Datorren ostegunean, irailak 19, Gipuzkoako Batzar Nagusiek IRPHa eztabaidatuko dute. Batzar Nagusiak Kutxaren erakunde fundatzaileetako bat dira, eta ordezkari bat dute bere Administrazio Kontseiluan. Ondorioz, eztabaida hau oso garrantzitsua da kaltetuontzat. Elkarte honek ez du inongo alderdi politikorekin erlaziorik, eta guztiz independientea da. Jakina denez, IRPH-aren lapurreta honek edozein ideologiatako jendea kaltetzen du. Hau argitu ondoren, gure arazoaren aurrean alderdi politikoek duten jarrera aztertu beharrean gaude.
PSE da Batzar Nagusietan eztabaida bultzatu duena. Ebazpen-proposamen bat aurkeztu dute, guk hitzez hitz izenpetu genezakena. Ministerioari eskatzen zaio berehala ezartzeko ordezkoa, eta hau Euribor+1 izan dadila. Badirudi PSE-k ahaztu duela hau PSOEren gobernuak egin ahal izan zuela 2011n. Izan ere, PSOE izan zen Europak behartuta IRPH indizeak bertan behera uzten zituen ministerio-agindua eman zuena. Baina hain gazki egin zuen (edo ongi, nork daki zer intentzio zuten)… Ez zuten ordezkoa ezarri, honetarako epe zabal bat eman zuten (PP-k luzatu egin duen epea) eta IRPH Entidades delakoa bertan behera uztea ahaztu zuen. Zentzugabekeria mordo bat… ez dute nahiko guk hori ahaztea noski.
Gainera, PSE-k bere idatzian proposatzen du Batzar Nagusiek eska diezaiotela Kutxabank-i gure hipotekek aurreikusten duten ordezkoa berehala aplikatzea. Honekin ere bat gatoz, ez dugu besterik eskatzen duela bi urtetik hona. Orain PSE-k hau bultzatzen du Batzar Nagusietan, Gasteizko Legebiltzarrean eta udaletxetan, baina Kutxaren Adiministrazio Kontseiluan bere ordezkariek kontra bozkatzen dute. Horregatik uste dugu proposamen hau Batzar Nagusietan egitea PSE-ren burla berri bat dela, eta horregatik helarazi nahi genieke gure gaitzespena bere batzarkideei: Eneko Andueza Lorenzo. Mikel Arrizabalaga Brusín, Julio Astudillo Rodrigo, Nerea Azpiazu Martínez, Maite Cruzado Barrenechea, Mikel Durán Gonzalo, María Jesús Egido Moreno, Susana García Chueca, Rafaela Romero Pozo eta Lore Suárez Linazasoro.
PNV-k aldiz PSE-ren antzerki honekin bat egiten du, eta osoko zuzenketa bat proposatu du. Bertan, Kutxari ezezik banketxe guztiei eskatzen die aurreikusitako ordezkoak berehala aplikatzeko. PNV-k Kutxabank kontrolatzen du eta ondorioz bere asmoa zintzoa balitz berehala egin lezake hau, Batzar Nagusietan, Gasteizko Legebiltzarrean eta udaletxetan denbora eta dirua xahutu gabe. Gure gaitzespena hauei ere: Markel Olano Arrese, Lourdes Alonso Sarasola, Joseba Antxustegi Maneiro, José Corchón Álvarez, Iñaki Egibar Larrañaga, Zorione Etxezarraga Ortuondo, Xabier Ezeizabarrena Saenz, Ainhoa Galdos Olazar, Martín Ibabe Ezeiza, Igor Iturain Ibarguren, Mª Angeles Lazkano Larrañaga, Eider Mendoza Larrañaga, Aintzane Oiarbide Iruretagoiena eta Arantzazu Rojo Gómez.
PP zorionez gutxiengo bat da gure artean, baina estatuko gobernua kontrolatzen du eta ondorioz bere batzarkideak lapurreta honetan konplize dira. Beraien izenak: Juan Carlos Cano Aristoy, Mª Asuncion Guerra Alonso, Iñigo Manrique Cía eta José María Murguiondo Casa.
Azkenik, elkarte honek Bildu-ren babesa eskertu nahi du. Gure alde egin dute eztabaida-gune guzti guztietan. Martin Garitano Diputatu Nagusiak eta Judit García eta Haritz Salaberria batzarkideek laguntzeko borondatez hartu gaituzte hitzordua egin dugun okasiotan. Eskerrik asko. Eta berriro diogu: elkarte hau independientea da, baina bakoitza bere lekuan jarri beharra daukagu.
Egitasmo honi buruzko dokumentazio guztia Batzar Nagusien webgunean topa dezakezu.