Sergio Carreño IRPHaren aurka: ¡sí que es pot!

sergi

Sergio Carreño IRPHaren aurka borrokan dabilen adiskide katalana dugu. IRPHarekin iruzurra egin zion eta etxea kendu nahi dioen BBVAren aurka dabil, eta egunero jartzen da bulegoaren aurrean. Bertan IRPHaren iruzurraren inguruko informazioa banatzen du, askotan gure plataformaren kamixeta soinean duela. Borrokalari itzela da eta Donostian izan zen guri babesa ematen IRPH Entidades-en aurkako lehen salaketan.

Sergioren borroka ez da BBVAren aurka eta bere etxearen defentsan bakarrik: Sergiok estatuan 1.3 miliotik gora garen kaltetu guztien alde dihardu jo ta ke, eta horregatik eman nahi diogu gure esker ona eta gure babesa. ¡Sí que es pot!

Marcos Guerreiro IRPHaren aurka: ¡si se pode!

Marcos Guerreiro IRPHaren aurka borrokan dabilen adiskide galiziarra dugu. Iruzurra egin zion UCIren aurka dabil, eta salaketa aurkeztu du bere aurka. Maiatzaren 30an izango da epaiketa, bankuak berriz ere atzeratze bat lortzen ez badu behintzat.

Baina Marcosen borroka ez da UCIren aurka bakarrik eta ez da bere mailegura mugatzen: Marcoesk estatuan 1.3 miliotik gora garen kaltetu guztien alde dihardu jo ta ke, eta horregatik eman nahi diogu gure esker ona eta gure babesa. ¡Si se pode!

IRPH Cajas IRPH Entidades-ekin iruzurrez ordezkatzeagatik zigortu dute Kutxabank bigarren aldiz

justicia

GIPUZKOAKO PROBINTZIA AUZITEGIAK BIGARREN ALDIZ ZIGORTU DU KUTXABANK IRPH CAJAS INDIZEA IRPH ENTIDADESekin IRUZURREZ ORDEZKATZEAGATIK

IRPH STOP GIPUZKOAK XABIER ITURBEREN DIMISIOA EXIJITZEN DU

KUTXABANKek DBHko IKASLEEI EMATEN DIZKIEN IKASTAROAK BERTAN BEHERA UZTEKO ESKATZEN JARRAITZEN DU GAINERA

FISKALTZARI ESKATZEN DIO KUTXABANKek IRUZUR GEHIAGO EGIN OTE DITUEN IKERTZEKO OFIZIOZ ARITZEKO

Donostia, 2016-5-13

Aste honetan jakin dugu Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak berretsi egin duela IRPH Cajas IRPH Entidades-ekin iruzurrez ordezkatzeagatik Kutxabanken aurka ebatzitako bigarren zigorra. Bi kasuetan, bezeroek IRPH Cajas indizeari loturiko mailegua zuten, ordezko bezala Euribor+1 zutelarik. Eta bi kasuetan Kutxabankek bezeroak engainatu zituen IRPH Entidades-era aldaketa sinatu zezaten. Bezeroek ez zekiten ordurako IRPH Cajas indizea desagertzekoa zela ezaguna zenik, eta beraz bankuak ordezkoa aplikatzea ekidin nahi zuen, honek euren hileroko ordainketan beherapen nabarmena ekarriko zuelarik. Horregatik Kutxabankek IRPH Entidades indizera aldatzera behartu zituen, desagertu ez den IRPHaren aldaera bakarrera alegia.

Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek epaitegiek Kutxabank zigortzea lortu dute berriz ere, eta bankuak IRPH Entidades indizearen arabera kobraturikoak itzuli beharko ditu. Maileguak Euribor+1 indizearekin jarraituko du.

Aurreko epaiak, 2015eko apirilean, Kutxabanken aldetik iruzur egiteko asmo nabarmena izan zela frogatu zuen. Bigarren epai honek dio banketxearen irizpide orokorra zela maileguetan egiten zen edozein aldaketa indizea IRPH Entidades-era aldatzearekin baldintzatzea. Beraz, Gasteizko Legebiltzarrak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Gipuzkoako 30 udalbatzak baino gehiagok Kutxabank-i Euribor+1 indizera lehenbailehen aldatzeko eskatzen zioten bitartean, honek eskaera honi muzin egin eta IRPH Cajas indizearen aplikazioa ahalik eta gehien luzatzeaz gain IRPH Cajas IRPH Entidades-ekin aldatzen iruzur egin zuen.

