Maite Ortiz eta Verónica Dávalos abokatu eta Kaleratzeak Stop / PAH-ko aktibistek gaur, maiatzaren 6an, adierazpen bateratua argitaratu dute IRPH klausularen inguruan. Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren 2020ko martxoaren 3ko epaiaren azterketa juridikoa egin dute, eta euren ustez Espainiako Auzitegi Gorenaren interpretazioa eta Estatuko Abokatuaren jokabidea zalantzan jartzen ditu epaiak.
Maite Ortiz eta Verónica Dávalos-ek uste dute Europako Epaitegiaren irizpideak aplikatu ezkero IRPH klausula abusuzkoa dela kontratu gehienetan. Europak ezarritako gardentasuna ez da bete euren ustetan, indize honi buruzko informazio oso eta zuzenak bere izaera kaltegarria azalaraziko bailuke, eta horrek berak kontsumitzaileak klausula hori ez onartzea ekarriko luke.
Klausula baliogabetzeko kaltedun bakoitzak abiatu beharreko epaitegietako bidea luze eta zaila denez, aktibistek Espainiako Gobernuari lege aldaketa bat eskatzen diote IRPHa Euriborrarekin ordezkatu dezan. Aldaketa honek ez luke aldatuko kontsumitzaile bakoitzak abusuzko klausula bat aplikatuz kendu dioten diru kopurua epaitegietan galdegiteko duen eskubidea.
Manifestua hemen deskargatu daiteke, eta beherago dago ikusgai.