PP, PSOE eta PNVk IRPHa babestu dute Europako araudi berriaren aurrean

EUROPAKO PARLAMENTUAK ERREFERENTZIA-INDIZEEN GAINEKO ARAUDI BERRIA IRPHari APLIKATZEA BAZTERTU DU

PP, PSOE ETA PNVk IRPHa LIBRATZEA LORTU DUTE, BETETZEKO GAI EZ DEN ARAUDI BERRIA EZ BAITZAIO APLIKAGARRI IZANGO

EH BILDU, IU ETA PODEMOSek
KONTROL-NEURRI BERRI HAUEK IRPHari ERE APLIKAGARRI IZATEA DEFENDATU DUTE

IRPHak ZENBAIT KONTRAESAN SORTU DITU TALDEEN BARRUAN, ETA ARAUDI BERRIAREN GAINEKO BOZKETA ATZERATUA IZAN DA, EZOHIKO NEURRI BATEKIN

Donostia, 2015-5-19

Erreferentzia-indizeen «manipulazio arriskua txikitzeko» helburu zehatzarekin datorren araudi berria baten inguruko emendakinak bozkatu dituzte gaur Europako Parlamentuaren osoko bilkuran. Estatu espainiarrean IRPHak kaltetzen dituen 1,3 milioi familiatik gora zeuden araudi berri honengan itxaropena jarrita, bertan ezartzen diren baldintzak betetzen ez dituela eta IRPHa desagerrarazi dezakeelakoan.

Baina milioika herritar horien itxaropena zapuztu du gaur Europako Parlamentuak araudi berriaren aplikazio eremua banku zentralek prestaturiko indizeetara zabaltzeko aukera baztertu duenean. IRPHa, Espainiako Bankuak prestatua denez, araudia betetzetik libre geratuko litzateke ondorioz, nahiz eta bertan ezartzen diren baldintzak betetzeko gai ez izan.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak agerraldia egin zuen apirilaren 16an Europako Parlamentuan, eta araudi berria banku zentralek prestaturiko indizeei ere aplikatzea exijitu zuen. EH Bildu, IU eta Podemoseko parlamentariek, Europako Ezker Bateratuaren Talde Konfederatuko euren kideekin batera, eskaera hau bultzatu dute gaurko bozketan, emendakin bat aurkeztuaz. Baina emendakin hori erabat baztertua izan da PP eta PSOEren eta euren kide europarren bozekin. PNV eta CiU bezalako alderdiek ere IRPHaren alde egin dute, abusuzko indize hau araudi berritik babestuaz.

Baina Europako Ezker Bateratuaren taldeak aurkezturiko emendakin honen bozketak kontraesanak sortu ditu zenbait talde parlamentarioren barnean. Hori izan daiteke testuaren azken bozketa atzeratu izanaren arrazoia, emendakinak bakarrik bozkatu ondoren. Parlamentuan ez dira ohikoak horrelako neurriak.

Europako Sozialisten talde parlamentarioan zazpi bozka izan dira araudiaren aplikazio-eremua zabaltzearen aldekoak, guztiak ere Espainiako PSOEren parlamentarien artekoak. IRPH Stop Gipuzkoatik hauteskunde kanpaina barruan datorren babes partzial honekin mesfidati gara. Izan ere, alderdi honek behin baino gehiagotan erakutsi digu euren botua erabakigarria ez denean bakarrik babesten dituela gure aldarrikapenak.

Demokrata eta Liberalen taldean ere izan dira araudiaren aplikazio-eremua zabaltzearen aldeko bozak, eta Espainiako parlamentariengandik etorri dira hauek ere: Ciudadanos alderdiko bi kideen eta UPyD-ko kide baten kasua da.

Euren talde parlamentarioekin bat egin ez duten boz hauek izan daitezke araudia aurkezten zuen parlamentariak azken bozketa atzeratzeko eskatu izanaren arrazoia. Ezohiko neurri honek agian denbora irabazi eta talde horien barneko kontraesan horiek isilaraztea izan dezake helburu.

Edozein modutan, IRPH Stop Gipuzkoa elkartea ezkor da eta uste du araudi berria indarrean sartzen denean ez dela IRPHari aplikagarri izango, hori lortzeko aurkezturiko emendakina bozkatu eta baztertua izan baita dagoeneko.

Hala ere, testu berriak IRPHaren eskasiak ikusarazteko balioko du. Izan ere, indize hau ez da Europako araudi berria betetzeko gai, eta aplikagarri ez zaiolako bakarrik libratzen da. Araudi berri honek oso oinarrizko baldintzak ezartzen ditu. Indizea osatzeko erabiltzen diren datuak argitara ematea eskatzen du adibidez, eta IRPHaren kasuan ez da hau betetzen, datuak “sekretuak” direla aitzakiatzat hartuta. Gainera, indizeek merkatuaren errealitatea ordezkatzea eta eskaintza eta eskariaren legearen menpe egotea exijitzen da. IRPHak, bataz besteko ez haztatua denez, negozio-bolumenaren araberako ponderaziorik ez du egiten eta entitate guztiek pisu espezifiko berbera dute bataz bestekoan. Ondorioz, emaitza ez da merkatuaren errealitatearen isla eta ez dago eskaintza eta eskariaren legearen menpe.

