IRPHaren kaltedunak haserretu zituen RNE-ko berriketaldi lotsagarria

IRPHak kaltetzen dituen milaka pertsonentzat pasa den astea asteazkenean okertu zen, urriaren 22an. Egun horretan zen Espainiako Auzitegi Gorena tramitera onartu duen lehen IRPH kasuan erabaki bat hartzekoa, eta egun berean eman zuen ezagutzera, ohar labur baten bidez, indize hori abusuzkoa zela ebatzi zuen epaia bertan behera utziko zuela. Epaiaren testua ezagutzea falta zen arren, bistakoa zen Espainiako Auzitegi Gorenak banketxeak salbatzea erabaki zuela.

Horregatik ostiral arratsaldeak kaltedunen artean gehienek aste txar bati amaiera eman eta atseden hartzeko asmotan harrapatu zituen. Une horretan José María Erauskin abokatuak bere Facebook-eko horman ezagutarazi zuen Radio Nacional de España irratiak elkarrizketa bat grabatu ziola, eta ostiral gauean bertan emango zituztela zati batzuk, ondoren tertulia batetan komentatuko zituztelarik zati horiek. Kaltedun askok egin zuen bat irratsaioarekin, abokatu honen iritzia entzun asmoz. Bere lankide Maite Ortizekin batera Gorenera iritsi den kasuaren arduradun da eta IRPHaren aurkako borroka judizialean aitzindari.

Gaueko hamarrak eta hogei inguruan RNE-ko “24 horas” saioko zuzendari Miguel Ángel Domínguez-ek (@24horas_rne) hitzaurre labur bat egin ondoren bere lankide David Vidueiro-ei (@DavidVidueiro) eman zion hitza. Honek modu txukunean eta argibide egokiekin José María Erauskin (@abogados_res) abokatuari egin zion elkarrizketaren zatiak ezagutarazi zituen. Abokatuak azaldu zuen Gorenaren oharrak ez ziola bere salaketari erantzuten. Izan ere, ohar horrek dio IRPHa bezalako indize bati erreferentzia egite hutsak ez duela gardentasun gabeziarik ekartzen, eta abokatuak azpimarrazen zuen bere salaketak ez zuela IRPHa kontratuan txertatze hutsa salatzen, baizik eta txertatze hori egiteko modua. Gehitu zuen bere bezeroari, oso gutxi erabiltzen zen indize bat inposatu zitzaionean (gehiengoak erabiltzen zuen Euribor-aren ordez) , ez zizkiotela azaldu indize honen berezitasunak, eta ez zuela aukeratu edota alderatzeko aukerarik izan, eta beraz gardentasun falta egon zela ulertzen zuela. Beste gako batzuk ere eman zituen.

Horraino dena ondo joan zen. Kaltedunak haserretu zituena geroago etorri zen, tertuliakide guztiak Gorenaren epaiaren argudioak ezagutzen ez ditugun arren ebazpenarekin ados azaldu ziren berriketaldian. Aniztasun falta horrek berriketaldia pobretzen du, eta pena bat da irrati publiko batetan. Baina benetan iraingarria tertuliakideen argudioak izan ziren, gezurrekin nahastuta etorri zirenak.

Lehendabizi Israel García-Juez-ek (@IsraelGJS) hitz egin zuen. Abokatuaren aurka egin zuen bere bezeroa ongi informatu behar izana babestu zuelako, eta esan zuen ez dela posible zerbait sinatzen duzun bakoitzean bi urtetako masterra ematea. Galdetu zuen gainera ea IRPHa zutenak kexatzen ote ziren bataz-bestekoa baino hobeto zeudenean. Honek bereziki piztu zituen kaltedunek interneten dituztenn foroetako komentarioak, indize hau ez baita sekula egon eta ezin baita egon bataz-bestekoaren azpitik, bere definizioagatik beragatik. Israelek gehitu zuen banku-elkarteei entzuna ziela epaileei eskatzen ez izateko super-zorrotzak kontsumitzaileen erreklamazioak epaitzeko garaian. Tertuliakidea ados zegoen prebarikatzeko deia dirudien hausnarketa horrekin.

