Estatistika aplikatuko katedradun batek banketxeek IRPHa manipulatu dezaketela egiaztatu du

nota_etxeberria

Gure webgunearen hirugarren urteurrenarekin batera, gaur, 2016ko uztailaren 4an, IRPH abusuzko indizearen aurkako borrokan birrintzailea suertatuko den dokumentu bat argitaratzen dugu: IRPHaren inguruan Juan Etxeberria Murgiondo doktoreak eginiko txostena. Etxeberria jauna Estatistika Aplikatuan Katedradun Akreditatua da, Zientzia Zehatzetan lizentziaduna (Estatistika berezitasuna), Hezkuntza Zientzietan Doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean Estatistika Aplikatuaren irakasle titularra eta Estatistika Aplikatuaren alorrean hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu.

Bere txostenean, Etxeberria doktoreak egiaztatzen du entitateek IRPHaren emaitza eragin, manipulatu eta baldintzatu dezaketela, eta banaka zein taldean egin dezaketela hori gainera.

Txosten hau Maite Ortiz eta José María Erauskinek eskatua da, eta artikulu honen amaieran dago eskuragarri. Ortiz eta Erauskin IRPH Stop Gipuzkoaren abokatu boluntarioak dira, eta IRPHaren aurkako epaitegietako borrokaren benetako aitzindariak.

Etxeberria doktorea gai honetan autoritate bat da, eta IRPHaren kalkulurako metodologia aztertu ondoren (Espainiako Bankuak entitate guztiek hilero-hilero ematen duten interes tipoekin egiten duen batez besteko sinplea), ondorioztatu du indizea ez dela batere sendoa, eta agerikoa dela hobetu daitekeela. Gehitu du gainera bistakoa eta oso nabarmena dela entitate bakoitzak, bere tamaina edo bolumena edozein dela ere, IRPHaren hileroko emaitzan eragiteko ahalmena duela, eta ahalmen hori modu zehatzean zenbatu daitekeela.

IRPHaren aurkako argudio oso larriak dira, baina ez dira berriak: kaltetuok urteak daramatzagu horiek salatzen, eta gure abokatuek dozenaka aldiz lortu dute argudio horiekin IRPHa baliogabetzea. Baina IRPHaren aurkako epai horien artean gehienak bigarren instantzian bertan behera uzten dituzte Probintzia Auzitegiek. Kasurik deigarriena Gipuzkoakoa da, non Probintzia Auzitegiak bertan behera utzi dituen IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik gure abokatuei esker lortu genituen hogeita hamar epaitik gora.

Bere epaietan. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak zioen ezin onartu direla IRPHaren manipulagarritasunaren inguruko argudioak, eta dagoeneko ezingo du horrelakorik gehiago esan Estatistika Aplikatuan Katedraduna den doktore baten txostenaren aurka egin gabe. Bere argudioa justifikatzeko, Probintzia Auzitegiak esan zuen IRPHa manipulatzea lortzeko bide bakarrak Espainiako Bankuari emandako datuetan gezurra esatea eta entitate guztiak bere interes tipoak igotzeko ados jartzea zirela. Etxeberria doktorea oso irmoa da bere txostenean. Eta azpimarratzen du entitateak IRPHaren emaitza eragin, manipulatu eta baldintzatu dezaketela, eta banaka zein taldean egin dezaketela hori gainera. Katedradunaren lanak dio gainera entitate bakoitzak modu autonomoan, beste inorekin ados jarri gabe, modu zehatz eta exaktuan aurreikus dezakeela denbora tarte bateko eragiketen interes tipoen igoerak ondoren kalkulatzen den IRPHaren emaitzan izango duen eragina.

Ondorioz, Gipuzkoako Probintzia auzitegiak IRPHaren aurkako hogeita hamar epaitik gora bertan behera uzteko erabili zituen argudioak modu irmoan gezurtatuak izan dira. Argudio hauek berak estatu osoko beste Probintzia Auzitegiek ere erabili dituzte, eta Arabako kasua azpimarratu genezake. Araban eman da IRPHaren aurka Probintzia Auzitegi batek ebatzi duen lehen epaia, kasu honetan ere Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek lorturiko epai bat ontzat emanaz, baina hala ere Probintzia Auzitegiak Gasteizko Merkataritza Arloko Epaitegia zuzendu du eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko argudioak ontzat eman ditu. Modu honetan, IRPHaren baliogabetzea baieztatu du baina indizea kontratuan sartzean nahikoa gardentasunik izan ez zelako bakarrik, eta ez indize manipulagarria delako.

