IRPH: Villalabeitiak Parlamentuari gezurra esan eta agerraldia egiteari uko egin dio

villalab

KUTXABANKeko PRESIDENTEAK GEZURRA ESANDIO PARLAMENTUARI, ETA IRPHaren INGURUAN AGERRALDIA EGITEA BAZTERTU DU

AGERRALDI ESKAERARI MUZIN EGIN DIO, KUTXABANK ENTITATE PRIBATUA OMEN DELA ARGUDIATUZ

PARLAMENTUAK ABUSUZKOTZAT JO ZUEN IRPH INDIZEA ERABILTZEA BABESTU DU VILLALABEITIAK

Donostia, 2016-5-31

Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko presidenteak gezurra esan dio Gasteizko Legebiltzarrari, eta zuzentzen duen banketxeak IRPH abusuzko indizea erabiltzearen inguruan agerraldia egiteari uko egin dio. IRPH Stop Gipuzkoa plataformak legebiltzarkide talde guztiei eskatu zien Kutxabankeko presidentearen agerraldia bultzatzeko, eta EH Bilduren ekimenez luzatu zion azkenean eskabidea Legebiltzarrak Villalabeitiari. IPRHaren kaltedunen elkarteak eskaera egin zuen ikusi baitzuen Kutxabankek, legebiltzarrak IRPHaren aurka adosturiko ekimenari men egin ordez, indize hau aplikatzen jarraitzen duela eta Arabako Probintzia Auzitegiak berau aplikatzeagatik ezarri zion epaiaren aurka helegitea jarri zuela Espainiako Auzitegi Gorenean.

Bere erantzunean, Kutxabankeko presidenteak legebiltzarrean agerraldia egitea baztertzen du, Kutxabank entitate finantziario prinatua omen delako. Gertakari oso larria da, eragile sozialok azken hilabeteetan zehar salatu duguna argi erakusten duelarik: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiritarron aurrezkiekin eraikitako Kutxetatik sorturiko entitatea espoliatua izan da, eta gaur egun ez du inolako kontrol publiko edo sozialik.

Gainera, Kutxabankeko presidenteak IRPHaren aplikazioa babesten du bere idazkian, Legebiltzarrak pasa den otsailaren 4ean ebatzi zuen arren «IRPH interes-tipoa opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa». Eta indizea babeste horretan, Kutxabankeko presidenteak gezurra esaten dio Legebiltzarrari. Izan ere, Villalabeitiak dio ez dagoela IRPHa abusuzkoa dela ebatzi duen epai irmorik, eta hori guztiz okerra da. Izan ere, dagoeneko gutxienez bi dira IRPHa abusuzkoa delako baliogabetzen duten epai irmoak. Lehena Valentziako Merkataritza Arloko 3. Epaitegiaren 270/215 epaia da, 2015eko azaroaren 18koa. Eta bigarrena Huelvako Lehen Instantziako 3. Epaitegiko 79/2016 epaia, 2016ko apirilaren 12koa.

Kutxabankeko presidenteak Legebiltzarrari gezurra esatea oso larria da. Horregatik Villalabeitia jauna zigorrik gabe ez geratzea exijitzen dugu, eta Legebiltzarrari eskatzen diogu gezur horri erantzun sendoa eman diezaiola.

Epai irmoen kopurua oraindik txikia da, baina zalantzarik gabe hazten joango da. Izan ere, estatu guztiko epaitegiak pareko epaiak ebazten ari dira. Villalabeitiak bere idazkian harro esaten du IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegian lortu zituen epaiak, 30 epai baino gehiago, bertan behera utzi zituela Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Baina esaten ez duena da prbintzia auzitegi hori gero eta isolatuago dagoela IRPHaren babesea. Izan ere, astero astero ezagutzen ditugu Pronbintzia Auzitegiak bertan behera utzitako epaietan oinarritzen diren epai berria, Gipuzkoako Probintzia Auzitegia IRPHaren babesean gero eta isolatuago dagoela eta estatuko epaitegi guztiek aurre egiten diotela gero eta nabarmenagoa da, eta kaltedunok sinetsi nahi dugu azkenean justizia egingo dela epaitegietan. Baina ez da onargarria horrelako iruzur nabarmen baten aurrean epaitegietara jo behar izatea, eta horregatik berehalako konponbideak exijitzen ditugu.

Horregatik exijitzen diogu Lakuako gobernuari bete dezala pasa den otsailaren 4ean Legebiltzarretik jaso zuen mandatuari. Izan ere, parlamentuak eskatu zion «abian jar ditzala eskura dituen bitarteko guztiak, Kontsumobide Kontsumo Institutua barne, indize honek kaltetutako pertsona guztiak defendatzeko». Ia lau hilabete igaro diren honetan, oraindik ez dugu inolako ekimenen berririk.

Oharrak:
Villalabeitiaren erantzuna Legebiltzarraren webgunean dago eskuragarri.
– Epaiak “Epaitegiak” atalean daude eskuragarri.