Edozein modutan, berriz ere gogorarazi behar dugu dagoeneko indarrean dagoen legedia bera nahikoa dela IRPHa abusuzko izateagatik bertan behera uzteko. Horrelaxe frogatu dute dagoeneko Donostia, Guadalajara eta Bartzelonako Merkataritza Arloko epaitegiek, besteak beste. Horregatik, IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik itxaropenerako deia luzatzen diegu kalteturiko familiei. Elkarte honek aurkezturiko auzibide gehienek Espainiako Auzitegi Gorenera helegitea jarria dute, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiari aurretiko galdera eginaz gainera. Amore ematetik oso urrun gaude hortaz. Borrokan jarraitzen dugu.

IRPH Stop Gipuzkoak PP, PSOE eta PNVren jarrera baztertu eta EH Bildu, IU eta Podemosen babesa eskertzen du.

Europak IRPHarekin amaitu dezakeen araudia bozkatuko du maiatzaren 19an

Bihar, maiatzaren 19an, Europako Parlamentuaren osoko bilkurak IRPHaren abusuarekin amaitu dezakeen araudi berri bat bozkatuko du. Gaurko saioan, Josu Juaristi parlamentariak (EH Bildu, GUE/NGL) IRPHaren abusua salatu du eta araudi berriak bankuek hau aplikatzen jarraitzeko inolako aukerarik ez uztea aldarrikatu du.

Helburu hau lortu ahal izateko, biharko bilkurak arudiaren aplikazio-eremua zabaltzen duen enmendakina onartu behar du. Modu honetan, IRPHa bezalaxe banku zentralek prestaturiko indizeei ere aplikagarri litzaieke araudi berria. IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak sinadura bilketa bat jarri zuen abian, eta dagoeneko EH Bildu, IU eta Podemosen babesa jaso dugu. Gainontzeko alderdien botoa arretaz jarraituko dugu.

Biharko bozkak eguerdiko 12tan hasten dira, eta osoko bilkura zuzenean jarrai daiteke Parlamentuaren webgunean.

Justiziak Espainiako Bankua estutu du IRPHa dela eta

150513burgos

Burgoseko Merkataritza Arloko epaitegiak ez ditu Espainiako Bankuaren aitzakiak onartu, eta IRPHaren kalkuluari buruz egin zaizkion galderei erantzuteko eskatu dio berriz ere.

Galderak IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatu boluntario diren Maite Ortiz eta José María Erauskinek egin zituzten, IRPHa aplikatzeagatik Kutxabanken aurka Burgosen eramaten ari diren auzi baten testuinguruan. Espainiako Bankuak erantzuteari uko egin zion prozeduraren parte ez dela argudiatuaz, eta epaitegiak argitu dio lekuko gisa erantzun behar duela. Epaileak erantzunak jaso bitartean prozedura etetea erabaki du.

Ez da Espainiako Bankuak IRPHaren inguruan justiziarekin elkarlanean aritzeari uko egiten dion lehendabiziko aldia: aurretik Donostian aurkezturiko salaketa batetan ere erantzuteari uko egin zion, eta orduan sekretua gordetzeko betebeharra argudiatu zuen.

Justiziaren eta Espainiako Bankuaren arteko talka hau Donostia, Bartzelona eta Guadalajarako Merkataritza Arloko epaitegiak eta Gipuzkoako Probintzia-Auzitegia aurrez aurre jarri dituen liskarrari batu zaio. Aipaturiko epaitegiek IRPHa baliogabetzen duten epaiak ebazten jarraitzen dute, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Kutxabankek helegitea jarririko epaiak bertan behera uzten ditu, kalteturiko familiak Espainiako Auzitegi gorenera jotzera behartuaz. Familia hauek salatu dute Probintzia-Auzitegiak IRPHaren aplikazioa babestu duela, banketxeek indizearengan «nolabaiteko eragina» izan dezaketela onartu arren. Eta horixe da hain zuzen ere IRPHa baliogabetzea eskatzeko argudio nagusietako bat.

IRPHaren inguruko setioa Bruselatik ere bultzatua izaten ari da. Datorren asteartean bertan erreferentzia-indizeen inguruko Europako araudi berri bat onartu liteke, IRPHak betetzen ez dituen gardentasun eta sendotasun baldintza minimo batzuk ezartzera datorrena.

