Euribor-a desagertzen ez den bitartean IRPH-rik ez duela aplikatuko erantzun du ING-k

ing_respuesta

Euribor zeron edo zero azpitik baldin badago ING-ren hipotekatan IRPH-a aplikatzeko arriskuari buruz gure wbgunean eman genuen berriari lotuta, banketxeak gure Twitter kontuan erantzun digu ez duela IRPHrik aplikatuko Euribor-a desagertzen ez den bitartean.

Berri ona da INGren bezeroentzat, baina esandakoari eusten diogu: ez da ideia ona IRPHa ordezko bezala izatea, eta are gutxiago Euribor-ari aplikaturiko diferentzial berdinarekin.

IRPH arriskua ING Direct-en hipotekatan

ing

ING Direct banketxea eskaintzen ari den hipoteken baldintzak aztertu ondoren (ikusi irudia), hiru puntu arriskutsu topatu ditugu:

1.- Euribor indizearen ordezko bezala IRPH Entidades ezartzen du, gardentasunik ez duen eta banketxeek manipulatu dezaketen indizea. Ordezko hau baztertu eta beste bat negoziatzea gomendatzen dugu.

2.- IRPH Entidades ordezkoa aplikatu ezkero Euribor-ari aplikaturiko diferentzial berdina gehitzea aurreikusten du kontratuak. Hau kontsumitzailearentzat oso kaltegarria litzateke. Euribor-a momentu hauetan %0 inguruan dabil, eta IRPH Entidades aldiz %2 inguruan. Horrela, Euribor+%1 hipoteka bat, interesetan gutxi gora behera %1 ordaintzen ari dena, IRPH+%1 izatera pasako litzateke, eta interesetan hirukoitza ordaindu beharko luke: %3a. Ordezko bezala IRPHa onartu ezkero diferentziala zero izatea gomendatzen dugu.

3.- Kontratuak ordezkoa aplikatzea aurreikusten du Euribor-a argitaratzen ez bada eta baita “inexistente o igual a cero” baldin bada. Une hauetan Euribor-a zerotik oso gertu dago eta zenbait kontsumitzailek ING-ri galdetu diote, eta hurrengo rebisioan IRPH aplikatuko dietela esan diete, Euriborra zeron edota balio negatibotan baldin badago. Ez dugu uste azken hau egin dezaketenik, kontratuak ez baitu salbuespenik aurreikusten Euribor-aren balio negatiboetarako, eta beraz ING-k ofizialki gezurtatzea espero dugu. Baina edozein kasutan ez dugu horrelako kontraturik sinatzea gomendatzen, ez baitago batere garbi zer gertatzen den Euribor-a %0.00 edo balio negatibotan dagoenean.

Gasteizko Legebiltzarrak IRPHa abusuzkoa dela adierazi eta dirua itzultzeko eskatu du

parlam_irph

GASTEIZKO LEGEBILTZARRAK IRPHa ABUSUZKOA DELA ADIERAZI ETA KOBRATURIKO INTERES GUZTIAK ITZULTZEA ESKATU DU

LAKUARI ESKATU DIO GAINERA ESKURA DITUEN BALIABIDE GUZTIAK ERABILI DITZALA IRPHak KALTETURIKO PERTSONEN DEFENTSAN

IRPH STOP GIPUZKOAK OSO BALORAZIO ONA EGITEN DU, ETA KUTXABANKi ESKUA LUZATZEN DIO DIRUA NOLA ITZULI NEGOZIATZEKO

Gasteiz, 2016-2-4

Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkurak legez besteko proposamen bat onartu du gaur, non zera adierazten den: «IRPH interes-tipoa opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa».

Legebiltzarrak, gainera, banketxeei eskatu die «itzul diezazkietela pertsona kontsumitzaileei indize horretan erreferentziaturik kobratutako interes guztiak» eta baita «IRPHko edozein motatan erreferentziatutako hipotekak exekutatzeagatik utzarazitako etxebizitzak» ere.

EAEko hiru hiriburuetako merkataritza arloko epaitegiek dagoeneko ebatzi dituzte zentzu bereko epaiak, baina Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak bertan behera utzi ditu Gipuzkoako guztiak, eta beraz legebiltzarraren adierazpena oso garrantzitsua da eta funtsezkoa den une batetan dator.

Gaur onartua izan den testua IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak proposatu zuen bere ordezkari José Mari Erauskinek parlamentuan egin zuen agerraldian, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformen babesa du. Izan ere, plataforma hauek IRPHaren desagertzea etxegabetzeak, pobrezia eta berdintasunik ezaren aurkako beraien dekalogoan sartua dute.

Mozioa puntuz puntu izan da bozkatua. IRPHa abusuzkoa dela eta interesak itzuli beharra dagoela dioten puntuak EH Bildu, PSE-EE eta UPyDren botoekin izan dira onartuak, eta EAJ-PNV eta PP abstenitu egin dira.

Gainontzeko puntuetan, Estatuko agintari eskudunei eskatzen zaie dekreta dezatela IRPHaren berehalako indargabetzea, eta Lakuari berriz «abian jar ditzala eskura dituen bitarteko guztiak, Kontsumobide Kontsumo Institutua barne, indize honek kaltetutako pertsona guztiak defendatzeko». Europako agintariei ere egiten zaie eskaera bat: erreferentzia-indizeei buruzko Europako erregelamendu berria IRPHa bezalako indizeei ere aplikagarria izan dadila. Puntu hauek aho batez izan dira onartuak.

