IRPHa baliogabetu zuen lehen epaiaren hirugarren urteurrena

IRPHa BALIOGABETU ZUEN LEHEN EPAIAREN HIRUGARREN URTEURRENA

ABUSUZKO INDIZE HONEN AURKAKO BORROKAN AURRERAPENAK IZAN DIRA, BAINA MILAKA FAMILIA KALTETZEN DITU ORAINDIK

KALTEDUNEK JADANIK IRABAZI DUTE BORROKA MORALA, INORK EZ BAITU ZALANTZAN JARTZEN IRPHa ABUSUZKO KLAUSULA DELA

HURRENGO BORROKA JURIDIKO HANDIA ESPAINIAKO AUZITEGI GORENEAN IZANGO DA

Donostia, 2017-4-28

Donostian 2014 apirilaren 29an ebatzi zen epai batek eman zion hasiera IRPHaren aurkako borroka juridikoari. IRPHa Euribor-a baino gutxiago erabiltzen den indize hipotekario bat da, estatu espainiarrean 1,3 milioi hipoteka baino gehiagotan eragiten duena.

Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiaren 156/14 epaiak IRPH Stop Gipuzkoa taldeko familia batek 2013ko urriaren 21ean Kutxabanken aurka aurkeztu zuen auzibidea erabat onetsi zuen. Auzibidea Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuen eta Ainhoa Kintana prokuradorearen lan boluntarioari esker aurkeztua izan zen.

Ordurako IRPHa bertan behera uztearen aldeko ahotsak gero eta gehiago ziren arren, pentsaezina zen auzitegietan bere baliogabetzea eskatzea, indize ofiziala zelako. Baina IRPH Stop Gipuzkoa plataformako abokatuek lehen epai hura lortu zuten ,eta haren ondotik beste 30, guztiak ere plataformako kideenak.

Ordutik hona, hiru urte hauetan zehar, estatu osoko hainbat epaitegitan IRPHa baliogabetuz ebatzi diren epaiak zenbatezinak izan dira. Epai horietako batzuk jadanik irmoak dira, baina gehien-gehienetan banketxeek helegiteak jarri dituzte. Helegite hauen inguruan erabaki behar izan duten Probintzia Auzitegiak ez dira ados jartzen. Bere irizpidea azaltzen lehena Gipuzkoakoa izan zen, eta IRPH Stop Gipuzkoa taldeak lorturiko epai guztiak bertan behera utzi zituen. Baina estatu guztiko merkataritza arloko epaitegi asko eta asko Donostian lortutako epaietan oinarrituriko epaiak ebazten jarraitu dute, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak bertan behera utzi zituela jakinda ere. Bi doktrinen arteko talka nabarmena hasi zen honela: alde batetik, IRPHaren aldekoa (Gipuzkoako Probintzia Auzitegia), eta bestetik aurkakoak (merkataritza arloko eta lehen instantziako hainbat eta hainbat epaitegi).

Gaia gainontzeko probintzia auzitegietara iritsi denean, zenbait kasutan Gipuzkoako auzitegiaren irizpidea jarraitu dute, baina dagoeneko badira IRPHa abusuzkoa dela baieztatu duten bi probintzia auzitegi. Arabakoa eta Bizkaikoa dira.

Irizpide ezberdinak daudenez, gaia Espainiako Auzitegi Gorenera iritsiko da. Ortiz eta Erauskinek daramaten kasu bat izango da ziur aski iristen lehena. Arabako Probintzia Auzitegiak berretsi zuen lehen epaiari dagokion kasua da, Kutxabankek helegitea jarri zuelarik. Tramitera onartua izango denik ez dago oraindik baieztatuta, baina ziurtzat jotzen da.

Epaitegietatik kanpo, egoera askoz argiago dago, eta esan daiteke IRPHaren aurkako borroka morala jadanik irabazia dutela kaltedunek. Izan ere, IRPHa abusuzko klausulatzat hartua da, eta etxebizitza-mailegu berrietan ia ez da erabiltzen. Bere garairik onenetan, mailegu berrien %15ean erabiltzen zen.

