
Gure kalkuluen arabera, Katalunia da IRPHak eragindako hipoteka gehien dituen estatuko erkidegoa. Horien artean, asko eta asko dira gaur egun desagertua dagoen IRPH Cajas indizeari loturiko Caixabank-en mailegua dutenak. Mailegu horiek IRPH Cajas indizea desagertzearen balizko kasua aurreikusten zuten, eta lehen ordezko bezala CECA indizea ezartzen dute. Indize hau ere desagertu egin denez, milaka familiak ikusi dute euren maileguan aurreikusiriko bigarren ordezkoa aplikatu zaiela, hau da, kalkulatu ahal izan den azken interesa finko gelditzea, betiko. Honek esan nahi du Katalunian (eta baita handik kanpo ere) milaka familia daudela %4etik gertu dauden interes tipo finkoak ordaintzen (aplikatu zitzaien azken IRPH Cajas-a). Sekulako astakeria, Euriborra zero azpitik dagoen honetan.
Testuinguru honetan, Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek, Abogados Res bulegotik, Tarragonako Merkataritza Arloko Lehen Epaitegian lortu duten garaipen baten berri eman dute. Lortu duten epaiak Caixabank-en interes finko hori baliogabetu du, eta ezarri du maileguak interesik gabe jarraitu behar duela. Beraz, familia horrek ikusiko du bere maileguaren interes tipoa ia %4eko izatetik %0koa izatera igaroko dela.
Banketxeak epaiari helegitea jar diezaioken arren, oso berri onak dira egoera berdinean dauden milaka familientzat.
Epai berdinak ezartzen du IRPH Cajas indize manipulagarria dela, baina erabaki sinestezin batetan gehitzen du hori ez dela hori salatzeko leku aproposa, eta beraz maileguaren hasieratik indize horren arabera ordainduriko interesak itzuli beharra ez du onartzen.
Epaia eskuragarri dago gure webguneko “Epaitegiak” atalean, eta hemen klik eginda ere ikus dezakezu.