Ondoren Carlos Cuesta-ren (@carloscuestaEM) txanda izan zen, eta gaia ikuspuntu juridiko batetik aztertzeko asmoa azalduz hasi zen. Baina egin zuena Erauskinek esan zuen zerbait bere ahotan jartzea izan zen. Izan ere, produktu finantzarioen katalogoa ezabatu eta erabiliena bakarrik uzteko nahia egotzi zion (Erauskinek esan berri zuen arazoa ez zela IRPHa erabili izana baizik eta gardentasunik gabe kontratuan txertatzea!). Ondoren esan zuen Gorenak gaia aztertu eta kasu honetan nahikoa informazio eman zela ondorioztatu zuela, baina hori ere gezurra da, Gorenaren oharrak ez baitio hori. Bukatzeko esan zuen kontsumitzailearen hiper-babeste sistemarik ezin dugula onartu, kasinoak eta motorrak ezabatu eta kirola egin eta entsaladak jatera derrigortzera eramango bailuke horrek, eta hori diktadura omen delako.

Azken txanpan Mariano Guindal-ek, sistema kapitalistari bere maitasuna agertzeko, azpimarratu zuen Espainiako konstituzioak aberasteko aukera bermatzen dizula, baina baita porrot egitekoa ere. Carlos Cuestak esan zuen baietz, askatasuna izena duela horrek. Askatasuna da…

Hemen entzun dezakezu berriketaldi osoa.

Gorenak banketxeen alde egin eta IRPHaren aurkako epai bat bertan behera utzi du

Espainiako Auzitegi Gorenak gaur jakitera eman duenez, datozen egunetan epai bat argitaratuko du, non IRPHaren klausula baliogabetzen zuen epai baten aurka Kutxabankek jarritako helegitea aintzat hartuko duen. Gorenak ulertzen du beraz, tramitera onartu duen lehen IRPH kasuan, mailegu hori IRPHari lotzen zuen klausula ez dela abusuzkoa.

Oso albiste txarra da indize honek kaltetzen dituen pertsona guztientzat, eta beraz IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik balorazio negatiboa egiten dugu. Baina ez dugu balorazio honetan sakonduko epaia irakurri bitartean.

Kalteturiko familia guztiei animoak bidaltzeko aprobetxatu nahi dugu. Gaurkoa kolpe garrantzitsua da. Baina, honek Espainiako epaitegietako bideak agortu ala ez (eta hori oraindik ezin dugu baloratu), abusu honen aurkako borroka ez da amaitu. Borrokan jarraituko dugu indize kriminal honen ondorioz kobraturiko diru guztiak eta desjabeturiko etxebizitzak itzuli arte.

Gorenak erabakitzeko astebete baino gutxiago falta denean IRPHa baliogabetzen duten epaiak jasotzen jarraitzen dugu

Espainiako Auzitegi Gorenak tramitera onartu duen IRPHaren inguruko lehen kasuan erabakia hartzeko astebete baino gutxiago falta den honetan (azaroaren 22an izango da), IRPHa baliogabetzen duten epaiak jasotzen jarraitzen dugu. Guztiak webguneko Epaitegiak atalean zintzilikatzen ditugu. Aipagarria da Murtziako Probintzia Auzitegiaren epai bat dagoela tartean, eta beraz probintzia auzitegi honek IRPHa abusuzko klausula dela uste duten beste probintzia auzitegiekin bat egiten du.

Honek frogatzen du epaile asko dagoela Gorenak erabakia hartu zain egoteko beharrik ez dutenak, argi ikusten baitute IRPHa abusuzko klausula dela. Baikor izan behar dugu: irizpide juridikoak gailentzen badira, azaroaren 22an Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egingo du IRPHa baliogabetzen duen epaia.

Kutxabank Senatuan izan da alderdi politikoei milioitako zorrak barkatu izana azaltzeko

Kutxabank Espainiako Senatuan izan da aste honetan, zenbait alderdi politikori milioitako zorrak barkatu izana azaltzeko agerraldia egiteko deia jaso ondoren. Twitter-eko hari batetan kontatu dugu. Jarraitu @irphstop_gpzkoa kontua informatuta egoteko!

JM Erauskini elkarrizketak Gorenak laister IRPHaren inguruan ebatziko duela eta

Azaroaren 22an Espainiako Auzitegi Gorenak IRPHaren inguruan tramitera onartu duen lehen kasuaren inguruan erabakiko du, eta data hori gerturatzen den heinean komunikabideek gaiari tarte handiagoa eskaintzen diote. Kasu honetan José María Erauskin abokatuari eginiko bi elkarrizketa ditugu. José María Erauskin eta Maite Ortiz IRPHaren aurkako epaitegietako borrokan aitzindari dira eta beraiek daramate kasua.

Elkarrizketa Canal Txingudi telebistan:

Elkarrizketa Radio Donosti-n: