IRPHa baliogabetzen duen bigarren epaia

justicia-irph

Mailegu batetan IRPHa baliogabetzen duen bigarren epaia lortu berri dugu. Berriz ere Kutxabanken mailegu bat da, eta entitatea zigortua izan da ordezko indizea (Euribor+1, kontratuak hori zioelako) atzerako eraginez aplikatzera, maileguaren haseratik IRPH Cajas indizearen arabera ordainduriko kuota guztiei, diferentzia kaltetuari itzuliaz. Gure borrokan aurrerapausu itzela da, eta bereziki pozik gaude Lorenak eta bere alabak Kutxabankek kendu zien babes ofizialeko etxebizitza berreskuratu baitezakete.

Hementxe duzu epaia, eta ondorengo hau da argitara eman dugun komunikatua:

KUTXABANKen MAILEGU BATETAN IRPHa BALIOGABETZEN DUEN BIGARREN EPAIA

LORENA ETA ALABAK KUTXABANKek 2.900€ko ZORRAGATIK KENDU ZIEN BABES OFIZIALEKO ETXEBIZITZA BERRESKURATZEA ESPERO DUTE

KALERATZEAK STOP ETA IRPH STOPek ITURBEren DIMISIOA EXIJITZEN DUTE

Donostia, 2014-10-22

Aste honetan ezagutu den Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiaren epai batek Kutxabank zigortu du IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko kide bati IRPH Cajas indizea aplikatzeagatik. Estatu mailan IRPHaren aurkako borrokan garrantzi honetako garaipen bat lortzen den bigarren aldia da.

Aurreko epaia ere IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen talde juridikoak lortu duzen, eta kasu hartan ere maileguaren bizitza osoan zehar IRPHaren arabera bidegabe kobraturiko guztiak atzerako eraginez itzultzera zigortua izan zen Kutxabank. Justiziak kaltedunen aldarrikapena babesten du horrela, IRPHa entitateek moldatu dezaketen indizea eta beraz indarrean dagoen legediaren aurkoa dela onartuaz. Ondorioz, bertan behera geratzen da eta hipotekaren bizitza osoan zehar kobraturiko interesak itzultzea exijitzen da.

Aste honetan ezaguturiko kasuan, salaketa jarri zuena Errenteriako lagun bat da, hipoteka ordaintzean atzeratu eta babes ofizialeko etxebizitza galdu zuena, Kutxabankek kontratua bertan behera utzi baitzuen 2.900€koa besterik ez zen atzerapen baten ondorioz.

Lorenak eta alabak, Kaleratzeak Stop elkartearen laguntzaz, exekuzioaren aurka egin zuten epaitegitan, eta justiziak onartu zuen Kutxabankek gutxienez bi abusuzko klausula aplikatu zituela euren kontratuan: posizio zordunen erreklamazio komisioa eta %17ko berandutze interesak. Kutxabankek, Lorena eta alaba etxegabetzeko grinak itsututa, helegitea jarri zuen, baina Entzutegi Probintzialak epaia berretsi zuen: Kutxabankek aplikaturiko abusuzko klausulak baliogabetuak izan ziren, baina exekuzioa ez zen gelditu.

Lorenak Kutxabanken aurka salaketa jarri zuen IRPHa aplikatzea ere abusuzkoa dela ulertuta, eta justiziak arrazoia eman dio orain. Talde juridikoak 2.900€-ko atzerapena birkalkulatuko du orain. IRPHaren, komisioen eta berandutze interesen eragina kontuan izanik, eta guztiak abusuzkoak direlako baliogabetuak izan direlarik, oso litekeena da Kutxabankek kontratua eten zuenean Lorenak bere maileguaren ordainketan inolako berandutzerik ez izatea.

Horregatik Lorena eta alabak euren etxea berreskuratzea espero dute, Kutxabankek abusuzko klausula hauek guztiak erabiliaz bereganatzeko zalantzarik izan ez zuen babes ofizialeko etxebizitza bat.

Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop elkarteok berri hau ospatzen dugu, eta uste dugu Lorena eta bere alabaren kasua Kutxabankek IRPHaren inguruan egin duen kudeaketa zitalaren adibide garbia dela. Kutxabanki, PNV, PSE eta PPri exijitzen diegu zekenak ez izateko eta helegiterik ez jartzeko, epaia lehenbailehen aplikatuaz eta Lorena eta bere alabari euren etxebizitzaren jabetza itzuliaz.

Gainera, epaiaren aplikazioa IRPHaren aldaera guztien kaltetu guztiei zabaltzea exijitzen dugu, euren maileguen bizitza osoan IRPHaren arabera kobratu zaizkien diru guztiak itzuliaz. Gogoratu behar da IRPH aplikatzeagatik Kutxabanken aurka jarritako 30 salaketatik gora dagoela epaiketaren zain, eta dagoeneko irabazi duten bi salaketa hauen parekoak direla. Kutxabankek amore ematen ez badu, justizia administrazioa bere aurkako milaka salaketarekin kolapsatuko du.

Bestalde, Xabier Iturbek ostiralean ospatuko den Kutxaren Batzar Orokorrean dimisioa eman dezala exijitzen dugu. Bere agindupean bidegabekeria gehiegi egin dira, eta Lorena eta bere alabarekin erabili duten bihozgabekeriak muga guztiak gainditu ditu. Tipo honek ezin du Kutxaren garai berrian buru izaten jarraitu.

Garai berri honetan, Kutxabanken kontrol publiko eta soziala ezinbestekoa da honelako bidegabekeriak berriro gerta ez daitezen. Horretarako, PNV, PSE, PP eta CCOO-k ostiralean Kutxa banku-fundazio bilakatzea ekiditea da lehen urratsa, hobeagoak eta legezkoak diren alternatibak baitaude. Horregatik, ostiralean Kutxaren batzar nagusiaren parean deitu diren mobilizazioetan esku hartzeko dei egiten diogu gizarteari.

Andia kalean egigo den kanpaldian Lorena eta kaltetu gehiago egiongo dira, euren kasuak azaltzen.

Kutxabanken pribatizazioaren aurkako mobilizazioak

urriaren24a

Kutxabanken pribatizazioaren aurkako plataformak mobilizaziorako deia egin du ostiralerako. Gure elkartea plataforma honen barruan dago, eta dei egiten dio gizarteari eta gainontzeko eragileei mobilizazioetan esku hartzera. Hau da plataformaren komunikatua:

Euskal Herrian finantza-sistema Publikoa. Kutxak-Kutxabank pribatizaziorik ez

“Euskal Herrian finantza sistema publikoa, Kutxak-Kutxabank pribatizaziorik ez” plataformak dei egiten die Euskal Kutxak-Kutxabanken bankarizazio eta prekarizazioak kaltetutako sektore guztiei urriaren 24rako antolatu duen akanpada eta kontzentrazio zaratatsuan modu aktiboan parte hartzera. Donostiako Andiak kalean burutuko da akanpada, goizeko 11etatik aurrera eta kontzentrazioa, arratsaldeko hiruretatik aurrera.

Urriaren 24an batzarrak erabakiko du Kutxa banku-fundazio bihurtzea, EAJ, PP, PSE eta CCOOen aldeko botoarekin. Eraldatze honekin Kutxen gaineko kontrol publiko eta soziala erabat galduko da, eta Kutxabank guztiz pribatizatzeko eta akzioak kapital pribatuari saltzeko bidea hasiko da.

Euskal Herrian, 2014ko urriaren 20an

Eragile sozialak: AHT Gelditu Elkarlana – Berri-Otxoak – Bilboko Auzo-Elkarteen Federazioa – Denok lan – Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak – Ezker Gogoa – IRPH Stop – Kontsumitzaile Elkarteak (EKE, UCE, EKA, EHKB, OCUV) – Kutxabank publikoa bilgunea – M15M – REAS (Red de Economía Alternativa y Solidaria) – PAH Kaleratzerik ez! – STOP Desahucios Gasteiz – STOP Desahucios Gipuzkoa.
Sindikatuak: EHNE (primer sector) – HIRU (transportistas autónomos) – ELA – LAB – ESK – STEE/EILAS – CNT

