Alerta laranja: guztiok Batzar Nagusietara!

alertalaranja
bbnn

IRPH-a aztertuko duen bilera Batzar Nagusietan (ikusi aurreko berriak) irailaren 23an izango da, astelehena. Kaltetuontzat funtsezko hitzordua da, ondoko arrazoiengatik:

– Batzar Nagusiak Kutxa sortu zuten erakundeetako bat dira, eta honek legitimitate handiagoa ematen dio bertan adostutakoari.

– Bertan ordezkaturiko alderdi politikoak Kutxa eta Kutxabank-en administrazio kontseiluetan dauden berberak dira, eta ondorioz gure egoeraren erantzule.

– IRPH Cajas azaroan desagertuko da, eta ondorioz gure kontratuen arabera ez da aitzakiarik egongo Euribor+1 ez aplikatzeko, baina PNV eta PSE-k Kutxa-n dituzten kontseilariek hipotekaren hurrengo rebisiora arte atzeratu nahi dute aldaketa. Bi alderdi hauek antzerki bat egitekoak dira, Euribor+1 berehala aplikatu dadin eskatuaz. Hipokritak. Kutxa-n guztiz kontrakoa bozkatzen dute.

Horregatik:

– 14:30-tik 15:30-tara elkarretaratzea Batzar Nagusien egoitza aurrean Miramonen.
– 15:00-tan prentsaurrekoa

Zatoz!

Ordezko indizea, onartua

congreso
Irailaren 18an PPk bere gehiengo absolutua baliatuz ordezko indizea aprobatu zuen Kongresuan. IRPH Cajas, IRPH Bancos eta CECA desagertzea agindu zenetik 2 urte behar izan ditu estatuak ordezkoa ezartzeko. Eta zein aukeratu du? IRPH Entidades. PSOE-k desagertzetik salbatu zuen indize hau ere gardentasunik gabea da, eta hortaz PPk eta PSOEk IRPHaren lapurreta luzatuko dute.

Baina zertan eragiten digu honek Kutxaren bezerooi? Kutxaren hipotekek badakarte ordezkoa kontratuan: Euribor+1. Ondorioz, orain onartutako ordezkoa ez da guretzat. Kutxak orain dela 2 urte, ministerio-agindu batek IRPH Cajas gardentasun-ezagatik desagetzera kondenatu zuenean dagoeneko Euribor+1 aplikatu behar zigun… baina ezertarako behar ez zuen ordezkoa ezarri zain egotea aukeratu zuen (eta horrela guri hilean 300-400€ gehiago kobratzea!) Orain badugu ordezkoa, Kutxak ez du ezertarako behar, baina aitzakiak bukatzen ari zaizkio.

Lege honen arabera azaroaren 1ean argitaratuko da azken IRPH Cajas indizea, eta ondoren desagertu egingo da. Gure kontratuen arabera, IRPH Cajas desagertzean Euribor+1 aplikatu behar zaigu. Dirudienez, Kutxak oraindik ez du etsi, eta gehiago lapurtu nahi digu: hurrengo rebisiora arte IRPH Cajas mantentzen saia daitezke. Hau da, orain berrikusten badugu hipoteka, beste urtebetez kobratu nahi digute IRPH Cajas indizearen arabera, nahiz eta indize hau desagertu eta ondorioz kontratuak Euribor+1 aplikatzeko ezartzen duen baldintza bete. Dakigunez, hau da PNV-k eta PSE-k Kutxaren Administrazio Kontseiluan defendatzen dutena (nahiz eta legebiltzarrean eta udaletxetan kontrakoa defendatu, hipokrita horiek). Jakizue, PNV eta PSE, aurrean izango gaituzuela. Eta jakizu, Kutxabank, neurri legalak edota desobedientziazkoak hartzeko prest gaudela.

Egin klik Kongresuak onarturiko testua ikusteko

Joseba Egibar, presaka edo lotsatuta

egbar
Pasa den asteazkeneko bilera/elkarretaratze/manifestazioa bukatzean, Joseba Egibar ikusi genuen Antiguako Batzoki inguruan.

– Joseba, aiba informazio pixka bat
– Bai, bazeukeat.
– Bai, bazekiyat, baina ez dek nabari…

Presaka zebilen gizona, edo agian lotsatu egiten da bere alderdia (barka, Alderdia) mantentzen ari den itxurakeriarekin… Bere argumentuak elkarrizketa labur honetan: bozkatu omen dute gure alde (legebiltzarrean). Guk orduan, zergatik bozkatzen duten guztiz kontrakoa Kutxan eta Kutxabanken, eta bere erantzuna Kutxan guk berak adina eragin dezakegula.

Joseba: ez diagu oso garbi nora jo nahi huen, eta berriz kalean topo egitean galdetu egin beharko diagu. Nahiago baduk, emaiguk hitzordua eta lasai-lasai hitzegingo diagu mahai baten inguruan. Kutxabank-en gehiengo absolutua duzue, eta nahi izanez gero IRPH-arekin gaur bertan amaitu dezakezue. Ez zeukak inongo zentzurik legebiltzarrean eta udaletxetan Kutxa-ri eskakizunak egiten aritzeak… Kutxabank zuek kontrolatzen duzuenean. Utzi itxurakeriak. To, hire egunkari kuttunaren azalpena: “el pacto entre populares y jeltzales posibilitó nombrar a los quince consejeros de Kutxabank” (Deia, 2011/12/30).

Gu hilero hilero 300€ gehiago ordaintzen ari gaituk, eta egunero egunero galdetuko diagu zertan ari zareten.