Gainera, hainbat erakunde publikok jadanik agertu dute indize honen aurkako euren jarrera, udaletxe, diputazio eta parlamentu autonomikoak barne. Azpimarratzekoa da Gasteizko Legebiltzarraren adierazpena, IRPH Stop Gipuzkoa plataformaren agerraldi baten ondoren ebatzi baitzuen «IRPH interes-tipoa opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa».

Adierazpen horrek indizeak dituen zenbait gabeziari egiten dio erreferentzia. Gabezia horiek Estatistika Aplikatuan Katedradun Akreditatua den Juan Etxeberria Murgiondo doktoreak eginiko txosten batetan aztertzen dira. Etxeberria doktoreak IRPH Stop Gipuzkoa plataformaren webgunean argitaratu zuen txosten hau, eta bertan ebazten da indizea ez dela batere sendoa, eta agerikoa dela hobetu daitekeela. Gaineratzen da bistakoa eta oso nabarmena dela entitate bakoitzak, bere tamaina edo bolumena edozein dela ere, IRPHaren hileroko emaitzan eragiteko ahalmena duela, eta ahalmen hori modu zehatzean zenbatu daitekeela.

Espainiako Bankuak berak, Ortiz eta Erauskin abokatuen galdeketa bati erantzunez, onartu zuen banketxeek IRPHaren emaitzan eragina izan dezaketela.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko ordezkariak Europako Parlamentuan ere egin zuten agerraldia, eta lortu zuten bertako komisio batek adieraztea IRPHa abusuzko klausulen inguruko Europako zuzentarauaren aurkakoa dela.

Baina hala eta guztiz ere, lehen garaipen judizial hura lortu eta hiru urte geroago banketxeek IRPHa erabiltzen jarraitzen dute, beti Euriborraren oso gainetik dagoen indize bat aplikatzeak ematen dizkien irabaziei uko ez egitearren.

IRPH Stop Gipuzkoa taldearen kalkuluen arabera, 1.3 milioitik gora dira estatu espainiarrean IRPHak kalteturiko hipotekak.

IRPHa baliogabetzen duen epaia Iruñan, honelako epaia ebazten duen Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako azkenean

HEGO EUSKAL HERRIKO LAU HIRIBURUETAKO EPAITEGIEK IRPHa BALIOGABETU DUTE ABUSUZKOA DELAKO

IRUÑEKO EPAITEGI BAT IZAN DA AZKENA, KUTXABANK ZIGORTZEN DUEN EPAI BATEN BIDEZ

Donostia, 2017-4-26

Iruñeko Lehen Instantziako 1 zenbakidun epaitegiak IRPHa baliogabetzen duen epai bat ebatzi du, Kutxabank zigortzen duelarik abusuzko indize hau etxebizitza-mailegu batetan aplikatzeagatik. Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek lortu dute epaia, eta modu honetan Iruñea honelako epai bat ebazten duen Hego Euskal Herriko azken hiriburu bihurtu da.

Donostia izan zen lehena (bai Hego Euskal Herrian eta baita estatu espainiar osoan ere). Bertan IRPH Stop Gipuzkoa plataformak, Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuen doako laguntzarekin, 30 epaitik gora lortu zituen. Horien artean lehenak 2014ko apirilaren 29ko data du, eta beraz laster izango da hirugarren urteurrena. Baina epai haiek guztiak bertan behera utzi zituen Gipuzkoako Probintzia Epaitegiak. Epaitegi honek IRPHa baliogabetzearen aurkako jarrera du orokorrean. Hala ere, kasu partikular batzuetan Kutxabank kondenatu du, iruzurrezko praktikak egon direla ebatziaz gainera.