Gertakari hauen muturreko larritasunaren aurrean IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak Kutxaren presidente den Xabier Iturberen dimisioa exijitzen du. Bera da hiritarron aurrezkiekin sorturiko aurrezki kutxa bat erakunde kriminal honetan bihurtzearen erantzule. Herritarrak epaitegietara jo behar dute orain erakundearen iruzurrei aurre egiteko.

Gainera, Hezkuntza Sailari berriz ere exijitzen diogu berehala eteteko Kutxabankek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako DBHko ikasleei ematen ari zaien ustezko prestakuntza saioak. Erakunde kriminal bat, Legebiltzarrari behin eta berriz entzungor egiten diona ezin da gure eskoletan egon, eta berehala kaleratua izan behar da.

Azkenik, frogatuta geratu denez Kutxabanken irizpide orokorra izan zela IRPH Cajas IRPH Entidades-ekin ordezkatuz iruzur egiten saiatzea, fiskaltzari eskatzen diogu ofizioz ekin diezaion ziurtzat jo ditzakegun beste kasu gehiagoren bila. IRPH Stop Gipuzkoan badakigu badirela kasu gehiago, eta ikerketetan laguntzeko prest gaude.

Erreferentzia-indizeen inguruko Europako araudi berria onartu dute, baina ez du IRPHan eraginik izango

EU_gald

Europako Parlamentuaren osoko bilkurak erreferentzia-indizeen inguruko araudi berria onartu du. Testuak oso oinarrizkoak diren betebeharrak ezartzen ditu, IRPHak betetzen ez dituenak, eta beraz bere desagerpena edo eraldatzea ekarriko luke. Baina araudi berria gabezia handi batekin jaio da: ez da banku zentralek prestaturiko indizeei aplikagarri izango, eta IRPHa, Espainiako Bankuak prestatua denez, araudi berria betetzeaz libratu egingo da.

Hau 2015eko maiatzaren 19an zuzendu ahal izan zen. Egun hartan araudi berriaren proiektua eztabaidatu zen, eta Europako ezker taldeak (EH Bildu, IU eta Podemos barne dituena) zuzenketa bat aurkeztu zuen salbuespen hau ezabatzeko. Baina zuzenketa baztertua izan zen PP, PSOE eta PNVren bozekin, besteren artean (informazio guztia egun hartan argitaratu genuen berri honetan duzu eskuragarri).

Bozketa haren ondoren hiru aldeen arteko negoziazio epea ireki zen, Europako Parlamentu, Kontseilu eta Komisioaren artean. negoziazio horiek amaituta, banku zentralek prestaturiko indizeen salbuespenak bertan jarraitu du, eta testua gaur izan da onartua bozketa bitartez.

Testuaren alde bozkatu dute, bankuen alde indarrak batuz, PP, PSOE, Ciudadanos, UPyD, PNV, CDC, eta Unió alderdiek.

Aurka bozkatu dute, bankuen abusuen arkako gure borrokari babesa emanaz, Podemos, Izquierda Unida, EH Bildu, Compromís, ERC, AGE eta Iniciativa per Catalunya Verds alderdiek.

Kutxabankek Gorenera jo du Arabako epaiaren aurka

salvavidas3

KUTXABANKek HELEGITEA JARRI DIO IPRHa BALIOGABETU ETA KOBRATURIKO INTERESAK ITZULTZERA ZIGORTZEN DUEN ARABAKO AUZITEGIAREN EPAIARI

ESPAINIAKO AUZITEGI GORENERA ZUZENDURIKO HELEGITEAN KUTXABANKek GASTEIZKO LEGEBILTZARRAK OPAKO, KALTEGARRI ETA ABUSUZKOTZAT JO ZUEN IRPHa BABESTEN DU

IRPH STOP GIPUZKOAren USTEZ DESOBEDIENTZIA JARRERA HAU KRIMINALA DA, ETA VILLALABEITIAren AGERRALDIA ESKATU DU

KUTXABANKek DBHko IKASLEEI EMATEN DIZKIEN IKASTAROAK BERTAN BEHERA UZTEKO ERE ESKATU DU

Donostia, 2016-4-22

IRPH Stop Gipuzkoak gaur egiaztatu ahal izan duenez, Kutxabankek Espainiako Auzitegi Gorenera zuzenduriko helegitea aurkeztu du IRPH Cajas eta IRPH Entidades indizeak baliogabetu eta salaketa jarri zuenari kobraturiko interesak itzultzera zigortu zuen Arabako Probintzia Auzitegiaren epaiaren aurka. Azken asteetako zurrumurruak baieztatu dira beraz.

Bere helegitean Kutxabankek IRPHaren alde egiten du, orain dela gutxi Legebiltzarrak interes tipo hau «opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa dela» adierazi zuen arren.

