Ortiz eta Erauskinek IRPHaren inguruko txostena argitara eman dute

congreso_cjam16

Maite Ortiz eta José María Erauskinek (IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen abokatu boluntario eta IRPHaren aurkako borroka judizialaren aitzindari) ICAMÁLAGA Abokatutzaren Kongresu Juridikoaren hamabigarren edizioan esku hartu zuten, IRPHaren inguruko hitzaldi batekin. Handik egun gutxira, abokatuek txostena bere osotasunean eskegi dute euren bulegoko webgunetik, eta guk gure webgunera ekarri dugu, hemen klik eginda eskuratu ahal dezazun.

IRPHaren aurkako borroka judizialean aitzindari izateaz gain orain arteko lorpen handienen erantzule dira Ortiz eta Erauskin, eta txostenean giltzarri guztiak aztertzen dituzte. Garrantzi handiko dokumentua da dudarik gabe, eta argitara ematean izan duten eskuzabaltasuna bihotzez eskertzen dugu kaltedunok.

IRPHaren aurkako ebazpen urardotua onartu dute Gipuzkoako BBNNek

alertalaranja

GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIEK IRPH ABUSUZKO INDIZEAREN AURKAKO EBAZPENA ONARTU DUTE

PNV, PSE ETA PPk, EH BILDU ETA PODEMOSen TESTUAREN ORDEZKO BAT INPOSATU DUTE, LAPURTURIKO DIRUA ITZULTZEA EZ DEFENDATZEKO

Donostia, 2016-10-5

Gipuzkoako Batzar Nagusien osoko bilkurak EH Bildu eta Podemos – Ahal Dugu batzarkide taldeek adosturiko ebazpen proposamen bat eztabaidatu dute gaur. Testu horrek indize hau bertan behera uztea eta bere bitartez kobraturiko interesak eta desjabeturiko etxebizitzak itzultzea exijitzen zuen.

Baina PNV, PSE eta PPk euren indarrak batu dituzte ordezko testu bat aurrera ateratzeko, non indizea bertan behera uzteko eskaria mantentzen den baina kobraturiko diruak eta desjabeturiko etxebizitzak itzultzeko aukera ezabatzen den. Dirudienez, talde hauek ados daude banketxeek lapurreta egiteari uztearekin, baina ez dute uste beharrezkoa denik apurturikoa itzultzea eta etxegabeturiko familiak euren etxeetara bueltatzea.

Azpimarratzekoa da PSEren aldetik atzerapauso nabarmena dela gaurko jarrera, eta bere koherentzia ezaren adierazle beri bat. Izan ere, orain dela ez asko Gasteizko Legebiltzarrean antzeko testu bat babestu zuen PSEk, eta bertan diruaren itzultzea exijitzen zen.

PSEren atzerapauso hau nolabait konpentsatzeko, PNVren aurrerapausoa nabarmendu dezakegu: dagoeneko ez digute sinistarazi nahi IRPHa indize zoragarria denik (Corchón jaunak areto berean egin zuen bezala), eta Mª Eugenia Arrizabalaga jeltzaleak gaur onartu duen IRPHak «manipulablea izatearen itxura guztia daukala». Horregatik, Espainiako gobernuak bertan behera uzteko eskatu du. Gogorarazi nahi diogu Arrizabalaga andereari bere alderdiak Kutxabanken kontrola duela, eta ondorioz logikoena banketxe honek indizea aplikatzeari berehala utzaraztea litzatekeela, Espainiako legediaren aldaketei zain egon gabe.

Hala ere, osoko bilkurako unerik lotsagarriena beste bat izan da, hau ere Arrizabalaga anderearen eskutik: batzarkide jeltzaleak esan du Kutxbank izan zela IRPH Cajas kentzen eta Euribor+1 jartzen ia lehena. Lotsagarria da horrelako gezurrak esatera ausartzea. Gauza jakina da Kutxabankek IRPH Cajas indizearen aplikazioa ahal zuen guztia luzatu zuela, epaile batzuen ustez legeak agindutakoa baino gehiago, eta dozenaka erakunderen deialdiei entzungor eginez, tartean Gipuzkoako Batzar Nagusiak berak. Kutxen sorkuntzan esku hartutako erakundeek ere, Foru Aldundia eta Donostiako Udaletxea kasu, eskatu zioten Kutxabanki IRPH Cajas aplikatzeari berehala uzteko, baina banketxeak eskaera horiei guztiei entzungor egin zuen. Ondorioz, Arrizabalaga andereari bere hitzak zuzentzeko eskatzen diogu. Asko sufritu genuen kontu horrekin, orain gainera gezur hori entzun behar izateko.

Bestalde, talde guztiak ados egon dira Europako erakundeei ondokoa eskatzeko: erreferentzia indizeen inguruan onartu berri den araudia alda dezatela IRPHa bezala banku zentralek prestatzen dituzten indizeei ere aplikagarri izan dadin. PNV, PSE eta PPren hipokrisiaren erakusle nabarmena izan da. Izan ere, kontu hori Europako parlamentuan bozkatu zenean aurka egin zuten hiruek.

IRPH Stop Gipuzkoak EH Bildu eta Podemos – Ahal Dugu batzarkide taldeen babesa eskertzen du, eta PNV, PSE eta PPk banketxeen interesen defentsan euren indarrak batu izana tamalgarritzat jotzen du.

IRPH Stop Gipuzkoa “Justiziarik gabe ez dago eskubiderik” jardunaldietan egongo da

jornadasts

PAH elkarteak “Justiziarik gabe ez dago eskubiderik” jardunaldiak antolatu ditu urriaren 6,7 eta 8rako. Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean ospatuko dira, etxebizitza duin baterako eskubidea aldarrikatzeko. PAH elkarteak bere webgunean azaltzen duenez, Justizia munduari herritarron aldarrikapenak helarazteko balioko dute jardunaldiok.

Aldarrikapen horien artean dago IRPH abusuzko indizea bertan behera uztea, eta IRPHaren inguruko tailer bat ere izango da, Maite Ortiz eta José María Erauskin gure abokatu boluntarioen eskutik. Urriaren 8an izango da, larunbatez. Madril inguruan bazabiltza ezin duzu galdu!

Gogora dezagun Maite Ortiz eta José María Erauskin aitzindariak direla IRPHaren aurkako borroka judizialean, eta euren lorpenen artean dagoela IRPHa baliogabetzen duen eta Probintzia Auzitegi batek berretsi duen lehen epaia. Banketxeak helegitea jarri zion epaiari, eta beraz kasua Gorenean epaitua izango da. Ondorioz, 1.3 milioi familiatik gora epaitegi honek hartuko duen jarrerari adi dago, eta horregatik da garrantzitsua mezu bat helaraztea: justizia exijitzen dugu. IRPHa iruzur bat da eta ez dugu onartuko inolako trikimailurik bere baliogabetasuna ez ebazteko.