Catalunyako herriaren defendatzaileak IRPHa bertan behera uzteko eskatu du

150915_sindic

Rafael Ribó, Catalunyako pertsonen defendatzaile edo Síndic de Greuges delakoak IRPHaren inguruan prestatu duen txostena aurkeztu du Catalunyako Parlamentean. Bere txostenean, indize hauek bertan behera uztea proposatzen du.

PAH elkarteak hala eskatuta eta IRPHa abusuzkotzat jota baliogabetu duten epai kopuru handia ikusita hasi zuen ikerketa Síndic-ak «bere legezkotasunaren inguruan zentzuzko zalantzak» sortu eta etxebizitza eskubideari eragiten dion indizearen gainean. Ikerketa horren ondorio bezala argitaratu du txostena, Síndic de Greuges delakoaren webgunean eskuragarri dagoena.

Dokumentu horretan IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen IRPH Txostenak aspaldi argitara eman zituen irregulartasunak jasotzen dira: entitateek indizearen emaitzan eragina izan dezaketela, batez besteko sinplea izaki eskaintza-eskariaren legeak ez diola eragiten edota kalkuluan erabiltzen diren datuak ez direla argitaratzen salatzen du, besteak beste. Síndic-ak berak txostenean jasotzen duen moduan, irregulartasun horiek Espainiako Bankuak berak onartu ditu, José María Erauskin eta Maite Ortizen galdeketa bati erantzunez. San Cugat i Terrassa-ko PAH elkartearen lan baten ondorioak ere jasotzen ditu txostenak. Bertan azaltzen da banketxeek publizitate iruzurtia erabili zutela IRPHa Euriborra baino egonkorragoa omen zen indize bezala eskaintzean.

Txostenaren ondorioetan pertsonen defendatzailea argi eta garbi mintzatzen da IRPHa indize ofizial bezala bertan behera uzteko eskatzean.

Kaleratzerik gabeko eremuak behar ditugu

Convocatoria_territorios_libres_tx

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako KALERATZEAK STOP DESAHUCIOS eta IRPH STOP elkarteek Udaletxeetan eta EAEko Batzar Nagusietan mozio erregistro kanpaina bat hasia dugu udal eta herrialdeak etxegabetzerik gabeko lurralde deklaratu daitezen. Komunikabideei eta herritarrei honen berri emateko prentsaurrekoa izango duen kontzentrazio batetara deitzen dugu irailaren 9an, asteazkenarekin, 10:30etan bulebarreko kioskoan. Kanpaina honek Kaleratzeen, Pobreziaren eta Berdintasunik ezaren aurkako Dekalogoaren hamargarren puntuaren garapenari erantzuten dio.

Kutxabankeko presidente Gregorio Villalabeitiari gutun irekia

fdez_ta_villalabeitia

Kutxabankeko Lehendakari Villalabeitia jaunari eskutitz irekia Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop eta Gipuzkoako IRPH Stop plataformetatik

Villalabeitia Jauna:

Pasa den asteazkenean, abuztuak 12, komunikabide ezberdinek artikulu bat argitaratu zuten Kutxabank Taldearen Jasangarritasun Memoriaren inguruan. Besteak beste, Kutxabankek azkenaldian “krisiak kaltetutako familia askok euren maileguak ordaindu ahal izan zitzaten eskua zabaldu zuela”, edo “2014an karentzien edo epe-luzapenen bidez 1.420 mailegu hipotekarioren baldintzak malgutu zituela” zioen artikulu honek zure hitzak jasoz.

Adierazpen hauen harira guk badugu zer esaterik, izan ere, gure eguneroko lanean ez dugu artikulu honek helarazten duen baikortasunerako arrazoi handiegirik ikusten.

Lehenik eta behin, ez zaigu harrigarria iruditzen azken urte honetan 1420 familik Kutxabanki etxegabetze arriskuaren aurrean euren maileguen berregiturapenak eskatu izana. Datu honek argi erakusten du familia askorentzat krisiaren mamua arindu ez ezik, betirako desagertzeko gero eta urrunago dagoela. Bigarrenik, logikoa den moduan, artikulu honek ez ditu Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop plataformek baliabiderik gabeko bezeroen defentsan Kutxabanken bulegoen parean azken urteetan buru behar izan dituzten mobilizazioak aipatzen eta, are eta gutxiago, epaitegietan zuk zuzentzen duzun erakundearen maileguetan jasotako klausula abusiboen kontra, batik bat IRPHa bezalako indize manipulagarriarena, jarritako demandak ere. Esaiguzu Kutxabankek zergatik ez duen sekula irtenbide bezalaALOKAIRU SOZIALAREKIN ETXEBIZITZA ORDAINETAN EMATEA onartzen. Ehundaka bezero dira zure erakundeari konponbide hau proposatu diotenak, baina aitzakia ezberdinak tarte, Kutxabankek ez dio bati ere kasu egin nahi izan orain arte. Finantza erakunde gehienak ordainetan ematea onartzen hasi diren bitartean, zuek zarete fede oneko zordunentzat irtenbide hau errefusatzen jarraitzen duzuen gutxienetakoak.