IRPHa baliogabetzen duen bigarren epai irmoa

firme_huelva

Huelvako Lehen Instantziako 3. Epaitegiak ebatzitako epai bat IRPHa baliogabetzen duen bigarren epai irmo bilakatu da. Epaiak, 2016ko apirilaren 12ko data duenak eta gure webguneko “Epaitegiak” atalean eskuragarri dagoenak, Caja Rural del Sur entitatearen aurkako auzibide bat hobesten du eta IRPH Entidades indizea abusuzkoa delako baliogabetu egiten du.

Epaiak IRPH bataz besteko sinple bezala kalkulatzea kritikatzen du, eta azpimarratzen du Espainiako Bankuak inolako ponderaziorik egin gabe kalkulatzen duela, joera orokorretik neurriz kanpo aldentzen diren datuek eragindako distortsioak zuzentzeko inolako koefizienterik gabe, eta beraz errealitate ukaezina dela kreditu-entitateen esku-hartze eta jokaeraren arabera kalkulatzen den interes tipo bat dela. Epaiak esaten du gainera kontratuaren alde batek bere jokabidearekin erreferentzia indize baten gainean eragina duela, gero bere bezeroekin sinatu dituen kontratuetan aplikatzen duelarik indize hori bera. Testuak argi eta garbi dio entitate finantzarioek IRPHaren hilabeteroko balioan eragina izan zezaketela, indize horren arabera mailegua duten bezeroei aplikatzen zitzaielarik hilero balio hori.

Epaia oso zorrotza da beraz IRPHaren abusuzkotasunari dagokionean, eta Gipuzkoan IRPH Stop Gipuzkoak eta bere abokatu Maite Ortiz eta José María Erauskinek Kutxabanki irabazi zizkieten 30 auzibidek baino gehiagok ireki zuten bidetik egiten du. Doktrina hori estatu guztian zabaldu da jada, eta dozenaka dira estatuko epaitegi ezberdinetan ebatzi diren pareko epaiak. Azpimarratzekoa da epai horien artean gehienak Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Donostiako epai aitzindariak bertan behera utzi ondoren ebatziak izan direla, eta beraz oso garbi dago estatu osoko epaitegiak eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegia aurrez aurre daudela IRPHari dagokionez, Gipuzkoako Probintzia Auzitegia indize honen babesean gero eta isolatuago dagoelarik.

Arabako Probintzia Auzitegia izan zen IRPHa baliogabetzen duen epai bat baieztatu zuen lehena eta oraingoz bakarra, kasu honetan ere Ortiz eta Erauskin abokatuek daramatelarik kasua. Kutxabankek helegitea jarri zuen eta Espainiako Auzitegi Gorenak ikusi beharko du kasua. Epaitegietako borrokak aurrera jarraitzen du beraz, eta IRPHa baliogabetzen duen bigarren epai irmo hau oso urrats garrantzitsua da bide horretan.

Huelvako epaiak IRPHari dagokion klausula bertan behera utzi eta kontratuak bizirik iraungo duela ezartzen du, baina mailegua interesik gabe utzi beharrean (beste epaitegi batzuek IRPHa baliogabetzean egin duten bezala), Euribor-a ezartzen du interes tipo berri bezala, kontratuak hasieratik zuen %4.25-eko diferentziala mantenduaz. Sekulako astakeria.

IRPHa baliogabetzen duten epai berriak Bartzelona, Valentzia, Castellón eta Huelvan

justicia_irph_multi

IRPH abusuzko indizearen aurkako garaipen judizialak etengabeak dira. Azken asteetan Bartzelona, Valentzia, Castellón eta Huelvan ebatzi diren epaiak jaso ditugu, eta webgune honetako Epaitegiak atalean zintzilikatu ditugu, bertan ikusteko aukera duzularik.

IRPHa baliogabetuz estatu osoko Merkataritza Arloko epaitegiak ebazten ari diren epaiak IRPH Stop Gipuzkoa taldeak bere abokatu Maite Ortiz eta José María Erauskinekin Donostiako Merkataritzako arloko epaitegian lortutako lehen epaietan oinarritzen dira. Epai haiek Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak bertan behera utzi zituen, eta beraz epai berri hauek Gipuzkoako Auzitegiaren irizpidearen aurka egitera datoz argi eta garbi, Auzitegi hori erabateko bakardadean dagoelarik IRPHaren babesean.

Azpimarratzekoa da Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak ez bezala Arabakoak bai, berretsi egin zuela IRPHaren aurkako epai bat, Ortiz eta Erauskinek lortua hau ere. Epaia Probintzia Auzitegi batek IRPHaren aurka ebatziriko lehena da, eta Kutxabankek helegitea aurkeztu eta Espainiako Auzitegi Gorenera jo du.

Kutxabank eskoletatik kanpora!