IRPH Stop Gipuzkoaren balorazioa oso positiboa da, eta uste du IRPHaren aurkako borrokan mugarri oso garrantzitsua dela. Legebiltzarrak guk bezalaxe IRPHa abusuzkoa dela esatea eta banketxeei kobratu duten guztia itzul dezatela eskatzea pausu historiko bat da.

Ekimena nola gauzatzen den gertutik zainduko du orain plataformak, eta egiaztatuko du eskaera Espainia eta Europako agintaritzei helarazten zaiela.

Banketxeei ere helarazi beharko zaie, eta ikusiko dugu zer modutan erantzuten duten, tartean Kutxabankek, EAEko hiritarrok eraikitako aurrezki kutxetatik sortu zena eta legebiltzarrak abusuzkotzat jo duen indize hau aplikatzen nabarmendu dena. Gure plataformatik Villalabeitia jaunari berriz ere eskua luzatzen diogu dirua nola itzuliko diguten negoziatzen hasteko.

Azkenik, azpimarratzekoa da legebiltzarrak dei zuzena egin diela Lakuari eta Kontsumobideri, eta azken honek zigorrak jartzeko ahalmena duela, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak oso gertutik jarraituko du gobernuak eta Kontsumobidek legebiltzarrak emandako agindua betetzen dutela.

EH Bildu, PSE-EE eta UPyD-k emandako babesa eskertzen dugu, eta PP eta PNVk testua bere osotasunean babesteko ausardiarik erakutsi ez izana tamalgarritzat jotzen dugu. Koherentzia ez nabarmena erakutsi dute, indizea bertan behera uzteko eskatu ondoren egindako kaltea konpontzea ez baitute babestu.

Gasteizko Legebiltzarrak IRPHa eztabaidatuko du ostegunean

parlam_irph

Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkurak ostegun honetan, otsailak 4, IRPHaren aurkako mozio bat eztabaidatuko du, IRPH Stop Gipuzkoa eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkarteek aurkeztua izan zena.

Testua gure abokatu eta adiskide den Jose Mari Erauskinek aurkeztu zuen 2015 azaroaren 16an Legebiltzarrean egin zuen agerraldian (hemen duzu ikusgai agerraldi osoa), eta onartua izaten bada Legebiltzarrak adieraziko du IRPHa gardentasunik gabea dela, banketxeek bere balioan eragina izan dezaketela, ez dela merkatuaren errealitatearen isla eta kontsumitzaileentzat kaltegarria eta abusuzkoa dela. Gainera, Legebiltzarrak honakoak galdegingo lituzke:
1. estatu mailan dagokion agintaritzari, bertan behera uzteko lehenbailehen.
2. banketxeei, aplikatzeari berehala utzi eta kobraturiko interesak familiei itzultzea, IRPHari loturiko maileguen exekuzioen ondorioz desjabeturiko etxebizitzekin batera.
3. Lakuako gobernuari, eskura dituen baliabide guztiak abian jartzea indize honek kalteturikoen defentsan eta etorkizunean maileguak sina ditzaketenen babeserako.
4. Europako agintaritzei, erreferentzia indizeen inguruko europar araudi berria aplikagarria izan dadila IRPHa bezala banku zentralek prestatuak diren indizeei ere.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak, Kaleratzeak Stop elkartearekin batera, gutun bat igorri die legebiltzarkide taldeei, ostegunerako bozketan izango duten jarrera ezagutzeko. UPyD izan zen gure mozioa aurkeztu zuena (guk talde guztiek elkarlanean egitea nahiago izan bagenu ere), eta ondorioz babestuko duela pentsa daiteke. EH Bilduk baieztatu du babestu egingo duela, eta PP eta PSEk ez dute erantzun.

PNVk osoko zuzenketa bat aurkeztu du, ekimena edukiz hustuko lukeena. Izan ere, proposatzen duena hau da:
• IRPHa gardentasunik gabea dela, banketxeek beregan eragin dezaketela, merkatuaren isla ez dela eta kontsumitzaileentzat kaltegarria eta abusuzkoa dela adierazten duen zatia kentzea.
• banketxeei aplikatzeari utzi eta kobraturiko interesak eta desjabeturiko etxebizitzak itzultzeko eskaera kentzea.
• Europako agintaritzek erreferentzia indizeen inguruko araudi berrian banku zentralek prestaturiko indizeei salbuespenik ez egiteko eskaera kentzea.

Zuzenketa hori baztertu eta jatorrizko mozioa babesteko eskatzen zion gure gutuna aztertu egingo zuela esanaz erantzun zigun PNVko ordezkariak, baina ez du konfirmatu zein izango den azkenean bere jarrera.

Ostegunean, hortaz, Gasteizko Legebiltzarrean gertatzen denari adi-adi egongo gara. Eztabaida zuzenean jarraitu dezakezu Legebiltzarraren webgunetik, eta berri guztiak une oro ezagutu Twitter bidez gure @irphstop_gpzkoa kontua jarraituz.