Kapitalaren ordainketen etenaldiei edo maileguaren epe-luzapenei “malgutzea” deitzen diezue zuek, baina irtenbdie hauek adabakiak besterik ez dira fede oneko zordunak itotzen jarraitu ahal izateko. Neurri hauek ez dira sekula doakoak eta kasu askotan, gainera, zorduna jabetu ere egiten ez den bitartean, maileguaren baldintzen aldaketa dakarte beraiekin. Kasinoan bezala, hemen ere bankua irteten da beti garaile.

Bestalde, ondorengo datuak argitaratu edo ezeztatu ditzazun gustatuko litzaiguke.

– Zenbat izan diren krisiak eztanda egin zuenetik etxegabetu dituzuen familiak eta guzti hauetatik zenbaitei aplikatu zizkiezuen %19 baino gehiagoko atzerapen interesak, 2013tik legalki abusuzkoak direnak, hain zuen. Gure ustez, ehundaka edo beharbada milaka izan daitezke familia hauek.

– Zenbat izan diren kuota bakar bat ordaindu ez izateagatik etxegabetu dituzuen familiak eta 2013 urtea baino lehen zenbatetan aprobetxatu zenuten zordunaren etxea bere tasazo balioaren %50gatik erosteko zenuten aukera. Ziur ehundaka edo milaka direla ere.

– Kutxabanken erakunde fundatzaile diren Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, zein Gasteizko Legebiltzarraren, Gipuzkoako Batzar Orokorren eta 20 udaletxeren eskaerei muzin eginda zenbat familiri aplikatu diezuen “IRPH Cajas” delako abusuzko indize manipulagarria eta zenbatei aplikatzen diezuen oraindik orain abusuzkoa eta manipulagarria ere baden “IRPH Entidades” indizea.

– Krisiaren hasieratik zenbat abal-emaile etxegabetu dituzuen euren eskubideen uko-egitea dakarren eta auzitegiek abusuzkoa deklaratu duten klausula baten inposizioari esker.

– 2012ko 6/2012 Errege Dekretupean edo dekretu honetatik kanpo zenbat maileguren berregiturapen adostu eta zenbat etxebizitza jaso dituzuen maileguen ordainketa gisa. Guk dakigula, bat ere ez.

– Kaleratzeak Stop-ek etxebizitzak ordainetan emateak erakunde gehienekin adostu ditu, zuekin izan ezik.

– Etxegabe utzi dituzuen familietatik zenbatek jarraitzen duten gaur egun Kutxabankekin zorra izaten.

– Zenbat mailegu hipotekario transmititu dizkiezuen fondo putreei.

– Kutxabanken Obra Sozialari buruz duzuen ikusmoldea zein den. Obra soziala finantzatzeko baliabideak, Onkologikoarenak kasu, beste batzuen bizitzen kontura eskuratzen badituzue, obra soziala hankamotz gelditzen dela uste dugu guk.

Urteetako borrokari esker Kaleratzeak Stop-ek Kutxabankekin interlokuzioa formaldu eta kasu bakoitzari irtenbidea bilatzeari ekin diogula egia da; baina zuengandik espero duguna, Villalabeitia jauna, bankuen praktika txarren erruz kaltetutako milaka eta milaka familiei irtenbide bideragarri bat eskeintzea da, orain arte erabilitako neurriek antzuak izan direla erakutsi baitute.

PNV eta PSEren erasoari erantzun!

PNV eta PSEren eskutan dagoen Donostiako udalak eraso larria egin du IRPH Stop, Kaleratzeak Stop eta beste eragile batzuen aurka: boulebarreko kioskoan gordeta genuen materiala hustu dute, aurrez ezer esan gabe. Irabazi eta EH Bilduko zinegotziei esker jakin genuen, eta materiala zakarretara botatzea ekidin genuen. PPk, bere aldetik, Twitter bidez burla egin zigun.

PNV, PSE eta PPren eraso honi erantzuteko, elkarretaratzea egingo dugu asteartean, abuztuak 11, goizeko 10:15tan boulebarreko kioskoan. Zatoz!

Kaleratzeak Stop elkartearen komunikatua erasoari erantzunez