka familiek ordaindu behar izaten dute, maileguaren hilerokoa ordaintzean atzeratzen badira. Dozenaka aldiz baliogabetua izan da epai irmoen bidez, abusuzkoa delako, baina Kutxabankek eutsi egiten dio. Berdin gertatzen da mailegua ordaindu ezinik dabiltzan familien zorra abiadura ikaragarrian handitzen dien %15 inguruko berandutze-interesekin. Biak ere abusuzko klausulak dira, baina kaltetuek ez badute epaitegietara jotzen Kutxabankek aplikatu egiten dizkie, eta beraz jarrera desegoki eta gaitzesgarria mantentzen du. Hauxe da hiztegiak krimen bezala definitzen duena, eta beraz aurrean duguna erakunde kriminal bat da, eskoletara sartzea lortu duena. Berehala kaleratua izan dadila exijitzen dugu.

Hezkuntza sailak ikasleak finantza-gaitasunetan trebatu nahi baldin baditu, itxaron zerrendatako ekonomia irakasleengana, banka etikoaren ordezkariengana edota Kaleratzeak Stop-eko boluntarioengana jo dezake.

Valentzia eta Kantabriako Parlamentuek ere IRPHaren aurka egin dute

valencia-cantabria

Maiatzean zehar beste bi autonomia erkidegotako parlamentuk IRPHaren aurkako ekimenak onartu dituzte: Valentzian (maiatzaren 11an) eta Kantabrian (maiatzaren 16an) izan da.

Valentziako gorteetan PSPV, Compromís eta Podemosen aldeko bozekin eta PP eta Ciudadanos-en abstentzioarekin onartu zen legez besteko proposamena. Bertan Espainiako Gobernuari eskatzen zaio IRPHA bertan behera uzteko berehala, eta indize hau gardentasunik gabea, entitateek eragin dezaketena, kontsumitzaileentzat kaltegarria eta abusuzkoa dela. Gainera, banketxeei eskatzen zaie gehiago ez aplikatzeko, indize horren arabera kobraturiko interes guztiak itzultzeko eta IRPHaren edozein aldaerari loturiko maileguen exekuzioz desjabeturiko etxebizitzak itzultzeko bideak bilatzeko.

Valentzia da gure kalkuluen arabera estatuko bigarren erkidegoa IRPHari loturiko maileguen ehunekoari dagokionean, eta estatuko hirugarrena kopuru osoari erreparatzen badiogu, 189.000 mailegu baino gehiago dituelarik. IRPH Stop Gipuzkoak emandako kopuru hauek erabili zituzten legebiltzarkideek legez besteko proposamena parlamentuan eztabaidatu zenean.

Kantabriako Parlamentuak berriz aho batez onartu zuen IRPH indizearen gaitzespena, eta berehala indargabetzearen alde agertu zen, abusuzkoa, gardentasunik gabea, banketxeek eragin diezaioketena eta kontsumitzaileentzat oso kaltegarria delako. Kantabriako Gobernuari eskatu zitzaion bere esku dituen baliabide guztiak abian jarri ditzala IRPHaren kaltetuen defentsan, eta Europako parlamentu, kontseilu eta komisioari eska diezaiola erreferentzia indizeei buruzko araudi berria IRPHa bezala banku zentralek prestaturiko indizeei ere aplikagarri izatea.

Kantabriako kasuan, 10.000 mailegu baino zerbait gehiago egon daitekeela kalkulatzen dugu.

Bi kasuetan IRPH Stop Gipuzkoak Gasteizko Legebiltzarrari proposaturiko testuan oinarrituriko ekimenak izan dira, eta beraz oso pozik gaude. Espero dugu estatuko beste erkidegotara ere zabaltzea ekimena.

Sergio Carreño IRPHaren aurka: ¡sí que es pot!

sergi

Sergio Carreño IRPHaren aurka borrokan dabilen adiskide katalana dugu. IRPHarekin iruzurra egin zion eta etxea kendu nahi dioen BBVAren aurka dabil, eta egunero jartzen da bulegoaren aurrean. Bertan IRPHaren iruzurraren inguruko informazioa banatzen du, askotan gure plataformaren kamixeta soinean duela. Borrokalari itzela da eta Donostian izan zen guri babesa ematen IRPH Entidades-en aurkako lehen salaketan.

Sergioren borroka ez da BBVAren aurka eta bere etxearen defentsan bakarrik: Sergiok estatuan 1.3 miliotik gora garen kaltetu guztien alde dihardu jo ta ke, eta horregatik eman nahi diogu gure esker ona eta gure babesa. ¡Sí que es pot!

Marcos Guerreiro IRPHaren aurka: ¡si se pode!

Marcos Guerreiro IRPHaren aurka borrokan dabilen adiskide galiziarra dugu. Iruzurra egin zion UCIren aurka dabil, eta salaketa aurkeztu du bere aurka. Maiatzaren 30an izango da epaiketa, bankuak berriz ere atzeratze bat lortzen ez badu behintzat.

Baina Marcosen borroka ez da UCIren aurka bakarrik eta ez da bere mailegura mugatzen: Marcoesk estatuan 1.3 miliotik gora garen kaltetu guztien alde dihardu jo ta ke, eta horregatik eman nahi diogu gure esker ona eta gure babesa. ¡Si se pode!