IRPHaren inguruko kasuak abiadura hartu du Gorenean

Espainiako Auzitegi Gorenak tramitera onartu duen IRPHaren inguruko lehen kasua abiadura hartzen doa. Kasua Gasteizko kaltedun batek hasi zuen, Maite Ortiz eta José María Erauskinen laguntzaz Kutxabanken aurkako garaipen bat lortuaz. Arabako Pobintzia Auzitegiak Kutxabanken aurkako zigorra berretsi zuen, baina banketxeak Gorenera jo zuen.

Abokatuek aditzera eman dutenez, irailaren 14ean helegitearen aurkako beraien idatzia aurkeztu zuten, eta 24 orduko epean jakinarazi zieten idatzia onartzen zela eta beraz hurrengo pausua epaiketa (beraiek eskatu bezala) edota zuzenean bozketa eta epaiaren ebaztea izango dela.

Justizia espainiarraren geldotasuna ezagututa, oso deigarria da kasu honek daraman abiadura. Espero dezagun honen guztiaren atzean bankuari arrazoia emateko presa ez egotea, IRPHaren kaltedunok bai baitakigu abusuzko indize bat dela, eta borrokatzen jarraitzeko prest geundeke.

Ortiz eta Erauskinek IRPHaren inguruko liburua argitaratu dute

Aranzadi argitaletxe juridikoak Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuen IRPHaren inguruko lan bat argitaratu du. Maite eta Jose Mari, gure plataformari modu boluntarioan laguntzen dioten abokatuak, IRPHaren aurkako epaitegietako borrokan aitzindariak dira. Beraienak dira epai aitzindari guztiak, eta beraiek izango dira Espainiako Auzitegi Gorenean kaltetu guztion alde eigngo duten lehenak, euren kasu bat jadanik epaitegi horretara iritsi baita

Orain dela ia lau urte Maitek eta Jose Marik, gure plataformako familia baten izenean, IRPHa baliogabetzen lehena izan zen epaia ekarriko zuen salaketa jarri zutenean, gai hau guztiz ezezaguna zen. Liburu honen argitaratzeak abusuzko indize honen aurkako borrokak hartu duen garrantzia ikusteko balio du.

Liburuaren izenburua hauxe da: “Índice de referencia de préstamos hipotecarios (IRPH) – guía práctica para conseguir su nulidad” (ISBN 9788491771708). Egileek adierazi dute irabaziak izatekotan hauek animalien defentsara bideratuko dituztela, horixe baita beraien beste pasioetako bat.

Webgunea lekuz aldatu dugu

Ikasturte berriaren hasierarekin batera, webgunea lekuz aldatu dugu: www.irphstop.plazan.net helbidetik www.irphstop.net berri honetara etorri gara.

Printzipioz horixe da aldaketa bakarra. Gainontzean, IRPHaren aurkako borrokan erreferentziako webgunea izaten darraigu, albeste interesgarrienekin, epaien datu-base onenarekin eta bankuari zenbat erreklamatu diezaiokezun jakinaraziko dizun kalkulagailu esklusiboarekin (kalkulagailua berritzekotan gara, bide batez)

IRPHa Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi da, eta lehentasunezko tratua izango du

Espero genuen bezala, IRPHaren inguruan Espainiako Auzitegi Gorenak aztertu beharko duen lehen kasua Probintzia Auzitegi batek IRPHa baliogabetzen zuen lehen epaiaren aurka Kutxabankek jarritako helegitea izango da. Arabako Probintzia Auzitegian kaltedun batek lorturiko epaia da, Maite Ortiz eta Jose Mari Erauskin abokatu aitzindariekin.

Abokatuek ezagutzera eman dutenez, Espainiako Auzitegi Gorenak kasuaren azterketa azkartzea erabaki du, IRPHa sortzen ari den eztabaida eta auzibide kopurua dela eta. Modu honetan, gaiari lehentasunezko tratua ematea erabaki du Gorenak. Helegiteen hurrenkera kronologikoa aldatzea dakarren neurri bat da, eta ondorioz aurretik ziren beste kasu batzuk baino lehenago aztertuko dute IRPHaren gaia. Modu honetan Auzitegi Gorenari dagokion eginkizun bateratzaileari erantzun azkarra bilatzen omen dute. Probintzia Auzitegi ezberdinek IRPHaren inguruan dituzten irizpide ezberdinak batzearen inguruan ari dira.

IRPHa estatu osoan 1.3 milioi mailegutik gora kaltetzen dituen abusuzko indizea da gure kalkuluen arabera, eta ondorioz asko eta asko dira Espainiako Auzitegi Gorenak IRPHa baliogabetzearen zain dauden familiak. Espainiako sistema judizialak dagoeneko behin baino gehiagotan erakutsi du banketxeen alde egiteko duen joera, baina hala eta guztiz ere baikor izan behar dugu, Maite eta Jose Marik ordezkatuko baikaituzte. Adituak izateaz gain, ilusio eta gogo handiz ekingo diotela badakigu. Horrelaxe egin dute azken hiru urte luze hauetan, 2014ko apirilean Donostian IRPHaren aurkako estatu osoko lehen epaia lortu zuten unetik, Kutxabanken aurka gure plataformako familia bate izenean aurkezturiko demandaren eskutik. Bidea luzea ari da izaten beraz, baina irabaziko dugu, IRPHaren kaltedunok arrazoia dugulako, eta gainera abokaturik onenak ditugulako: Maite eta Jose Mari, beharrezkoa balitz Europako Auzitegiraino jotzeko zalantzarik egingo ez dutenak.

IRPHa baliogabetzen duen bigarren instantziako epai irmo berria

Duela egun batzuk jakin genuen Maite Ortiz eta Jose Mari Erauskin abokatuek Arabako Probintzia Auzitegian IRPHa baliogabetuz lortu duten epaietako bat irmo egin dela. Epai honek UCI zigortzen du IRPHa aplikatuz kobraturiko guztiak itzultzera, eta mailegua interesik gabe uzten du.

UCIk helegiterik aurkeztu ez duenez, epaia irmoa da jada, eta kalteturiko familiari kobraturiko dirua itzuliko zaio eta aurrerantzean ez du inolako interesik ordainduko.

Guk dakigunez, IRPHa baliogabetzen duen bigarren instantziako bigarren epai irmoa da. Lehenbizikoa Kutxabank zigortzen zuen epai bat izan zen, hura ere Arabako Probintzia Auzitegian. Abusuzko indize honen aurkako epaitegietako borrokan aurrerapauso oso garrantzitsuak dira zalantzarik gabe.

Epaia eskuragarri dago gure webguneko Epaitegiak atalean, eta hemen klik eginda zuzenean ikusi dezakezu.