Aurretiko bista ospatu ondoren, Donostiako Lehen Auzialdiko 7. Epaitegian epaiaren zain geratu da gaur Kutxaren aurka IRPH Cajas indizea desagertu ondoren aplikatzen jarraitzean kontratua urratzeagatik aurkezturiko salaketa. Salaketa IRPHaren Kaltedunen Gipuzkoako Elkarteak bultzatu du eta Kaleratzeak Stop taldearen babesa du.
Kutxaren aurka IRPH aplikatzeagatik aurkeztu diren salaketen artean bigarrena da hau. Lehenbizikoaren epaia egun gutxi barru ezagutzea espero da, eta bertan IRPH aplikatzea abusuzko klausulatzat hartua izatea eskatzen da. Indize honek hilean 400 euro arteko gehigarria ordaindu behar izatea dakar kaltedunentzat, eta bere kalkuluan irregulartasun larriak ditu, elkartearen webgunean ikusgai dagoen txosten batek frogatzen duenez.
Kaltedunek Ada Colau-ren babesa jaso zuten orain dela gutxi, Donostiara espreski etorri zenean. Eta atzo Martin Garitano Diputatu Nagusiak harrera egin zion kaltedunen ordezkaritza bati.
Gaur epaiaren zain geratu den kasuan, aztergai dagoena da ea Kutxak kontratua urratu ote duen IRPH Cajas indizea aplikatzen jarraitzean, 2013ko azaroaren 1ean ofizialki esagertu ondoren ere.
Kutxaren hipotekek Euribor+1 ordezkoa aurreikusten dute IRPH indizea desagertzearen balizko kasurako. Eta 2011n Gardentasunerako Ministerio Agindu batek IRPH Cajas desagertzera kondenatu zuenetik kaltedunek adosturiko ordezkoa aplikatzeko eskatzen diote Kutxari. Gasteizko Legebiltzarrak eta Gipuzkoako 20 udalbatzak ere eskatu zioten Kutxari IRPH aplikatzeari uzteko, baina entitateak ez du amore eman, indizea «legezkoa» zela argudiatuz.
Kaltedunek uste dute IRPHaren aplikatze ezmoral hau legez kanpokoa dela orain, 2013ko azaroaren 1etik argitaratzeari utzi zitzaionetik.
Kutxak argudiatzen du IRPH Cajas indize ofiziala izan dela finantza-sektore espainiarrean, eta «oso lehiakorra» delako laudoriatu egin du gainera merkatu espainiarra. Orain, Kutxak dagoeneko desagertua den IRPH Cajas indizea aplikatzen jarraitu nahi du hipoteka bakoitzaren hurrengo rebisiora arte, uste baitu ekintzaileen babeserako 14/2013 Legeak horretarako bide ematen diola.
Kaltedunen elkarteak uste du lege horren bitartez botere politikoa aldeen arteko akordioan muturra sartzen ari dela, eta kontratazio-eskubidearen eta borondate autonomiaren urratze bat dela. Izan ere, aldeek IRPH Cajas indizearen desagertze momenturako adostu duten ordezkoaren aplikazioa atzeratu nahi du. Kaleratzeak Stop elkartearen talde juridikoak azaltzen du Kutxaren eta bere bezeroen arteko kontratuak ere lege-indarra duela aldeentzat, eta ondorioz ordezkoaren berehalako aplikazioa exijitzen du.
Kontua garrantzi handikoa da, hilean 400 euro bitarteko gehigarria hainbat hilabetez ordaintzen jarraitzea suposatzen duelako kaltedunentzat. Baina kontua ez da hor bukatzen: kaltedunek Euribor+1 ordezkoa atzerako eraginez aplikatua izan dadila eskatzen dute. Eta ondorioz Kutxari interesetan ordainduriko diru mordo baten itzulera galdegiten dute. Horretarako argudiatzen dute kontratuek ezartzen dutela IRPH desagertu ezkero Euribor+1 ordezkoa «operazioaren bizitza osoari» aplikatuko zaiola.
Bere defentsan, Kutxak esan du «mundu guztiak ulertzen du esamolde honen bitartez geratzen zaion bizitzaz ari garela», «hemendik aurrera». Baina kaltedunek diote beraiek ere «mundu guzti» horren parte direla, eta ulertzen dutela «bizitza osoa bizitza osoa dela», eta ez «hemendik aurrerako bizitza». Ondorioz, IRPHaren arabera kalkulatu eta ordaindu diren kuota guztiak Euribor+1 indizearen arabera kalkulatuak izan behar dutela uste dute.
Kaleratzeak Stop elkartearen talde juridikoak azaldu duenez, Kode Zibilaren arabera «kontratuaren hitzak argiak badira eta ez badute zalantzarik sortzen kontratugileen asmoari buruz, kontuan hartuko da kontratuko klausulen hitzezhitzezkotasuna». Eta hitzak argiak ez badira, eta ondorioz klausulak ilunak balira: «kontratuan klausula ilunak izanez gero, horien interpretazioa ezin da onuragarria izan iluntasuna eragin duen alderdiarentzat». Eta edozein kasutan, «klausula baten esanahiaren inguruan zalantzarik balego kontsumitzailearentzat onuragarriena den interpretazioa gailenduko da».
Ondorioz, salaketa jarri dutenak baikorrak dira eta kaltedun guztiak gonbidatzen dituzte euren eskubideen inguruan informatzera.
Honen berri eman dute: El Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa, Finanzas.