K_eskoletatik_kanpora_tx

EAEko KALERATZEAK STOP ETA IRPH STOP ELKARTEOK KUTXABANKek DBHko IKASLEEI EMATEN DIZKIEN IKASTAROAK BERTAN BEHERA UZTEA EZIJITZEN DUGU

Donostia, 2016-5-23

Kaleratzeak Stop Araba, PAH Bizkaia Kaleratzerik Ez eta Kaleratzeak Stop Gipuzkoa plataformek, IRPH Stop Gipuzkoa-rekin batera, Kutxabank eskoletatik botatzea exijitzen dugu. Bankuak ustez finantza-gaitasunetan trebatzeko den programa bat eskaintzen die Araba, Bizkai eta Gipuzkoako DBHko ikasleei, “finantzak bizitzeko” izenarekin, eskola orduetan eta eskoletan bertan. Guztiz onartezina da banku honi ikastetxeetara sartzen uztea, eta EAEko Gobernuaren Hezkuntza Sailari exijitzen diogu berehala bota dezala.

Kutxabank da gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan etxegabetze gehien egiten dituen bankua eta Gasteizko Legebiltzarretik jaso dituen agindu zuzenei muzin egin die behin baino gehiagotan, adibidez IRPHari dagokionean. Gainera, epaitegietan hainbat aldiz zigortua izan da, kasu batzuetan iruzur egiteko borondate nabarmena izan duela frogatuta geratu delarik.

Ezin larriagoak diren gertakari horiez gain, Kutxabankek egunero-egunero abusuzko praktikak egiten ditu milaka herritarren aurka. Adibidez, posizio zordunak galdegiteko komisioa aplikatzean. Hogeita hamar euro inguruko komisio hau milaka familiek ordaindu behar izaten dute, maileguaren hilerokoa ordaintzean atzeratzen badira. Dozenaka aldiz baliogabetua izan da epai irmoen bidez, abusuzkoa delako, baina Kutxabankek eutsi egiten dio. Berdin gertatzen da mailegua ordaindu ezinik dabiltzan familien zorra abiadura ikaragarrian handitzen dien %15 inguruko berandutze-interesekin. Biak ere abusuzko klausulak dira, baina kaltetuek ez badute epaitegietara jotzen Kutxabankek aplikatu egiten dizkie, eta beraz jarrera desegoki eta gaitzesgarria mantentzen du. Hauxe da hiztegiak krimen bezala definitzen duena, eta beraz aurrean duguna erakunde kriminal bat da, eskoletara sartzea lortu duena. Berehala kaleratua izan dadila exijitzen dugu.

Hezkuntza sailak ikasleak finantza-gaitasunetan trebatu nahi baldin baditu, itxaron zerrendatako ekonomia irakasleengana, banka etikoaren ordezkariengana edota Kaleratzeak Stop-eko boluntarioengana jo dezake.

Valentzia eta Kantabriako Parlamentuek ere IRPHaren aurka egin dute

valencia-cantabria

Maiatzean zehar beste bi autonomia erkidegotako parlamentuk IRPHaren aurkako ekimenak onartu dituzte: Valentzian (maiatzaren 11an) eta Kantabrian (maiatzaren 16an) izan da.

Valentziako gorteetan PSPV, Compromís eta Podemosen aldeko bozekin eta PP eta Ciudadanos-en abstentzioarekin onartu zen legez besteko proposamena. Bertan Espainiako Gobernuari eskatzen zaio IRPHA bertan behera uzteko berehala, eta indize hau gardentasunik gabea, entitateek eragin dezaketena, kontsumitzaileentzat kaltegarria eta abusuzkoa dela. Gainera, banketxeei eskatzen zaie gehiago ez aplikatzeko, indize horren arabera kobraturiko interes guztiak itzultzeko eta IRPHaren edozein aldaerari loturiko maileguen exekuzioz desjabeturiko etxebizitzak itzultzeko bideak bilatzeko.

Valentzia da gure kalkuluen arabera estatuko bigarren erkidegoa IRPHari loturiko maileguen ehunekoari dagokionean, eta estatuko hirugarrena kopuru osoari erreparatzen badiogu, 189.000 mailegu baino gehiago dituelarik. IRPH Stop Gipuzkoak emandako kopuru hauek erabili zituzten legebiltzarkideek legez besteko proposamena parlamentuan eztabaidatu zenean.

Kantabriako Parlamentuak berriz aho batez onartu zuen IRPH indizearen gaitzespena, eta berehala indargabetzearen alde agertu zen, abusuzkoa, gardentasunik gabea, banketxeek eragin diezaioketena eta kontsumitzaileentzat oso kaltegarria delako. Kantabriako Gobernuari eskatu zitzaion bere esku dituen baliabide guztiak abian jarri ditzala IRPHaren kaltetuen defentsan, eta Europako parlamentu, kontseilu eta komisioari eska diezaiola erreferentzia indizeei buruzko araudi berria IRPHa bezala banku zentralek prestaturiko indizeei ere aplikagarri izatea.

Kantabriako kasuan, 10.000 mailegu baino zerbait gehiago egon daitekeela kalkulatzen dugu.

Bi kasuetan IRPH Stop Gipuzkoak Gasteizko Legebiltzarrari proposaturiko testuan oinarrituriko ekimenak izan dira, eta beraz oso pozik gaude. Espero dugu estatuko beste erkidegotara ere zabaltzea ekimena.