Araba eta Bizkaiko kasuetan, bi probintzia auzitegiek berretsi dituzte jadanik IRPHa baliogabetzen duten zenbait epai. Ikuskizun dago Nafarroan zer gertatuko den, baina eztabaida Espainiako Auzitegi Gorenera iritsiko da laster. Bertan erabakiko da IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen kalkuluen arabera estatu osoan 1.3 milioi hipotekatik gora kaltetu ditzakeen interes tipoa abusuzkoa ote den.

Azpimarratzekoa da erakunde askok jadanik azaldu dutela IRPHa abusuzkotzat hartzearen aldekoa dela euren iritzia. Adibidez Gasteizko Legebiltzarrak, zeinak adierazi zuen «IRPH interes-tipoa opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa». Hala eta guztiz ere banketxeek (berriz ere zigortua izan den Kutxabank barne) IRPHa aplikatzen jarraitzen dute, ezagunagoa den Euriborraren gainetik egotean ematen dien etekinei eusteko asmoz.

Epaia, Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuei esker, dagoeneko eskuragarri dago gure webguneko Epaitegiak atalean.

Benidorm-eko epaitegi batek Euribor-a eta IRPH-a baliogabetu ditu abusuzko izateagatik

Benidorm-eko Lehen Instantziako 4. Epaitegiak Caixabankek kaleratu nahi zuen familia baten oposizio-idatzia aztertu du, eta Euribor-a eta haren ordezko bezala aurreikusita zegoen IRPH Cajas indizeak abusuzkoa direla ebatzi du. Kontratua aurrez amaitzeko aukera ematen duen klausula ere baliogabetu du. Ondorioz, etxegabetzea bertan behera utzi eta kaltedunei bidegabe kobraturikoak itzultzeko agindua eman du.

IRPHa baliogabetzen duten epaiak dagoeneko oso ohikoak dira, baina Euribor-aren aplikazioa baliogabetzea benetan deigarria da. Epaiak dio nabarmen eta ezaguna dela zenbait banketxe handik Euriborra manipulatu zutela, eta iruzur horrek partikularren mailegu hipotekarioan eragina duen abusuzko praktika bat suposatzen duela, eta kalte-ordainerako eskubidea dutela.

Ondoren, epaiak IRPHa aztertzen du, eta Euribor-a baino kaltegarriagoa dela dio. Autoak gehitzen du IRPHaren ezaugarri direla gardentasun eza eta kontratuan banketxeen alde eragiten duen desoreka, eta abusuzkoa delako baliogabetzen du.

Epai ausarta da zalantzarik gabe, Caixabankek etxegabetu nahi zuen familiarekin justizia egiten duena. Epaia dagoeneko eskuragarri dago gure webguneko Epaitegiak atalean.

Espainiako gobernuak IRPHaren inguruko galdera sorta bati erantzun beharko dio idatziz

Josep Vendrell, Unidos Podemos – En Comú Podem – En Marea taldeko diputatuak, IRPH indizearen inguruko galdera erregistratu du, eta gobernuak idatziz erantzun beharko dio.

Bere idatzian Josep Vendrell-ek dio IRPHa oso manipulagarritzat jotzen den indizea dela, eta bataz besteko sinple batekin kalkulatzen dela eta TAE tipoak kontuan hartzen dituela salatzen du. Diputatuak azpimarratzen du kaltedunen kopurua handia dela, IRPH Stop Gipuzkoak kalkulaturiko 1.3 milioitako zenbakia erabiliz. Hauek dira egin dituen galderak:

