IRPH: Villalabeitiak Parlamentuari gezurra esan eta agerraldia egiteari uko egin dio

villalab

KUTXABANKeko PRESIDENTEAK GEZURRA ESANDIO PARLAMENTUARI, ETA IRPHaren INGURUAN AGERRALDIA EGITEA BAZTERTU DU

AGERRALDI ESKAERARI MUZIN EGIN DIO, KUTXABANK ENTITATE PRIBATUA OMEN DELA ARGUDIATUZ

PARLAMENTUAK ABUSUZKOTZAT JO ZUEN IRPH INDIZEA ERABILTZEA BABESTU DU VILLALABEITIAK

Donostia, 2016-5-31

Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko presidenteak gezurra esan dio Gasteizko Legebiltzarrari, eta zuzentzen duen banketxeak IRPH abusuzko indizea erabiltzearen inguruan agerraldia egiteari uko egin dio. IRPH Stop Gipuzkoa plataformak legebiltzarkide talde guztiei eskatu zien Kutxabankeko presidentearen agerraldia bultzatzeko, eta EH Bilduren ekimenez luzatu zion azkenean eskabidea Legebiltzarrak Villalabeitiari. IPRHaren kaltedunen elkarteak eskaera egin zuen ikusi baitzuen Kutxabankek, legebiltzarrak IRPHaren aurka adosturiko ekimenari men egin ordez, indize hau aplikatzen jarraitzen duela eta Arabako Probintzia Auzitegiak berau aplikatzeagatik ezarri zion epaiaren aurka helegitea jarri zuela Espainiako Auzitegi Gorenean.

Bere erantzunean, Kutxabankeko presidenteak legebiltzarrean agerraldia egitea baztertzen du, Kutxabank entitate finantziario prinatua omen delako. Gertakari oso larria da, eragile sozialok azken hilabeteetan zehar salatu duguna argi erakusten duelarik: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiritarron aurrezkiekin eraikitako Kutxetatik sorturiko entitatea espoliatua izan da, eta gaur egun ez du inolako kontrol publiko edo sozialik.

Gainera, Kutxabankeko presidenteak IRPHaren aplikazioa babesten du bere idazkian, Legebiltzarrak pasa den otsailaren 4ean ebatzi zuen arren «IRPH interes-tipoa opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa». Eta indizea babeste horretan, Kutxabankeko presidenteak gezurra esaten dio Legebiltzarrari. Izan ere, Villalabeitiak dio ez dagoela IRPHa abusuzkoa dela ebatzi duen epai irmorik, eta hori guztiz okerra da. Izan ere, dagoeneko gutxienez bi dira IRPHa abusuzkoa delako baliogabetzen duten epai irmoak. Lehena Valentziako Merkataritza Arloko 3. Epaitegiaren 270/215 epaia da, 2015eko azaroaren 18koa. Eta bigarrena Huelvako Lehen Instantziako 3. Epaitegiko 79/2016 epaia, 2016ko apirilaren 12koa.

Kutxabankeko presidenteak Legebiltzarrari gezurra esatea oso larria da. Horregatik Villalabeitia jauna zigorrik gabe ez geratzea exijitzen dugu, eta Legebiltzarrari eskatzen diogu gezur horri erantzun sendoa eman diezaiola.

Epai irmoen kopurua oraindik txikia da, baina zalantzarik gabe hazten joango da. Izan ere, estatu guztiko epaitegiak pareko epaiak ebazten ari dira. Villalabeitiak bere idazkian harro esaten du IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegian lortu zituen epaiak, 30 epai baino gehiago, bertan behera utzi zituela Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Baina esaten ez duena da prbintzia auzitegi hori gero eta isolatuago dagoela IRPHaren babesea. Izan ere, astero astero ezagutzen ditugu Pronbintzia Auzitegiak bertan behera utzitako epaietan oinarritzen diren epai berria, Gipuzkoako Probintzia Auzitegia IRPHaren babesean gero eta isolatuago dagoela eta estatuko epaitegi guztiek aurre egiten diotela gero eta nabarmenagoa da, eta kaltedunok sinetsi nahi dugu azkenean justizia egingo dela epaitegietan. Baina ez da onargarria horrelako iruzur nabarmen baten aurrean epaitegietara jo behar izatea, eta horregatik berehalako konponbideak exijitzen ditugu.

Horregatik exijitzen diogu Lakuako gobernuari bete dezala pasa den otsailaren 4ean Legebiltzarretik jaso zuen mandatuari. Izan ere, parlamentuak eskatu zion «abian jar ditzala eskura dituen bitarteko guztiak, Kontsumobide Kontsumo Institutua barne, indize honek kaltetutako pertsona guztiak defendatzeko». Ia lau hilabete igaro diren honetan, oraindik ez dugu inolako ekimenen berririk.

Oharrak:
Villalabeitiaren erantzuna Legebiltzarraren webgunean dago eskuragarri.
– Epaiak “Epaitegiak” atalean daude eskuragarri.