2017ko abenduaren 14ean ebatziriko epai batekin Espainiako Auzitegi Gorenak IRPHaren aplikazioa onetsiz indize honen kaltedunentzat urte amaiera zapuztu ondoren, urte hasieran berri onak bakarrik ari dira iristen kaltedun horientzat.
Alde batetik, urtarrilean zehar hiru kasu ezagutu dira non epaitegiek IRPHa baliogabetu duten, Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpidearekin kontraesanean eta Europako jurisprudentzia aplikatuz. IRPHaren aurkako borroka juridikoa oraindik ez dela itxi frogatu da honela. Espero zitekeen zerbait zen, Auzitegi Goreneko bi epailek eman zuten boto partikularra irakurrita, non esaten zuten IRPHa babesten zuen epaia Europako zuzenbidearen aurkakoa zela.
Orain ezagutu dugu gainera Bartzelonako lehen instantziako epaitegi batek eta Mallorcako Probintzia Auzitegiak Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren aurrean IRPHaren inguruko galdera egiteko tramiteak hasi dituztela.
Bartzelonako 38. Zenbakidun Lehen Instantziako Epaitegiaren kasuan, tramite hauek hasteko argitaratu den dokumentua ezagutu ahal izan dugu (eta hemen klik eginda eskura daiteke), eta bertan dio Europar Batasuneko eta espainiar estatuko zuzenbidearen arteko adostasunaren inguruko zalantzak sortzen direla, 2017ko abenduaren 14ean Espainiako Auzitegi Gorenak IRPHa babestuz ebatzi zuen epaiari erreferentzia eginez.
Bartzelonako epaileak Gorenaren epaiaren arrazoibidea zalantzan jartzen du, hau da, IRPHa indize ofiziala denez kontratuan sartzerako orduan inolako gardentasun kontrolik ez dela egin behar. Epaileak galdetzen du kontsumitzaileak klausula ulertu ahal izateko ez ote zaion IRPHaren konfigurazioari buruzko informazioa eman behar, eta indizearen ezaugarri polemikoetariko batzuk aipatzen ditu, azalduaz indizeak komisioak eta gastuak barne dituela, batez besteko sinple ez haztatua dela, desbiazioak zuzentzeko inolako mekanismorik ez duena, eta Euriborrarekin alderatuta gardentasunik gabea dela.
Epaileak bigarren zalantza bat ere erakusten du, eta galdetzen du klausula baliogabetuko balitz maileguak interesik gabe gelditu behar ote duen.
Epaitegiaren probidentziak pieza alderatu bat zabaltzen du Europar Batasunek Justizia Epaitegira galdera igortzeko, eta beraz Europako epaitegiak gaia aztertzeko tramiteak hasten ditu.
Argitu beharra dago Europako epaitegiak ez duela IRPHaren konfigurazioa aztertuko ez eta ona edo txarra den ebatziko. Aztertu beharko duena da ea abusuzko klausulen Europako araudia eskutan, IRPHa kontratuan sartzean gardentasuna beharrezkoa den ala ez. Baietz erabakitzen badu, Europako Epaitegiak berriz ere Espainiako Auzitegi Gorena zuzenduko luke, zeren eta kasu honetan Gorenak ebatzi zuen IRPHa indize ofiziala denez ezin dakiekeela banketxeei gardentasunik eskatu indize hori aplikatzean.
Oso berri ona da IRPH Stop Gipuzkoaren ustetan. Irabaziko dugula sinisten jarraitzen dugu. Bitartean, kaltedun guztiei animoak bidali nahi dizkiegu. Duela lau urte, 2014ean gure plataformak abusu honen aurkako epaitegietako borroka hasi eta IRPHaren klausula baliogabetzen zuen lehen epaia lortu zuenetik denbora gehiegi igaro da jadanik. Baina irabaziko dugu.
Eso supone que los procedimientos que estén pendientes de sentencia, ¿se suspenden?