Abal-emaileei inposaturiko baldintzak abusuzkoak dira

141021_avalistas

Agerraldia egin dugu gaur Kaleratzeak Stop elkartearekin batera, eta komunikatu hau argitaratu dugu:

KALERATZEAK STOP ELKARTEAREN ELKARRETARATZEA ABAL-EMAILEEN ESKUBIDEEN DEFENTSAN

HIRU ABAL-EMAILE ETA BERE FAMILIEK LASAI LO EGINGO DUTE AZKENEAN

KALERATZEAK STOP-ek FROGATU DU ABAL-EMAILEEI INPOSATURIKO BALDINTZAK ABUSUZKOAK DIRELA

Donostia, 2014-10-21

Duela gutxi Donostiako Merkataritza-arloko 1. epaitegiak, Kutxabanken aurkako hiru epai eman ditu, non abal-emaileei dagokien klausula baliogabetzat jo duen, abal-emaileak mailegu kontratutik kanpo utziz eta ondorioz euren fidatzaile betebeharretaz aske utziz.

Hiru epai aitzindari hauek, Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop plataformetako talde juridikoak aurkeztutako auzi-eskaeren ondorio izan dira.

Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop plataformetako abokatuek argudiatutako arrazoia, zeina abal-emaileak euren betebeharretatik aske uzten dituzten hiru epaien jatorri izan den, berdina izan da hiru kasuetan: fidatzaileek berezkoak lituzketen eskubideei uko egitearen inposaketa Kutxabank-en partetik.

Eskubide horien uko egitea ez zen kasuz-kasu negoziatu eta beraz erakunde bankarioak inposatua izan zen. Honek kontratuan fiadore bezala parte hartzen zutela uste zuten horiek zordun solidario bilakatu zituen, berez fiadore bezala izango lituzketen eskubideetaz desjabetuz.

Berriro ere engainuaren eta erabateko informazio faltaren bitartez, erakunde bankarioek herritarrak euren eskubideetaz desjabetzen dituzte, kontsumitzaile izateagatik berezkoak dituzten eskubideetaz.

Eskubideei uko egiteko inposaketa eta abusuzko klausulak ohiko praktikak izaten ari dira banketxe eta aurrezki-kutxetan, botere publikoen konplizitatearekin. Baina herritarrak, zordunak eta fede oneko kontsumitzaileak irtenbidea/bidea aurkitzen ari dira: Kaleratzeak Stop plataformak eta horiek eskaintzen dizkieten auzibideak, epaitegi eta auzietara jotzea, kasu honetan eta beste askotan bezala arrazoia eman digutenak.

Hemendik deialdi bat egiten diegu abal-emaile eta fidatzaile guztiei, beraien familiei, plataformekin kontaktuan jar daitezen eta euren eskubideak defendatu ahal ditzaten, krisi finantzario honen benetazko errudunen aurrean: banketxeak, aurrezki kutxak eta euren konplize politikoak.

Gainera, berriro ere salatu nahi dugu estatu espainiarrak ez duela kontsumitzaileek sinatzen dituzten kontratuetan abusuzko klausularik ez egotea bermatzeko duen betebeharra betetzen. Onartezina da herritarrek, Kaleratzeak Stop bezalako elkartetan antolaturik, epaitegietan banketxeei eurre egin behar izatea. Horregatik, epaibide berriak iragartzen ditugun honetan, neurri politikoak ere exijitzen ditugu, abusu honi eta beste askori aurre egin eta etxebizitza eskubidea bermatua izan dadin.

BAI, POSIBLE DA.

Abal-emaileen eskubideen aldeko elkarretaratzea

aval

Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkartearen talde juridikoak banketxeek abal-emaileei inposatzen dizkien baldintzak abusuzkoak direla frogatzea lortu du, eta ondorioz hiru maileguetako abal-emaileak askatu ditu dagoeneko. Abusu hauek salatzeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkarteek elkarretaratzea eta prentsaurrekoa deitu dute Donostian, eta IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak bat egin du deialdiarekin.

Eguna: urriak 21, asteartea.
Ordua: 10:30
Lekua: Donostiako Epaitegiak (Teresa de Calcuta plaza)

Zatoz! Abokatuek epai hauen ondorengo egoera azalduko dute.

