KUTXABANKek IPRHa BALIOGABETU ETA KOBRATURIKO INTERESAK ITZULTZERA ZIGORTZEN DUEN ARABAKO AUZITEGIAREN EPAIARI HELEGITEA JAR LIEZAIOKE ESPAINIAKO AUZITEGI GORENEAN
GASTEIZKO LEGEBILTZARRAREN AGINDUA DESOBEDITUKO LUKE HORRELA
KUTXABANKen GAINEKO KONTROL PUBLIKO ETA SOZIAL EZA SALATU ETA VILLALABEITIAren AGERRALDIA EXIJITZEN DU IRPH STOP GIPUZKOAk
Donostia, 2016-3-29
IRPH Cajas eta IRPH Entidades indizeak baliogabetu eta Kutxabank salaketa jarri duenari kobraturiko interesak itzultzera zigortzen duen Arabako Probintzia Auzitegiaren epaiari helegitea jar liezaioke Kutxabankek. Gero eta zabalduago daude horren inguruko zurrumurruak, eta eldiario.es komunikabideak atzo argitaraturiko albiste baten bitartez konfirmatu ditu.
Baieztatuko balitz, Kutxabankek Espainiako Auzitegi Gorenera joko luke EAEko Merkataritza Arloko Epaitegi guztiek eta orain dela gutxi Arabako Probintzia Auzitegiak jarri dizkioten zigorrei aurre egiten saiatzeko. Arabakoa estatuan IRPHa baliogabetuz probintzia auzitegi batek ebatzi duen lehen epaia da.
Azpimarratzekoa da epaitegietako zigor hauetaz gain pasa den otsailean Gasteizko Legebiltzarretik agindu zuzena jaso zuela Kutxabankek. Legebiltzarraren testuak IRPHa erabiltzen duten banketxe guztiei eskatzen die «utz diezaiotela bera aplikatzeari» eta «itzul diezazkietela pertsona kontsumitzaileei indize horretan erreferentziaturik kobratutako interes guztiak» eta baita «IRPHko edozein motatan erreferentziatutako hipotekak exekutatzeagatik utzarazitako etxebizitzak» ere. Legebiltzarraren testua oso gogorra da eta adierazten du «IRPH interes-tipoa opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa».
Ondorioz, Kutxabankek Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeak Legebiltzarraren aginduari desobeditzea suposatuko luke.
IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik uste dugu eskandalagarria dela Kutxabank legebiltzarrari desobeditzen aurrena izatea, kontsumitzaileentzat hain kaltegarria den indizeari eusteko. Herritarren aurrezkiekin sorturiko aurrezki kutxetatik jaiotako banketxea, bere izaera eta helburu sozialak gorde beharko lituzkeena, ezin da izan banketxe guztien artean zitalena. Berriz ere Kutxabanken gaineko kontrol publiko eta soziala exijitzen dugu, eta bere pribatizazio prozesua salatu. Aurrezki kutxak banku-fundazio bihurtzea eta batez ere inolako kontrol publiko edo sozialik ez duten 15 kideren eskuetan uzteko erabakian atzera egin beharra dago berehala. Horrela bakarrik bermatuko dugu legebiltzarraren aginduaren aurkako desobedientzia hau bezalako beste astakeriarik ez egitea.
IRPH Stop Gipuzkoak dei egiten die legebiltzarkide taldeei Gasteizko Legebiltzarrean Gregoria Villalabeitiaren agerraldia premiaz eska dezaten.
Azkenik, Maite Ortiz eta José María Erauskin gure abokatuen lanean dugun konfiantza berresten dugu. Badakigu IRPHa abusuzkoa dela frogatuko dutela Espainiako Auzitegi Gorenean eta baita beste edozein auzitegiren aurrean ere.