Gure aurreko berrian ezagutzera eman genuen bezala, ostegun honetan, abenduak 18, Donostiako udalbatzak IRPHa eztabaidatuko du. IRPHaren kaltedunoi gure dirua epaitegietara jo beharrik izan gabe itzultzeko eskatzen duen mozioa aurkeztu du EH Bilduk. Kutxabank indize honen arabera kobraturikoak itzultzera zigortzen duten epaiak 30etik gora diren honetan, bidezkoa familia guztiak epaitegietara jotzera ez behartzeko eskaera hau egitea.
Baina proposamen hau ez da PNV, PSE eta PPren gustukoa, eta emendakinak aurkeztu dituzte lapurturikoa itzultzeko eskaera ezabatuaz. Beraz, PNV, PSE eta PPk ez dute nahi IRPHak kaltetutakooi gurea dena itzultzerik. Beraiek jakingo dute arrazoia. Eta azaldu egin beharko dute, batez ere hauteskundeak hain gertu izanda.
Euren emendakinetan, PNV, PSE eta PPk arreta desbideratu nahi dute.
PNV eta PPren emendakin bateratuan, Eneko Goia eta Ramón Gómezek diote badaudela ordezkoa aplikatzen ez duten entitateak. Guk ez dugu kasu bat bera ere ezagutzen, eta beraz ez dugu uste udalbatzak hori aztertu behar duenik. Bigarren puntuan, ordezkoa aplikatzearen datarekin bazterrak nahastu nahian darraite, jakinik dagoeneko ez duela garrantzirik ordezkoa 2013ko azaroan edo 2014koan aplikatu, ze orain dagokiona IRPHaren arabera hipotekaren bizitza osoan ordainduriko kuota GUZTIEI atzerako eraginez aplikatzea baita.
PSEk berriz Ernesto Gascok sinaturiko emendakina aurkeztu du, bazterrak nahasteko bere nahian alderdi hau berriz ere barregarri uzten duena. Hasteko, diputatuen kongresuari eskatzen dio 14/2013 legea argitzeko. Orain legearen gaineko zalantzekin? Ba kongresuari argibideak Odón Elorzaren bidez eska ditzatela (bertan egon dadin ordaintzen baitiogu), eta ez udaletxean.
Baina onena bigarren puntuan dator, lehenbiziko puntuaren arabera ulertzen ez duten lege hori berehala aplikatzeko eskatzen baitute. Sinestezina.
Edozein modutan, PNV eta PPren estrategia berdina darrai PSEk ere: ordezkatzearen dataz hitz egin, garrantzitsuena ahaztuaz, lapurturikoaren itzultzea alegia. Eta hori jatorrizko mozioan oso garbi eskatzen den zerbait da.
Horregatik, PNV, PSE eta PPren zinegotziei dei egiten diegu euren emendakinak baztertu eta jatorrizko mozioa babes dezaten, dagoeneko 30 baino gehiago diren epaiek ezarri bezala bidegabe kobratu dizkigutenak itzultzea eskatuaz.