Kutxabankek gure etxebizitza eta PYMEak funts putreen esku jartzen dituela salatu dugu

141014_putreak

[embedit snippet=”dv141014″]

putreak

KUTXABANK-ek FUNTS PUTREEI SALDUTAKO MAILEGUENGATIK KALTETURIKO LEHEN FAMILIA ETA PYME-ak KALERATZEAK STOP-era JO DUTE

PALMIRA ETA BERE FAMILIAK FUNTS PUTRE BATEN ESKUTAN ETXEBIZITZA GAL DEZAKE, KUTXABANK-ek 400€-gatik EUREN ZORRA SALDU ONDOREN

Donostia, 2014-10-14

Kutxabankekin zituzten maileguak funts putreei hutsaren truke saldu izanagatik kalteturiko lehen familia eta Pymeak jadanik iritsi dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop Desahucios kolektiboetara.

Familia hauek ikaraturik daude zorra ordaintzeko dituzten zailtasunak ikusirik, eta maileguak formalizatu zituzten unean Aurrezki Kutxetan jarri zuten konfidantza traizionatua izan dela uste dute.

Kutxabank kudeatzen dutenek mailegu hauek funts putreei saltzeak ekarri dituen ondorio lazgarrien adibide gisa Palmiraren kasua dugu. Palmira pentsio oso txiki bat jasotzen duen 66 urteko emakumea da eta urritasun bat duen bere semearekin bizi da, eta bere garaian alabaren mailegu bat bermatu zuen jadanik ordaindua duen bere etxebizitzarekin. Kutxabankek 27.000 €takoa den Palmiraren alabaren zorra IDR Finance Ireland II Limited izeneko funts putreari saldu zion eta honek era berean Link Finanzas erakundeari, “kobratu gabeko kantitateak berreskuratzeaz” “arduratu” dadin agindu dio.

Kutxabankek 340 miloi eurotako mailegu sorta bat 5 miloi eurogatik gaizki saldu zuen, hau da, bere balioaren %1,5arengatik. Honela ondorioztatu daiteke Palmiraren alabak zor zituen 27.000 €engatik 400€ bakarrik ingresatu dituela. Kutxabankek familia honekin zorra nola kitatu negoziatu ordez putreei 400€ ziztrinen truke saltzea nahiago izan zuen. Orain Palmira eta bere familia IDR Finance, Link Finanzas edo beste edozein putreren eskutan etxebizitza galtzeko arriskuan daude.

Antzeko kasuak iritsi zaizkigu beste familia eta PYMEengandik, eta uste dugu Kutxabanken pribatizazioa eta Kutxen lapurreta medio PNV-PSE-PP troikak entitate honetan inposatu nahi duen kudeaketa ereduaren aurrerapen bat dela. Honek dagoeneko oso txarra den egoera okertu egingo du: Kutxabank da EAE-n kaleratze gehien egiten dituen entitatea, etxea ordainetan hartu eta alokairu soziala ematea sistematikoki ukatzen ditu eta abusuzko IRPH indizea aplikatzen darrai.

Kutxabank eta gainontzeko entitateei exijitzen diegu hutsaren truke saldu dituzten maileguak berreskuratzeko eta zordunei eskeintzeko funts putreei eskeini dizkieten baldintza berdinetan, eta ez dezatela maula finantziario honen ondorioz pobretu diren familien egoera baliatu.

Kutxabanken pribatizazio prozesua bertan behera utzi eta BBK eta Vital-en dagoeneko inposatu duten eta Kutxaren hurrengo batzarrean ere inposatu nahi duten banku-fundazio modeloari alternatibak bilatzea ere exijitzen dugu. Kutxabanken kontrol publiko eta soziala inoiz baino beharrezkoa dugu. Badira alternatibak.

BAI, POSIBLE DA.

Kaleratzeak Stop Desahucios Araba
Kaleratzeak Stop Desahucios Bizkaia
Kaleratzeak Stop Desahucios Gipuzkoa
IRPH Stop Gipuzkoa

Ikusi hemen gure prentsa oharra, familia eta PYMEen maileguak funts putreei saldu izana frogatzen duen dokumentazioa barne.