IRPHa Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi da, eta lehentasunezko tratua izango du

Espero genuen bezala, IRPHaren inguruan Espainiako Auzitegi Gorenak aztertu beharko duen lehen kasua Probintzia Auzitegi batek IRPHa baliogabetzen zuen lehen epaiaren aurka Kutxabankek jarritako helegitea izango da. Arabako Probintzia Auzitegian kaltedun batek lorturiko epaia da, Maite Ortiz eta Jose Mari Erauskin abokatu aitzindariekin.

Abokatuek ezagutzera eman dutenez, Espainiako Auzitegi Gorenak kasuaren azterketa azkartzea erabaki du, IRPHa sortzen ari den eztabaida eta auzibide kopurua dela eta. Modu honetan, gaiari lehentasunezko tratua ematea erabaki du Gorenak. Helegiteen hurrenkera kronologikoa aldatzea dakarren neurri bat da, eta ondorioz aurretik ziren beste kasu batzuk baino lehenago aztertuko dute IRPHaren gaia. Modu honetan Auzitegi Gorenari dagokion eginkizun bateratzaileari erantzun azkarra bilatzen omen dute. Probintzia Auzitegi ezberdinek IRPHaren inguruan dituzten irizpide ezberdinak batzearen inguruan ari dira.

IRPHa estatu osoan 1.3 milioi mailegutik gora kaltetzen dituen abusuzko indizea da gure kalkuluen arabera, eta ondorioz asko eta asko dira Espainiako Auzitegi Gorenak IRPHa baliogabetzearen zain dauden familiak. Espainiako sistema judizialak dagoeneko behin baino gehiagotan erakutsi du banketxeen alde egiteko duen joera, baina hala eta guztiz ere baikor izan behar dugu, Maite eta Jose Marik ordezkatuko baikaituzte. Adituak izateaz gain, ilusio eta gogo handiz ekingo diotela badakigu. Horrelaxe egin dute azken hiru urte luze hauetan, 2014ko apirilean Donostian IRPHaren aurkako estatu osoko lehen epaia lortu zuten unetik, Kutxabanken aurka gure plataformako familia bate izenean aurkezturiko demandaren eskutik. Bidea luzea ari da izaten beraz, baina irabaziko dugu, IRPHaren kaltedunok arrazoia dugulako, eta gainera abokaturik onenak ditugulako: Maite eta Jose Mari, beharrezkoa balitz Europako Auzitegiraino jotzeko zalantzarik egingo ez dutenak.

IRPHa baliogabetzen duen bigarren instantziako epai irmo berria

Duela egun batzuk jakin genuen Maite Ortiz eta Jose Mari Erauskin abokatuek Arabako Probintzia Auzitegian IRPHa baliogabetuz lortu duten epaietako bat irmo egin dela. Epai honek UCI zigortzen du IRPHa aplikatuz kobraturiko guztiak itzultzera, eta mailegua interesik gabe uzten du.

UCIk helegiterik aurkeztu ez duenez, epaia irmoa da jada, eta kalteturiko familiari kobraturiko dirua itzuliko zaio eta aurrerantzean ez du inolako interesik ordainduko.

Guk dakigunez, IRPHa baliogabetzen duen bigarren instantziako bigarren epai irmoa da. Lehenbizikoa Kutxabank zigortzen zuen epai bat izan zen, hura ere Arabako Probintzia Auzitegian. Abusuzko indize honen aurkako epaitegietako borrokan aurrerapauso oso garrantzitsuak dira zalantzarik gabe.

Epaia eskuragarri dago gure webguneko Epaitegiak atalean, eta hemen klik eginda zuzenean ikusi dezakezu.