Justiziak Espainiako Bankua estutu du IRPHa dela eta

150513burgos

Burgoseko Merkataritza Arloko epaitegiak ez ditu Espainiako Bankuaren aitzakiak onartu, eta IRPHaren kalkuluari buruz egin zaizkion galderei erantzuteko eskatu dio berriz ere.

Galderak IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatu boluntario diren Maite Ortiz eta José María Erauskinek egin zituzten, IRPHa aplikatzeagatik Kutxabanken aurka Burgosen eramaten ari diren auzi baten testuinguruan. Espainiako Bankuak erantzuteari uko egin zion prozeduraren parte ez dela argudiatuaz, eta epaitegiak argitu dio lekuko gisa erantzun behar duela. Epaileak erantzunak jaso bitartean prozedura etetea erabaki du.

Ez da Espainiako Bankuak IRPHaren inguruan justiziarekin elkarlanean aritzeari uko egiten dion lehendabiziko aldia: aurretik Donostian aurkezturiko salaketa batetan ere erantzuteari uko egin zion, eta orduan sekretua gordetzeko betebeharra argudiatu zuen.

Justiziaren eta Espainiako Bankuaren arteko talka hau Donostia, Bartzelona eta Guadalajarako Merkataritza Arloko epaitegiak eta Gipuzkoako Probintzia-Auzitegia aurrez aurre jarri dituen liskarrari batu zaio. Aipaturiko epaitegiek IRPHa baliogabetzen duten epaiak ebazten jarraitzen dute, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Kutxabankek helegitea jarririko epaiak bertan behera uzten ditu, kalteturiko familiak Espainiako Auzitegi gorenera jotzera behartuaz. Familia hauek salatu dute Probintzia-Auzitegiak IRPHaren aplikazioa babestu duela, banketxeek indizearengan «nolabaiteko eragina» izan dezaketela onartu arren. Eta horixe da hain zuzen ere IRPHa baliogabetzea eskatzeko argudio nagusietako bat.

IRPHaren inguruko setioa Bruselatik ere bultzatua izaten ari da. Datorren asteartean bertan erreferentzia-indizeen inguruko Europako araudi berri bat onartu liteke, IRPHak betetzen ez dituen gardentasun eta sendotasun baldintza minimo batzuk ezartzera datorrena.