Modu honetan, Kutxabankek Espainiako Auzitegi Gorenera jo du besteak beste EAEko Merkataritza Arloko Epaitegi guztiek eta orain dela gutxi Arabako Probintzia Auzitegiak jarri dizkioten zigorrei aurre egiten saiatzeko. Eta helegite hori jartzean otsailean Gasteizko Legebiltzarretik jaso zuen agindu zuzenari entzungor egiten dio. Izan ere, Legebiltzarraren testuak banketxeei eskatzen die «utz diezaiotela IRPHa aplikatzeari» eta «itzul diezazkietela pertsona kontsumitzaileei indize horretan erreferentziaturik kobratutako interes guztiak», eta baita «IRPHko edozein motatan erreferentziatutako hipotekak exekutatzeagatik utzarazitako etxebizitzak» ere.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen ustez, Kutxabankek abusuzko indize honen babesean hartu duen Legebiltzarrarekiko jarrera desobediente hau kriminala da, desegokia eta gaitzesgarria baita. Gaur sekula baino ozenago Kutxabanken gaineko kontrol publiko eta soziala aldarrikatu eta bere pribatizazioa salatzen dugu. Aurrezki kutxak banku-fundazio bihurtzeko eta inolako kontrol publiko eta sozialik ez duten kudeatzaileen esku jartzeko erabakian atzera egin beharra dago.

IRPH Stop Gipuzkoak bi eskari konkretu dituen gutuna bidali die gaur bertan Gasteizko legebiltzarkide taldeei. Batetik, Gregorio Villalabeitiaren premiazko agerraldia galdegiteko eskatzen diegu.

Eta bestetik, Kutxabank Araba, Bizkai eta Gipuzkoako DBHko ikasleei ematen ari zaien ustezko prestakuntza finantzarioko saioak bertan behera utz ditzan Hezkuntza Sailari zuzenduriko ekimen parlamentario bat eskatu diegu. Legebiltzarrari desobedientea den banketxe kriminal bat ezin dugu gure eskoletan eduki, eta berehala kaleratua izan behar da.

Izan ere, hau ez da IRPHaren inguruan Legebiltzarretik jaso duen agindu bat desobeditzen duen lehen aldia: 2013ko ekainean Legebiltzarrak eskatu zion desagertzekotan zen IRPH Cajas aplikatzeari utzi eta bere kontratu batzuetan aurreikusia zegoen Euribor+1 berehala aplikatzeko. Kutxabankek ez zuen aldaketa berehala egin eta IRPH Cajas indizearen aplikazioa ahalik eta gehien luzatu zuen, bere desagerpen ofizialetik urte bete haratago.

Eta epaitegietan berriz, Kutxabankek hainbat zigor jaso ditu, baita IRPHa engainatzeko asmo argiz erabiltzeagatik ere, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak berretsi zuen epai batek ebatzi zuenez.

Legebiltzarrari behin eta berriz desobeditu eta hainbat aldiz kondenatua izan den banketxea da beraz. Hezkuntza Sailak ikastetxeetara sartzen uztea onartezina da. Berehalako kaleratze bat exijitzen dugu, eta ikastetxetan Kaleratzeak Stop elkarteko kideekin hitzaldiak antolatzeko aukera aztertzea gomendatzen dugu.

Andaluzia eta Galiziako Parlamentuek ere IRPHaren aurka egin dute

andaluzia_galizia

Pasa den apirilaren 7an, ostegunez, IRPHaren aurkako ekimen bat onartu du Andaluziako Parlamentuak. Ekimenaren alde bozkatu dute PSOE-A, Podemos eta IULV-CA-ek, eta baita PP eta Ciudadanos-ek ere, atal batzutan. Ekimenak IRPHa desagertzea eta abusuzko indize honen arabera bidegabe kobraturikoak itzultzea eskatzen du, eta IRPHaren kaltedun kopuru handienetarikoa duen erkidego batetik dator. Gure kalkuluen arabera, Andaluzia da IRPH hipoteka kopuru gehien dituen estatuko bigarren erkidegoa.

Hurrengo egunean, apirilaren 8an, Galiziako Parlamentu izan zen AGEk aurkezturiko IRPHaren aurkako ekimen bat aho batez onartu zuena. Ekimenak IRPHa bertan behera uztea eskatzen du, ez delako merkatuaren adierazgarri, eta banketxeek beregan eragina izan dezaketelako.

Berri oso onak dira, eta estatuko beste erkidegotan ere antzeko ekimenak bultzatzea espero dugu.