Kutxa, gainbehera

degenerando

Dagoeneko hilabete batzu badituen arren, Noticias de Gipuzkoan argitaratu zen artikulu hau berreskuratu nahi izan dugu gaur:

Las Cajas. Degenerando, degenerando (José Manuel Etxaniz, Albaitaritzan Doktorea, Noticias de Gipuzkoa, 2013ko ekainaren 26a)

En Elgoibar fue bautizado el célebre matador de toros Luis Mazzantini Egia, el 10 de octubre de 1856, hijo de un ingeniero italiano y una elgoibarresa. Fue un torero culto, bachiller en Artes en Roma en 1875. Debutó como novillero en Madrid en 1882. Jarraitu irakurtzen

IRPHa Gipuzkoako Batzar Nagusietan

bbnn

Datorren ostegunean, irailak 19, Gipuzkoako Batzar Nagusiek IRPHa eztabaidatuko dute. Batzar Nagusiak Kutxaren erakunde fundatzaileetako bat dira, eta ordezkari bat dute bere Administrazio Kontseiluan. Ondorioz, eztabaida hau oso garrantzitsua da kaltetuontzat. Elkarte honek ez du inongo alderdi politikorekin erlaziorik, eta guztiz independientea da. Jakina denez, IRPH-aren lapurreta honek edozein ideologiatako jendea kaltetzen du. Hau argitu ondoren, gure arazoaren aurrean alderdi politikoek duten jarrera aztertu beharrean gaude.

PSE da Batzar Nagusietan eztabaida bultzatu duena. Ebazpen-proposamen bat aurkeztu dute, guk hitzez hitz izenpetu genezakena. Ministerioari eskatzen zaio berehala ezartzeko ordezkoa, eta hau Euribor+1 izan dadila. Badirudi PSE-k ahaztu duela hau PSOEren gobernuak egin ahal izan zuela 2011n. Izan ere, PSOE izan zen Europak behartuta IRPH indizeak bertan behera uzten zituen ministerio-agindua eman zuena. Baina hain gazki egin zuen (edo ongi, nork daki zer intentzio zuten)… Ez zuten ordezkoa ezarri, honetarako epe zabal bat eman zuten (PP-k luzatu egin duen epea) eta IRPH Entidades delakoa bertan behera uztea ahaztu zuen. Zentzugabekeria mordo bat… ez dute nahiko guk hori ahaztea noski.

Gainera, PSE-k bere idatzian proposatzen du Batzar Nagusiek eska diezaiotela Kutxabank-i gure hipotekek aurreikusten duten ordezkoa berehala aplikatzea. Honekin ere bat gatoz, ez dugu besterik eskatzen duela bi urtetik hona. Orain PSE-k hau bultzatzen du Batzar Nagusietan, Gasteizko Legebiltzarrean eta udaletxetan, baina Kutxaren Adiministrazio Kontseiluan bere ordezkariek kontra bozkatzen dute. Horregatik uste dugu proposamen hau Batzar Nagusietan egitea PSE-ren burla berri bat dela, eta horregatik helarazi nahi genieke gure gaitzespena bere batzarkideei: Eneko Andueza Lorenzo. Mikel Arrizabalaga Brusín, Julio Astudillo Rodrigo, Nerea Azpiazu Martínez, Maite Cruzado Barrenechea, Mikel Durán Gonzalo, María Jesús Egido Moreno, Susana García Chueca, Rafaela Romero Pozo eta Lore Suárez Linazasoro.

PNV-k aldiz PSE-ren antzerki honekin bat egiten du, eta osoko zuzenketa bat proposatu du. Bertan, Kutxari ezezik banketxe guztiei eskatzen die aurreikusitako ordezkoak berehala aplikatzeko. PNV-k Kutxabank kontrolatzen du eta ondorioz bere asmoa zintzoa balitz berehala egin lezake hau, Batzar Nagusietan, Gasteizko Legebiltzarrean eta udaletxetan denbora eta dirua xahutu gabe. Gure gaitzespena hauei ere: Markel Olano Arrese, Lourdes Alonso Sarasola, Joseba Antxustegi Maneiro, José Corchón Álvarez, Iñaki Egibar Larrañaga, Zorione Etxezarraga Ortuondo, Xabier Ezeizabarrena Saenz, Ainhoa Galdos Olazar, Martín Ibabe Ezeiza, Igor Iturain Ibarguren, Mª Angeles Lazkano Larrañaga, Eider Mendoza Larrañaga, Aintzane Oiarbide Iruretagoiena eta Arantzazu Rojo Gómez.

PP zorionez gutxiengo bat da gure artean, baina estatuko gobernua kontrolatzen du eta ondorioz bere batzarkideak lapurreta honetan konplize dira. Beraien izenak: Juan Carlos Cano Aristoy, Mª Asuncion Guerra Alonso, Iñigo Manrique Cía eta José María Murguiondo Casa.

Azkenik, elkarte honek Bildu-ren babesa eskertu nahi du. Gure alde egin dute eztabaida-gune guzti guztietan. Martin Garitano Diputatu Nagusiak eta Judit García eta Haritz Salaberria batzarkideek laguntzeko borondatez hartu gaituzte hitzordua egin dugun okasiotan. Eskerrik asko. Eta berriro diogu: elkarte hau independientea da, baina bakoitza bere lekuan jarri beharra daukagu.

Egitasmo honi buruzko dokumentazio guztia Batzar Nagusien webgunean topa dezakezu.