IRPHaren inguruko auzibide guztiak eten dituzte Gipuzkoan Europako Epaitegiaren erabakiaren zain

IRPHaren INGURUKO AUZIBIDE GUZTIAK ETEN DIRA GIPUZKOAN, EUROPAKO EPAITEGIAK ERABAKI BAT HARTU BITARTEAN

ABUSUZKO KLAUSULETARAKO EPAITEGIAK DIO ESPAINIAKO AUZITEGI GORENAK IRPHaren ALDE EBATZI ZUEN EPAIAREN INGURUAN ARRAZOIZKO ZALANTZAK DITUELA

IRPH STOP GIPUZKOAk POZEZ HARTU DU BERRIA ETA ARAZOA LASTER KONPONTZEA ESPERO DU

Donostia, 2018-11-9

IRPH Stop Gipuzkoa plataformak egiaztatu ahal izan du abusuzko klausuletarako Donostiako epaitegiak eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak IRPHa baliogabetzearen inguruko auzibide guztiak behin-behinean etetea erabaki dutela Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak mailegu-indize honi buruz erabaki bat hartu bitartean.

Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek eramaten dituzten prozeduren inguruko hainbat autoren bitartez, abokatuek beraiek argitara eman dituztenak, bi epaitegiek erabakiaren berri eman dute.

Probintzia Auzitegiaren autoa uztailekoa da, eta bertan Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak erantzun beharko duen auzi-aurretiko galdera bat aipatzen da. Galdera horrek Espainiako Auzitegi Gorenak 2017ko abenduaren 14ean IRPHa inolako gardentasun kontrolik gabe aplikatzea hobesten zuen epaia zalantzan jartzen du.

Abusuzko klausuletarako epaitegi donostiarraren kasuan, azaroaren 16ko bi auto ezagutu dira (hau eta beste hau). Beraietan, Probintzia Auzitegiaren erabakiari erreferentzia egitera mugatu beharrean, epaileak dio arrazoizko zalantzak sortzen zaizkiola banketxeen alde Espainiako auzitegi Gorenak ebatsi zuen epaiaren Europako zuzenbidearen interpretazioaren inguruan. Epaitegiak Gorenaren epaiak izan zuen boto partikularra aipatzen du, epaia zuzenbidearen aurkakoa dela zioen boto partikularra hain zuzen ere. Gainera, epaitegiak garrantzia handiko beste zerbait ere aipatzen du: Europako Batzordeak Europako Epaitegiaren aurrean idatzi bat aurkeztu du eta Espainiako Gorenaren epaiaren irizpidearen aurka eta boto partikularraren alde egin du.

IRPH Stop Gipuzkoa plataformak pozez hartu du epaitegien erabakia, eta gogorarazten du erabaki hori hartzeko eskatu zuela Europar Batasuneko Epaitegiak IRPH klausularen inguruko galdera bat tramitera onartu zuela jakin bezain laster.

Europako Batzordearen txostenaren ondoren oso baikorrak gara Europako Epaitegiak hartu behar duen erabakiaren inguruan, eta oso larritzat joko genuke abian diren auzibideak euren bidea jarraitzea Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpidearen arabera, hau zalantzan jarria izaten ari den bitartean.

IRPH Stop Gipuzkoa plataformak gogorarazten du Euroako Batzordeaz gain Espainiako Gobernuak ere aurkeztu duela idatzi bat Europako Epaitegiaren aurrean, eta bertan Gorenaren eta banketxeen interesen alde egin duela. IRPH Stop Gipuzkoa plataformak hala eskatuta Espainiako Kongresuko zenbait talde parlamentariok Legez Besteko Proposamena aurkeztu dute Espainiako Gobernuari eskatzeko bere jarrera alda dezan. Adi adi jarraituko dugu proposamen honen inguruan alderdi bakoitzak duen jarrera.