PNV=PSE=PP troikak IRPHa babestu du Batzar Nagusitan

PNV=PSE=PP troikak gaurko Gipuzkoako Batzar Nagusitako Osoko Bilkuran IRPH Entidades indizea bertan behera utzi eta IRPH guztiekin entitate guztiek kaltetu guztioi lapurtu diguten guztia itzultzearen aurka bozkatu du.

Aretoan ginen kaltetuenganako euren sentsibilitatearen neurri garbia da erakutsi duten kezka bakarra: gu saioa grabatzen ari ote ginen.

Hau da argitara eman dugun prentsa-oharra:

EPAI-ZAPARRADAREN ERDIAN BATZAR NAGUSIEK IRPHaren KALTEA JASAN DUTEN FAMILIEKIN JUSTIZIA EGITEA BAZTERTU EGIN DUTE

DAGOENEKO HIRU DIRA IRPHa BALIOGABETU ETA KUTXABANK ZIGORTU DUTEN EPAIAK

LAISTER 33 IZANGO DIRA

Donostia, 2014-11-5

Gipuzkoako Batzar Nagusiek EH Bilduren ebazpen proposamen bat eztabaidatu dute gaur, non entitate finantzario guztiei eta bereziki Kutxabanki eskatzen zitzaien IRPHa aplikatzeari utzi eta Euribor+1 indizearekin ordezkatzeko, atzerako eraginez. Proposamena PNV, PSE eta PPren botoekin baztertua izan da.

Eztabaida IRPHa baliogabetu duen hirugarren epaia ezagutu eta hurrengo egunean iritsi da. Hirugarren epai honek ere IRPHa baliogabetzeaz gain Kutxabank zigortu du indize honen arabera bidegabe kobraturiko interes guztiak itzultzera.

Gainera, datorren astelehenean, hilak 10, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko kideek jarritako 30 salaketei dagozkien aurretiko bistak ospatuko dira, eta beraz laster 33 izango dira IRPHa baliogabetzen duten epaiak.

Elkarte honek PNV, PSE eta PPren jarrera baztertzen du. Jakin nahiko genuke zenbat epai beharko diren IRPHak kaltetutako familia guztiekin justizia egin dadin. Ez da bidezkoa egoera berdinean dauden dozenaka milaka familiek epaitegietara jo beharra izatea lapurtu zaiena itzultzea lortzeko, eta horixe da PNV, PSE eta PP-k babesten dutena Batzar Nagusitan eta Kutxabanken aginte organoetan duten jarrerarekin.

Gaur egun IRPH Cajas indizeari loturiko Kutxabanken hipoteka guztietan kontratuak egintzen duen Euribor+1 ordezko indizea aplikatzen da. Kutxak ordezkatze hau legediak utzi dion guztia atzeratu du, horretarako erakunde publikoetatik jaso dituen deiei muzin egin behar izan badie ere. Gasteizko Legebiltzarrak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Kutxaren sortzaile diren Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udaletik jaso zituen dei hauek, besteak beste. Edozein modutan, kaltetuek, eta baita justiziak ere, uste dute IRPHa aplikatzea abusuzkoa izan dela maileguaren hasiera unetik beretik, eta ondorioz interesak itzultzea dela bidezkoa.

IRPH Entidades delako indizeari dagokionez, indarrean jarraitzen du nahiz eta hau ere abusuzkoa izan, eta Kutxabankek aplikatu egiten du, batez ere babes ofizialeko etxebizitzen maileguetan.

PNV, PSE eta PPren botoekin baztertua izan den EH Bilduren ebazpen proposamena oso egokia zen, IRPH guztiak (IRPH Entidades delakoa barne) bertan behera utzi eta entitate finantzari guztiek IRPH aldaera guztiekin kaltetu guztiei kobraturiko interes guztiak itzultzeko eskatzen baitzuen.

IRPHa baliogabetzen duen hirugarren epaia

hirugarrena

Gaur, 2014ko azaroaren 4ean, IRPHa baliogabetzen duen eta banketxea bidegabe kobraturikoak atzerako eraginez itzultzera zigortzen duen hirugarren epaia ezagutu dugu.

Berriz ere Kutxabank-en hipoteka bat da, eta epaia Abogados Res despatxoak lortu eta argitaratu du. Bufete honetan egiten dute lan Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek, gure elkarteari musu-truk laguntzen diotenak.

Hiru dira epaiak, eta datorren astelehenean, azaroak 10, Kutxabanken aurka arrazoi berdinekin elkarte honetako kideok jarri genituen 30 salaketen aurretiko bistak ospatuko dira. Beraz laster 33 izango dira epaiak.

