Malagako Icamalaga Abokatuen Elkargoak atzera bota du urteroko kongresu juridikoan IRPHaren aurkako epaitegietako borrokaren nondik norakoak azaldu zitzan José Mari Erauskini luzatu zion gonbidapena.
Malagako Icamalaga Abokatuen Elkargoak 2019ko urrian bere 15. Kongresua ospatuko du. Urteroko hitzordu horretan abokatuek gaurkotasuna duten gaiak aztertzen dituzte. Banketxeen eta kontsumoaren inguruko zuzenbidean, begi-bistakoa da IRPHaren gaiak gaurkotasun itzela duela, Europako Justizia epaitegiak Espainiako Auzitegi Gorena zuzenduz ebatzi dezakeen epaiaren zain gauden honetan, eta banketxeen aldetik kezka nabarmena denean. Gainera kongresua urrian ospatuko da, irailean Abokatu Orokorraren iritzia ezagutu eta hilabetera. José Mari Erauskin edota Maite Ortizen hitzaldi batek interes oso handia izango luke beraz, IRPHaren inguruan aitzindari baitira, Espainiako Auzitegi Gorenean borrokatu baitzuten eta Europar Batasuneko kasua ere beraiek baitaramate.
Erauskinek ezagutzera eman du plazer handiz onartu zutela gonbidapena, agendak blokeatu zituztela eta hegaldi bila hasi zirela. Gainera, hitzaldia emateagatik kobratzeari uko egin zioten eta dirua Malagako animalien aldeko elkarteetara bideratzeko eskatua zuten.
Baina hau guztia okertu egiten da bere hitzaldia ez dela aurrera eramango esateko idazten dioten mezu elektronikoa jasotzean. Azalpenak eskatzen ditu eta esaten diote “antza denez duela 3 urteko gertakari bat” dela arrazoia. Geroago gehitzen dute Francisco Javier Lara Peláez Icamalaga-ko dekanoarekin izan zela ustezko istilua, eta Erauskinek argitzen du ez duela gizon hori ezagutzen.
Ez zaigu sinesgarria iruditzen Icamalaga-k ez gogoratzea ustezko gertakari hori kongresuaren egitaraua prestatzean, eta egitarau hori profesionalen artean banatzen hasten denean gogoratzea. Gainera Erauskinek dio ez duela gizona ezagutzen! Ez dakigu benetako arrazoiaren atzean banketxeen dei bat egon daitekeen, baina kongresuaren egitaraua jadanik argitratu da eta banketxxen inguruko gaien artean ez dago IRPHaren arrastorik.
Icamalaga-ri eskatzen diogu ez dezala presioen aurrean amore eman. Eta kongresura joatekoak diren abokatuei eskatzen diegu egin dezatela presioa beraientzat interes handikoa den hitzaldia ospatu dadin. Kaltedun bezala, IRPHaren gaia zuzenbidearen profesionalei aitzindari eta adituek azaldua izatea nahi dugu.