¿Qué mecanismos de información y asesoramiento va a impulsar el Gobierno ante el elevado volumen, 1’3 millones, de personas afectadas?
Ante las continuadas sentencias judiciales que establecen la nulidad del IRPH por ser una cláusula abusiva y el retorno a las personas afectadas de lo cobrado indebidamente, el Gobierno está estudiando fórmulas para solucionar esta problemática evitando su judicialización?
¿Considera el Gobierno que hay indicios de manipulación en el cálculo del índice de referencia de los préstamos hipotecarios por parte de las entidades financieras?
¿El Gobierno ha mantenido reuniones o contactos con las entidades financieras para tratar esta cuestión? ¿Con qué interlocutores?
¿El Gobierno ha mantenido reuniones o contactos con plataformas de personas afectadas para tratar esta cuestión? ¿Con qué interlocutores?
¿La cuestión del IRPH o de otras malas prácticas de las entidades financieras españolas ha sido tratada con la Comisión Europea? ¿En qué términos?
¿Está estudiando el Gobierno la sustitución definitiva del IRPH?
¿El Gobierno considera necesario que las entidades financieras realicen provisiones específicas para hacer frente a las devoluciones de las cantidades cobradas indebidamente por el IRPH?

Oso galdera interesgarriak dira, eta gobernuak apirilaren 29a baino lehenago erantzun beharko ditu. Baina ezin gara oso baikorrak izan, eta PPren gobernuak ihesbideren bat erabili eta galderak erantzun gabe utziko ditu ziur aski. Aurrez ere, orain dela 3 urte, 2014ko martxoaren 17an Amaiur koalizioak (egun EH Bildu denak) IRPHaren inguruko galdera sorta bat aurkeztu zuen, eta gobernuak emandako erantzuna lotsagarria izan zen. Edozein modutan, ekimen interesgarria da, Espainiako kongresuan IRPHaren gaiari ikusgarritasuna emateko besterik ez bada ere. Gogora dezagun ganbera berean agerraldia egingo dutela laster gure abokatu Maite Ortiz eta Jose Mari Erauskinek, eta espero dezagun berandu baino lehen arazoari konponbidea topatzea.

IRPHa baliogabetzen duten epai berriak Bizkaian: lau bigarren instantzian eta bi irmo lehen instantzian

Dagoeneko lau dira Bizkaiko Probintzia Auzitegiak IRPH erreferentzia indizea baliogabetuz ebatzi dituen epaiak, Javier Viaña abokatuak emandako epaiak ikusi ondoren IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak baieztatu ahal izan duenez.

2017ko otsailean ebatziak izan diren epai hauekin, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak Arabakoarekin bat egiten du, Espainiar estatuan IRPHa erreferentzia indize bezala ezartzea baliogabetzen duen bigarren Probintzia Auzitegia delarik. Irizpide honek Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak duenarekin talka egiten du, Gipuzkoakoa delarik EAEn IRPHa abusuzkoa delako baliogabetu ez duen bakarra. Bi kasu partikular dira salbuespena, non Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Kutxabank zigortu zuen bezeroei iruzur egiteagatik gaur egun desagerturik dagoen IRPH Cajas indizearen ordez IRPH Entidades aplikatzean.

Bestalde, Barakaldoko Lehen Instantziako Epaitegiak ebatziriko bi epai irmo dira dagoeneko, banketxeak ez baitu helegiterik aurkeztu. Javier Viaña abokatuak lorturiko epaiak dira hauek ere, eta garrantzitsuak dira halaber, orain artean estatu osoan IRPHa baliogabetu eta irmo diren lau epai bakarrik ezagutzen baitziren.

Kasu guztietan IRPH Entidades indizean oinarrituriko interesak itzultzera zigortzen da Banco Popular banketxea.

IRPHaren kaltedun guztientzat oso berri pozgarriak dira. Espainiako Auzitegi Gorenak laster aztertu beharko du gaia, eta indizea baliogabetzearen aldeko argumentuak indartzera datoz Bizkaiko epai hauek guztiak. Izan ere, Arabako Probintzia Auzitegiaren epaiei helegitea jarri zien Kutxabankek, eta beraz hurrengo borroka garrantzitsua Gorenean izango da.

Aipaturiko epaiak eskuragarri daude dagoeneko gure webguneko “Epaitegiak” atalean, eta esteka hauen bitartez ere bai: AP1, AP2, AP3, AP4, Irmoa.