Europar Batasuneko Abokatu Nagusiaren ondorioen atzeratzea

Jakina denez, IRPHaren gaia Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren epaiaren zain dago. Epaia jakin aurretik, 2019ko otsailaren 25eko ahozko saioan esku hartu zuen Maciej Szpunar Abokatu Nagusiaren iritzia ezagutu behar da. Abokatu Nagusiaren ondorioak ez dira lotesleak, baina epai gehienak Abokatu Nagusiak markaturiko bidetik joan ohi dira, eta beraz garrantzi handikoak dira. Hasera batetan ekainaren 24rako espero zen ondorio hauek ezagutzera emateko irakurketa publikoa, baina aurreko astean jakin genuenez 2019ko irailaren 10eko goizeko 9:30tara atzeratzen da.

Ez da albiste ona, familia askoren sufrikarioa luzatzea baitakar. Familia horietako askori atzera bueltarik gabeko kaltea egingo zaie gainera, epaitegi asko Europako epaitegiak esan behar duenaren zain auzibideak behin behinean eten beharrean banketxeen aldeko epaiak ebazten ari baita, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia oinarri hartuta. Hauxe da Bartzelonako Probintzia Auzitegiaren kasua, zeina Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak bertan behera utzi lezakeen doktrina bat oinarri hartuta IRPHaren aurkako auzibide guztietan banketxeen alde egiten ari den. Honek eragin dezakeen kaltea atzera bueltarik gabekoa da, familia askok ezingo baitute helegiterik jarri ekonomikoki ezin dutelako, eta euren aurkako epaia irmo bilakatuko da. Ondorioz, Europak Espainiako Auzitegi Gorena zuzenduko balu ere ez luke beraiengan eraginik izango. Gipuzkoako Probintzia Auzitegia berriz, nahiz eta IRPHaren gaian beti banketxeen alde egin, kontuz ari da jokatzen, eta prozedurak behin behinean etetea erabaki du.

Irizpide ezberdin hauek ez lirateke gertatuko izango Europako Auzitegiari galdera Espainiako Auzitegi Gorenak egin izan balu, Bartzelonako epaitegi batek egin ordez. Kasu horretan auzibide guztiak etengo lirateke. Baina Gorenak ez galdetzea erabaki zuen, nahiz eta bere barnean desadostasun larriak egon. Ez dezagun ahantzi Espainiako Auzitegi Gorenak IRPHaren inguruan banketxeen alde ebatzi zuen epaiak bi magistraturen boto partikularra zuela, non zalantza izpirik gabe esaten zen epaia Europako zuzenbidearen aurkako zela. Zalantza larri honen aurrean Gorenaren betebeharra Europari galdetzea zen, baina banketxeen aldeko bere betiko jarrerarekin ez zuen galdetu.

IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik baikor izaten jarraitzen dugu Europatik etorriko den epaiaren inguruan, eta kalteturiko familia guztiei eusten jarraitzeko dei egiten diegu.