Galdera da: zenbat epai beharko dira IRPHaren edozein aldaeraren kaltedun guztioi lapurturikoa itzultzeko epaitegietara jo beharrik izan gabe?

Bihar, azaroak 5, Gipuzkoako Batzar Nagusitan EH Bilduren ekimen bat eztabaidatuko da. Bertan IRPHaren aldaera guztiak bertan behera utzi eta banketxe guztien IRPH guztien kaltetu guztiei lapurturikoa itzultzeko eskatzen da, epaitegietara jo beharrik gabe. PNV, PSE eta PPri dei egiten diegu ekimenaren alde bozka dezaten.

IRPHa baliogabetzen duen bigarren epaia

justicia-irph

Mailegu batetan IRPHa baliogabetzen duen bigarren epaia lortu berri dugu. Berriz ere Kutxabanken mailegu bat da, eta entitatea zigortua izan da ordezko indizea (Euribor+1, kontratuak hori zioelako) atzerako eraginez aplikatzera, maileguaren haseratik IRPH Cajas indizearen arabera ordainduriko kuota guztiei, diferentzia kaltetuari itzuliaz. Gure borrokan aurrerapausu itzela da, eta bereziki pozik gaude Lorenak eta bere alabak Kutxabankek kendu zien babes ofizialeko etxebizitza berreskuratu baitezakete.

Hementxe duzu epaia, eta ondorengo hau da argitara eman dugun komunikatua:

KUTXABANKen MAILEGU BATETAN IRPHa BALIOGABETZEN DUEN BIGARREN EPAIA

LORENA ETA ALABAK KUTXABANKek 2.900€ko ZORRAGATIK KENDU ZIEN BABES OFIZIALEKO ETXEBIZITZA BERRESKURATZEA ESPERO DUTE

KALERATZEAK STOP ETA IRPH STOPek ITURBEren DIMISIOA EXIJITZEN DUTE

Donostia, 2014-10-22

Aste honetan ezagutu den Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiaren epai batek Kutxabank zigortu du IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko kide bati IRPH Cajas indizea aplikatzeagatik. Estatu mailan IRPHaren aurkako borrokan garrantzi honetako garaipen bat lortzen den bigarren aldia da.

Aurreko epaia ere IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen talde juridikoak lortu duzen, eta kasu hartan ere maileguaren bizitza osoan zehar IRPHaren arabera bidegabe kobraturiko guztiak atzerako eraginez itzultzera zigortua izan zen Kutxabank. Justiziak kaltedunen aldarrikapena babesten du horrela, IRPHa entitateek moldatu dezaketen indizea eta beraz indarrean dagoen legediaren aurkoa dela onartuaz. Ondorioz, bertan behera geratzen da eta hipotekaren bizitza osoan zehar kobraturiko interesak itzultzea exijitzen da.

Aste honetan ezaguturiko kasuan, salaketa jarri zuena Errenteriako lagun bat da, hipoteka ordaintzean atzeratu eta babes ofizialeko etxebizitza galdu zuena, Kutxabankek kontratua bertan behera utzi baitzuen 2.900€koa besterik ez zen atzerapen baten ondorioz.

Lorenak eta alabak, Kaleratzeak Stop elkartearen laguntzaz, exekuzioaren aurka egin zuten epaitegitan, eta justiziak onartu zuen Kutxabankek gutxienez bi abusuzko klausula aplikatu zituela euren kontratuan: posizio zordunen erreklamazio komisioa eta %17ko berandutze interesak. Kutxabankek, Lorena eta alaba etxegabetzeko grinak itsututa, helegitea jarri zuen, baina Entzutegi Probintzialak epaia berretsi zuen: Kutxabankek aplikaturiko abusuzko klausulak baliogabetuak izan ziren, baina exekuzioa ez zen gelditu.

Lorenak Kutxabanken aurka salaketa jarri zuen IRPHa aplikatzea ere abusuzkoa dela ulertuta, eta justiziak arrazoia eman dio orain. Talde juridikoak 2.900€-ko atzerapena birkalkulatuko du orain. IRPHaren, komisioen eta berandutze interesen eragina kontuan izanik, eta guztiak abusuzkoak direlako baliogabetuak izan direlarik, oso litekeena da Kutxabankek kontratua eten zuenean Lorenak bere maileguaren ordainketan inolako berandutzerik ez izatea.

Horregatik Lorena eta alabak euren etxea berreskuratzea espero dute, Kutxabankek abusuzko klausula hauek guztiak erabiliaz bereganatzeko zalantzarik izan ez zuen babes ofizialeko etxebizitza bat.

Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop elkarteok berri hau ospatzen dugu, eta uste dugu Lorena eta bere alabaren kasua Kutxabankek IRPHaren inguruan egin duen kudeaketa zitalaren adibide garbia dela. Kutxabanki, PNV, PSE eta PPri exijitzen diegu zekenak ez izateko eta helegiterik ez jartzeko, epaia lehenbailehen aplikatuaz eta Lorena eta bere alabari euren etxebizitzaren jabetza itzuliaz.

Gainera, epaiaren aplikazioa IRPHaren aldaera guztien kaltetu guztiei zabaltzea exijitzen dugu, euren maileguen bizitza osoan IRPHaren arabera kobratu zaizkien diru guztiak itzuliaz. Gogoratu behar da IRPH aplikatzeagatik Kutxabanken aurka jarritako 30 salaketatik gora dagoela epaiketaren zain, eta dagoeneko irabazi duten bi salaketa hauen parekoak direla. Kutxabankek amore ematen ez badu, justizia administrazioa bere aurkako milaka salaketarekin kolapsatuko du.

Bestalde, Xabier Iturbek ostiralean ospatuko den Kutxaren Batzar Orokorrean dimisioa eman dezala exijitzen dugu. Bere agindupean bidegabekeria gehiegi egin dira, eta Lorena eta bere alabarekin erabili duten bihozgabekeriak muga guztiak gainditu ditu. Tipo honek ezin du Kutxaren garai berrian buru izaten jarraitu.

Garai berri honetan, Kutxabanken kontrol publiko eta soziala ezinbestekoa da honelako bidegabekeriak berriro gerta ez daitezen. Horretarako, PNV, PSE, PP eta CCOO-k ostiralean Kutxa banku-fundazio bilakatzea ekiditea da lehen urratsa, hobeagoak eta legezkoak diren alternatibak baitaude. Horregatik, ostiralean Kutxaren batzar nagusiaren parean deitu diren mobilizazioetan esku hartzeko dei egiten diogu gizarteari.

Andia kalean egigo den kanpaldian Lorena eta kaltetu gehiago egiongo dira, euren kasuak azaltzen.

Kutxabank, iruzur egiteko asmo gaiztoz IRPH Entidades aplikatzeagatik zigortua

iturbe-dimision

KUTXABANK, ZAILTASUNAK ZITUEN FAMILIA BATI «IRUZUR EGITEKO ASMO GAIZTOZ» IRPH ENTIDADES APLIKATZEAGATIK ZIGORTUA

DONOSTIAKO MERKATARITZA ARLOKO EPAI BATEK KUTXABANKEN JOKAERAN ENGAINUA IKUSI DU

GERTAERA HONEN MUTURREKO LARRITASUNAREN AURREAN, XABIER ITURBEren DIMISIOA EXIJITZEN DUGU

Donostiako Merkataritza-Arloko Epaitegiaren 2014ko irailaren 30eko epai batek mailegu hipotekario baten nobazio-kontratua baliogabetu du Kutxabanken jokaeran engainua ikusi baitu familia bati IRPH Entidades aplikatzean. Kutxabank Euribor+1 atzerako eraginez aplikatzera zigortua izan da, eta prozesuaren kostak ordaintzera ere bai.

Familia honek 2007. urtean mailegu hipotekario bat sinatu zuen Kutxarekin, hogei urteko epearekin. Hipoteka hori, Gipuzkoan Kutxaren beste milaka hipoteka bezalaxe, IRPH Cajas indizeari lotua izan zen, indize hori desagertuko balitz ordezko bezala Euribor+1 ezarriaz.

2012ko ekainean, IRPH Cajas dagoeneko %4eko balioetara gerturatzen ari zelarik, familiak zailtasunak zituen hipoteka ordaintzeko, eta banketxera jo zuen. Ordurako indarrean zegoen 2011ko urriaren 28ko EHA/2899/2011 Ministerio-Agindua (gardentasun eta banku-zerbitzuen bezeroen babeserakoa), zeinek IRPH Cajas indizearen desagerpena ezartzen duen. Ondorioz, Kutxabankek bazekien laister Euribor+1 ordezkoa aplikatu beharko zuela, familia honen egoera nabarmen arinduaz, Euribor+1 indizea IRPH Cajas indizearen oso azpitik baitzegoen.

Gogoratu behar da IRPH Cajas indizea Euribor+1 ordezkoarekin ordezkatzea oso polemikoa izan dela Kutxabanken, entiate honek ordezkatzea ahal duen guztia atzeratu baitu, legeak utzi dizkion zirrikitu guztiak erabiliz eta horretarako kaltetuoi, erakunde sortzaileei eta Gasteizko Legebiltzarrari berari entzungor eginez.

