Irailaren 22an denok Donostiara

irailaren22a

Irailaren 22an Donostiako epaitegian IRPH Entidades aplikatzeagatik Kutxabanken aurka jarririko salaketari dagokion epaiketa ospatuko da. Klausula hori bertan behera utzi eta maileguaren hasieratik bidegabe kobraturiko guztiak itzultzea eskatzen da. Epaitegi berdinak zigor hori jarri zion Kutxabanki IRPH Cajas aplikatzeagatik, eta beraz antzeko zerbait espero dezakegu. IRPH Entidades indizearen aurkako borrokan lehen garaipen judizial garrantzitsua litzateke. Indize kriminal hau oraindik ere indarrean dago eta milioitik gora familia kaltetzen ditu espainiar estatuan.

Herritarrei dei egiten diegu irailaren 22an goizeko 10:30tan Donostiako epaitegietara joateko (Teresa de Calcuta Plaza 1, Donostia – San Sebastián). Eragile sozial eta alderdi politikoei ere zabaltzen diegu deia, kalteturiko familien babesean etor daitezen.

IRPH: Espainiako Bankuak justiziarekin elkarlanean aritzeari uko egin dio

topsecret

IRPHaren inguruko sekretismo eta gardentasun eza neurri zentzugabeetara iritsi da. Espainiako Bankuak ezezko borobila eman dio Donostiako epaitegi baten informazio eskaerari, IRPH Entidades aplikatzeagatik Kutxabanken aurkako salaketa baten harira.

Kutxabank izan zen proba bezala Espainiako Bankuaren txosten bat eskatu zuena, IRPHaren manipulazioagatik inolako zigor-espedienterik egon den zehaztuz. Suposatzen dugu Kutxabankek espero zuela inolako zigorrik egon ez dela esango zuen txosten bat jasotzea. Azpimarratzekoa da horrelako txosten batek ere ez liokeela inolako arrazoirik emango, bi arrazoi nagusi hauek medio:

  1. Espainiako Bankuak esango balu inongo manipulaziorik ez duela ezagutzen (gertatu ez den hipotesia), honek ez luke frogatuko inoiz gertatu ez denik.
  2. Inolako manipulazioaren frogarik ez balego ere (eta ez dakigu horrela den), honek ez luke arrazoi ukaezin bat baliogabetuko: banketxeek indizean eragina izan dezakete, eta eragiteko aukera izate hutsak (berdin dio bidegabe eragitera iritsi diren ala ez), indizea indarrean dagoen araudiaren kontrakoa izatea dakar. Hauxe da epaitegi berberak Kutxabanken beste hipoteka batetan IRPHa baliogabetzeko erabili zuen argudio nagusia.

Baina ezustekoa Espainiako Bankuaren erantzunarekin iritsi da, sekretu profesionalaren argudioarekin uko egin baitio epaitegiari entitateek Espainiako Bankuari hilero ematen dioten informazioa eta gai honen inguruan inolako zigor-espedienterik egon denaren inguruko informazioa emateari. IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak dokumentu hau eskuratu du, eta hemen ikus dezakezu.

Nabarmena da Espainiako Bankuaren erantzuna ez dela Kutxabankek espero zuena, indizearen gardentasun ezaren inguruko gure salaketak indartu egiten baititu. Badaude gainera irregulartasun gehiago, eta gure IRPH txostenean azaltzen ditugu guztiak.

IRPH Entidades aplikatzeagatiko salaketa honi dagokion bista irailaren 22an ospatuko da Donostian, eta elkarte honek espero du IRPH Cajas indizearekin lortutako emaitza berbera lortzea: IRPH bertan behera uztea eta Kutxabank zigortzea bidegabe kobraturiko interesak itzultzera.