Gardentasunik eza da azkenaldian IRPHa baliogabetzeko gehien erabiltzen ari den argudioa, manipulagarritasuna alde batera utzita. Gaur argitara ematen dugun txostenarekin, egoera guztiz aldatzen da, eta epaitegiek ezingo dute sekula berriz esan IRPHa manipulagarria ez denik, gaian aditua den Etxeberria jaunaren aurka egin nahi ez badute behintzat.

Etxeberria doktorearen txostenak IRPHa manipulagarria dela egiaztatzen du eta honek abusuzko klausula baino zerbait askoz larriago bihurtzen du: indarrean den legediaren aginduzko arauen aurakoa da, Kode Zibilaren 1256 artikulua kasu, zeinek ez duen onartzen alde batek kontratuko elementuetan eragina izatea.

Etxeberria doktorearen lanak indizea kalkulatzean ematen den beste irregulartasun bat ere azpimarratzen du: entitate bakoitzak Espainiako Bankuari bidaltzen dizkion interes tipoak UTB dira, eta beraz komisioak barne dituzte. IRPHaren araberako maileguek bere komisioak dituztenez, kaltedunok aspaldi salatu genuen bi aldiz ordaintzen ditugula komisioak. Etxeberria doktoreak hau baieztatzen du eta gehitzen du IRPHa kalkulatzen den bakoitzean komisioak gehitzen direnez progresio geometriko bat sortzen dela, hurrengo IRPHaren balioa automatikoki handitzen duena.

Txosten hau argitaratzearen arrazoizko ondorio bezala, IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik IRPHa interes tipo ofizial izateari berehala uztea exijitzen dugu, modu argian hausten baitu legediak interes tipo ofizialentzat ezartzen duen baldintzetako bat: banketxeak beregan eraginik ezin izatea.

IRPHak bere definizioa dela eta dituen arazoez gain, gogoratu nahi genuke Espainiako Bankuak berak, Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek prestaturiko galdeketa bati erantzutean argi utzi zuela banketxeek bidaltzen dizkioten datuen gainean ez duela inolako kontrolik. Espainiako Bankuak, IPRHa kalkulatzeko ardura duenak, ezin izan zuen erantzun ea entitateek ematen dizkioten interes tipoetan baliogabetzat hartuak izan diren interesik kontuan hartu ote den, zoru klausula edo gorantz borobiltze klausula adibidez. Galdera horri erantzuteko nahikoa informazio ez zuela erantzutera mugatu zen.

IRPHa astakeria hutsa dela frogatu da, eta sortu duen kaltea konpontzea exijitzen dugu: IRPHaren edozein aldaerari loturiko mailegua ordaindu ezinda kaleratuak izan diren familiak euren etxeetara itzuli behar dute, eta IRPHari loturiko 1.3 miliotik gora hipoteketan ordaindu diren interes guztiak itzuliak izan behar dira.

Etxeberria doktorearen txostena jarraian duzu eskuragarri, eta PDF formatuan jaitsi dezakezu gainera.

Download (PDF, 140KB)

Webgunearen hirugarren urteurrena

birth3

Webguneak hiru urte betetzen ditu, eta iaz esandako gauza bera errepikatu beharrean gaude: ospakizun gazi-gozoa da, webgunea martxan edukitzeak esan nahi duelako oraindik ez dugula lortu gure helburua: IRPHaren aldaera guztiak baliogabetu eta banketxe guztiek familia kaltetu guztiei lapurturikoa itzultzea, epaitegietara jo beharrik izan gabe.

Baina aurtengoa desberdina da. Izan ere, urteurrena ospatzeko IRPHaren aurkako borrokan garrantzia handia izango duen dokumentazioa argitaratuko dugu. Hementxe izango da, ordu gutxi barru.

IRPHa baliogabetzen duten epai berriak Cádiz, Castelló, Valentzia eta Gasteizen

justicia_irph_multi

IRPHa baliogabetu eta banketxeak abusuzko indize horren arabera kobraturikoak itzultzera zigortzen dituzten epai berriak etengabe ari gara ezagutzen. Azken egunetan ezagutu ditugunak honako hauek dira: Cádiz (Lehen Instantziako 1. Epaitegiak BBVA zigortu du), Castelló (Lehen instantziako 3. Epaitegiak La Caixa zigortu du), Valentzia (Merkataritza Arloko 3. Epaitegiak Banco Popular zigortu du) eta Gasteiz (Lehen Instantziako 5. Epaitegiak Kutxabank zigortu du).

Epai berri hauetako batzuk jadanik zintzilikatu ditugu gure webguneko Epaitegiak atalean. Bertan duzu IRPHaren inguruko epaien datu base handiena. Zerrendan ez dagoen epairen bat baldin baduzu, posta elektroniko bidal diezagukezu.