2012ko ekainean familia honek banketxera jo zuenenan, Kutxabankek ez zion esan laister Euribor+1 ordezkoa izango zutenik eta ez zion ordezko hori aplikatu, eta mailegua beste zortzi urtez luzatzea eskeini zion, modu horretan hileroko kuota zerbait jeiste aldera, nahiz eta horrek zorrarengatik interesak ordaintzeko epea luzatzea ekarriko zuen.

Ondoren sinatu zuten nobazio-kontratuan, eta familiari ezer esan gabe, Kultxabankek desagertzear zegoen IRPH Cajas indizea indarrean jarraituko zuen eta darraien IRPH Entidades indizearengatik aldatu zuen. Modu honetan, Kutxabankek adosturiko Euribor+1 ordezkoa ez aplikatzea bermatu zuen, honek kontratuari dagbokion interes tipoaren beherapen nabarmena ekarriko bailuke.

2014ean familia honek IRPH Stop Gipuzkoa elkartera jo zuen, eta Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek epaitegietara eraman zuten kasua.

Kutxabank zigortzen duen epaia

Salaketa guztiz onetsia izan da, eta epaiak dioenez «entitateak familiari esan behar izan zion, alde batetik, IRPH Cajas desagertzear zegoela, eta bestalde, IRPH Entidades indizearekin ordezkatzeko erabakia ez zela neutroa, azken hau beti Euribor indizearen oso gainetik egon baita, puntu bateko diferentziala errez gaindituaz. Datu hauek ez ematea omisio larria izan zen».

Ondorioz, nobazio-eskritura baliogabetzen da eta Kutxabank zigortzen da «salaketa jarri dutenei bidegabe kobraturiko kantitateak itzultzera», kuotak Euribor+1 ordezko indizearekin berriz kalkulatuaz. Gainera, Kutxabank prozesuaren kostak ordaintzera ere zigortu du epaileak.

Epaia bereiki gogorra da Kutxabanken jokaerak engainua suposatzen duela esatean (gaztelerazko dolo), hau da, norbaiti iruzur egiteko asmo gaiztoa. Hau frogatzeko, entitateak «azpikeria engainagarriak» erabili zituela dio, ez baitzuen familia informatu, eta mailegu-emaileari nabarmen komeni zaion erreferentzia tipoa sartu zuen kontratuan, ordezko bezala adosturikoa indarrean sartzea ekiditen baitu. Kutxabanken jokabidea larria dela dio, entitateak ez baitzuen IRPH Cajas indizea desagertzera zioala azaldu, eta ondorioz bezeroarentzat askoz abantailagarriagoa zen interes tipo bat, hau da, oinarrizko kontratuan aurreikusiriko Euribor+1 indizea erabiltzeko aukera zegoela.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen balorazioa

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak uste du Kutxabanken jokabidea oso larria dela, eta epaiarekin ados dado, beti aldarrikatu dugun bezala Kutxabank fede oneko zordunekin kupidagabeena den entitatea dela konfirmatzen baitu.

Ez da onargarria helburu sozialekin eta gipuzkoarrak laguntzeko intentzioz sorturiko aurrezki kutxa batek bere mailegua ordaintzeko zailtasunak dituen familia bat fede gaiztoz engainatu izana.

Tamalez, engainu hau ez da arazo isolatua, eta horren froga da entitateak ez duela arazoa konpondu nahi izan eta kalteturiko familia epaitegietara jotzera behartu duela.

Gure aurrezki kutxen kudeaketa tamalgarri honen erantzuleka ezin dute zigor gabe gelditu. Xabier Iturbe Kutxako presidenteak dimisioa eman behar du, familia hau enaginatu izanaren erantzule delako eta baita gure aurrezki kutxaren degenerazioaren errudun ere.

Kutxabanken kontrol publiko eta soziala inoiz baino beharrezkoagoa dela frogatzen du honek. PNV, PSE eta PPri exijitzen diegu Kutxa banku-fundazio bihurtzeko dituzten planak bertan behera uzteko, eta Kutxabank pribatizatzeko prozesua eteteko. Xabier Iturbe (PNV) eta José Miguel Martín Herrera (PSE) Kutxaren erantzunkizunezko postuetatik kentzeko exijitzen dugu halaber. Gure aurrezki kutxen printzipioak traizionatu izanaren erantzuleek ezin dute euren postuetan egun bat gehiagoz jarraitu.

Hemendik jeitsi ditzakezu: epaia eta gure prentsa-oharra.