IRPHaren aurkako udazken beroa

udazkena

Udazkena oso bero dator Gipuzkoan IRPHaren aurkako borrokan, batez ere epaitegietan eta batez ere Kutxabanken aurka:

  • Irailaren 22a: IRPH Entidades aplikatzeagatik Kutxabanken aurkako salaketari dagokion epaiketa. Kutxabankek behin baino gehiagotan esan du ez duela IRPH Entidades aplikatzen baina gezurra da eta epaiketa hauxe da froga. Kasu honen garrantzia dela eta, estatu guztiko kaltetuak etorriko dira Donostiara egun honetan.
  • Azaroaren 10 eta 17a: IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko kideek IRPH Cajas aplikatzeagatik Kutxabanken aurka aurkezturiko 36 salaketei dagozkien aurretiko bistak.
  • Datarik gabe: PNV, PSE eta PPren erabakiz, Kutxabakek helegitea jarri zion IRPHa Euribor+1 indizearekin atzerako eraginez ordezkatzera zigortu zuen epaia (kaltetuei dirua itzuliaz). Helegite honen aurrean Gipuzkoako Probintzia Auzitegian bista ospatzea eskatu dugu eta data ezarri zain gaude.

Eremu politikoan, Gipuzkoako Batzar Nagusitan laister PSEren proposamena eztabaidatuko da, non Diputazioak IRPHaren kaltedunoi diru publikoa aurreratzeko proposatzen den. Proposamen hau Kutxako administrazio kontseiluan duen bozkaren bitartez IRPHa defendatzen duen alderdi batetik dator eta pailazokeri hutsa da. Beno, pailazokeria ez, kontraesana da:

Kutxak helegitea jarri du, PNV, PSE eta PPren babesaz

salvavidas

Gaur jakinarazi digute Kutxak helegitea jarri duela mailegu batetan IRPHa baliogabetu zuen epaiaren aurka. Epai hark Kutxa zigortu zuen gehiegikeriaz kobraturiko interesak itzultzera, IRPHaren arabera ordainduriko guztiak Euribor+1 indizearekin berriz kalkulatuaz.

Helegite hau Kutxaren arduradun politikoei helarazi genien eskabidearen ondoren dator. Eskaera hartan, epaia onartu eta kaltedun guztiei aplikatzeko deia egin genien. Gasteizko legebiltzarrean izan zen eztabaidan, EH Bilduk proposatu zuen Kutxari aldarrikapen hori helaraztea, baina PNV, PSE eta PP-k aurka egin zutens. Beraz, familiek jakien behar dute PNV, PSE eta PPk ez dutela gehiegikeriaz kobraturiko interesak berreskuratzerik nahi. Hala ere, helegitearekin ez dute askorik lortuko. IRPHa abusuzkoa eta indarrean dagoen legediaren aurkakoa dela frogatzen duten argumentuak ditugu, eta amaieraraino jarraituko dugu borrokan.

Orain hamar eguneko epea dugu Kutxaren helegiteak aurkezten dituen argumentuen aurka egiteko, eta ez zaigu zaila suertatuko.

IRPH Entidades indizearen aurkako aurretiko bista

140714_epaitegiak

IRPH Entidades delako indizea aplikatzeagatik Kutxaren aurka jarritako lehen salaketaren aurretiko bista ospatu da gaur Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegian. Gaur ospatu den bistaren aurretik, epaitegi berdinak IRPH Cajas aplikatzeagatik aurkezturiko salaketa bat bere osotasunean berretsi eta Kutxa zigortu zuen maileguaren bizitza osoan zehar bidegabe kobraturiko interes guztiak itzultzera.

Gaurko saioan Kutxak Espainiako Bankuaren txosten bat eskatu du, bertan azaldu dezan indizearen manipulaziorik gertatu den edota horren inguruan inolako espedienterik zabaldu duen. Maite Ortiz eta José María Erauskinek, IRPH Stop elkartearen talde juridikoaren kide eta Kaleratzeak Stop elkartean ere laguntzen dutenek, ez diote garrantziarik eman Kutxaren eskabideari. Salaketak, eta IRPH Cajas aplikatzeagatik Kutxa zigortu zuen epaiak, ez dute indizea nahitaez manipulatua izan denik defendatzen, baizik eta berau kalkulatzeko metodoak emaitzarengan eragina izateko aukera ematen duela. Aldeetako batek eragiteko ahalmena izatea da indizea baliogabe izateko arrazoia, eta ez dago manipulatua izan dela frogatu beharrik.

Abokatuak baikor azaldu dira, eta IRPH Cajas baliogabetu zen moduan IRPH Entidades ere baliogabetu eta Kutxabank berriz ere zigortuko duen epai bat espero dute. Izan ere, bi indizeak guztiz parekoak dira, Kutxak berak orain dela gutxi onartu zuen moduan. Pasa den ekainaren 12an komunikabideei zuzenduriko idatzi batetan, Kutxaren kontseilari eta PNVko kide den María Jesús Aranburuk zioen moduan, «IRPH Cajas manipulagarria baldin bada, IRPH Bancos eta IRPH Entidades ere hala dira».

Idatzi berean, kontseilari jeltzaleak zioen Euribor+%1 aplikatzea «Kutxaren bezeroen errealitate abantailatsua» dela, IRPH Entidades aplikatzen duten banketxeekin alderatuz. Kontseilari andereak ahaztu egin zuen antza Kutxak berak IRPH Entidades ere aplikatzen duela.

Gogoratzekoa da nola pasa den maiatzaren 30ean talde juridiko berak Kutxaren partetik iruzur garbi bat jasan duen bezeroaren kasua eraman zuen. Bezero honek IRPH Cajas zuen bere maileguko indize gisa, eta indize hau desagertzekotan zela eta bezeroaren kuota jeitsi egiongo zela jakinik, Euribor+%1 baituzen ordezko gisa, Kutxak IRPH Entidades indizera aldatzea sinatu arazi zion, jakinik azken hau oraingoz ez dela desagertzen eta Euriborraren oso gainetik mantentzen dela. Honelako iruzur garbien aurrean, IRPH Stop elkarteak deialdi berezia egiten die Kutxaren bezeroei, arreta handiz joka dezaten, eta elkartearengana jo dezaten informazio eske.

Gaur aztertu den salaketak berebiziko garrantzia du. Izan ere, IRPH Cajas-en kasuan bezala IRPH Entidades baliogabetzea lortzen bada, estatu mailako lehen epaia litzateke. Horregatik, estatuko kaltedunen beste plataforma batzu ere izan dira gaur IRPH Stop Gipuzkoa elkartearekin batera epaitegian.

Kaltedunen helburua bidegabe kobraturiko guztiak itzultzea da. Eta gainera, ohiko etxebizitza erosteko maileguak aldeetako batek eragin ezingo duen interes tipoekin lotzea, eta goiko muga edo sabai batez babestea. Etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzeko neurri ezinbestekoak dira.

Gaur azterturiko kasuaren ahozko bista irailaren 22an ospatuko da.

156/14 epaiari argibidea

aclaracion

Donostiako Merkataritza-Arloko 1. Epaitegiaren epaia ezagutu genuenean, zeinek Kutxabank zigortzen zuen gure adiskideen mailegutik IRPH Cajas kendu eta indize hau aplikatu zitzaien momentutik legez kanpo kobraturiko guztia itzultzera (interesekin eta prozesuaren gastuak ere ordainduaz), gure zerbitzu juridikoek akats bat ikusi zuten legez kanpo kobraturiko interes horiek noiztik itzuli behar diren ezartzen zuen datan. Irudian ikus daiteke jaso berri dugun zuzenketa: Condenar a Kutxabank S.A. a reintegrar a los demandantes la diferencia entre el IPRH Cajas y Euribor + 1% que estos han abonado desde enero de 2010 hasta la fecha (haseran epaiak 2011ko urtarrila aipatzen zuen). Epaia eta zuzenketa hemen ikus ditzakezu.

Argi geratzen da beraz IRPHaren arabera ordaindu ditugun interes guztiak direla legez kanpokoak. Orain Kutxabankek hogei eguneko epea du helegitea jartzeko. Berriz ere, PNV, PSE eta PPri dei egiten diegu erantzunkizunez jokatu eta epaia onartu dezaten, IRPHaren kaltedun guztioi aplikatuaz.