Europak IRPHa baliogabetu dezake datorren astean

stop_manipulation

EUROPAKO PARLAMENTUAK IRPHaren ABUSUAREKIN AMAITU DEZAKE ASTE BETEKO EPEAN

MAIATZAREN 18 ETA 19AN ERREFERENTZIA-INDIZEI BURUZKO ARAUDI BERRIA EZTABAIDATUKO DA

EH BILDU, IU ETA PODEMOSek IRPH STOP GIPUZKOA ELKARTEAK PROPOSATURIKO ENMENDAKINA DEFENDATUKO DUTE

ELKARTEAK SINADURA BILKETA ABIATU DU INTERNETEN

Donostia, 2015-5-11

Europako Parlamentuak maiatzaren 18an eztabaidatu eta hurrengo egunean bozkatuko duen erreferentzia-indizeen inguruko araudi berriak IRPHarekin amaitu lezake. Estatu espainiarrean 1,3 milioi hipotekatik gora kaltetzen dituen abusuzko indizea da IRPHa.

Araudi berria erreferentzia-indizeen manipulazio arriskua txikitzeko helburu zehatzarekin jaioko da, eta betebehar minimo batzuk ezartzen ditu. Oso oinarrizkoak izan arren, IRPHak ez ditu baldintza hauek betetzen. Indizea osatzeko erabiltzen diren datuak argitara ematea eskatzen du adibidez, eta IRPHaren kasuan ez da hau betetzen, datuak “sekretuak” direla aitzakiatzat hartuta. Gainera, indizeek merkatuaren errealitatea ordezkatzea eta eskaintza eta eskariaren legearen menpe egotea exijitzen du araudi berriak. IRPHak, bataz besteko ez haztatua denez, negozio-bolumenaren araberako ponderaziorik ez du egiten eta entitate guztiek pisu espezifiko berbera dute bataz bestekoan. Ondorioz, emaitza ez da merkatuaren errealitatearen isla eta ez dago eskaintza eta eskariaren legearen menpe.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen abokatu boluntario diren Maite Ortiz eta Jose Mari Erauskinek IRPHaren irregulartasun hauek eta beste hainbat azaldu zituzten Bruselan pasa den apirilaren 16an, Europako Parlamentuan egin zuten agerraldian. Agerraldi berdinean salatu zuten Europako banku zentralen sistemara lotuta dauden bankuek prestaturiko indizeak araudi berria betetzetik libre suertatuko liratekeela araudiak gaur egun duen idazketa mantentzen bada. Honek IRPHa salbatuko luke, Espainiako Bankuak prestatua baita, eta estatu espainiarrean 1,3 milioi familiatik gora kaltetuko lituzke.

Hori dela eta IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak testua indarrean sartu aurretik zuzentzeko eskatu zuen, bere aplikazio-eremua zabalduz, eta sinadura-bilketa bat abian jarri zuen bere webgunean:

https://irphstop.eus/petition/

Gaur konfirmatu da EH Bildu, IU eta Podemos alderdietako parlamentariek emendakina aurkeztuko dutela zuzenketa hori proposatzeko. Hiru alderdi hauek barne dituen Europako Ezker Bateratuaren Talde Konfederalak hobekuntza hau defendatuko du maiatzaren 18ko osoko bilkuran, eta emendakina hurrengo egunean bozkatuko da, maiatzaren 19an.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik hiru alderdi hauen babesa eskertzen dugu, eta gainerako alderdiei dei egiten diegu euren talde parlamentarioko kide guztiek emendakina babestea lortzeko lanean hasi daitezen.

Araudi berria IRPHaren aurkako behin betiko kolpea izan daiteke, nahiz eta IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik erredundantea izan daitekeela uste dugun. Izan ere, Donostia, Guadalajara eta Bartzelonako merkataritza-arloko epaitegiek jadanik 40 epaitik gora ebatzi dituzte IRPHa abusuzkoa delako baliogabetzen, eta beraz frogatuta geratu da indize honek dagoeneko indarrean dagoen araudia urratzen duela. Hala ere, Gipuzkoako Probintzia Auzitegia Donostiako epaiak baliogabetzen ari da, eta kalteturiko familiak Espainiako Auzitegi Gorenera jotzera behartuak izaten ari dira. Epaitegietako borroka honetan Bruselatik etor daitekeen babesa erabakigarria izan daiteke. Ondorioz, PNV, PSE-PSOE eta PPri dei egiten diegu IRPHaren alde agertu duten jarrera utzi eta abusu honekin amaitzeko lan egin dezaten.

IRPH: Espainiako Bankuak justiziari trabak jartzen dizkio

topsecret2

Burgosen gertatu da. Bertan, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek bertako PAH elkarteko kide den eta Kutxabanken IRPHak kaltetua den lagun baten kasua daramate.

Abokatuek epaileari eskatu zioten Espainiako Bankuari galdera-sorta bat bidaltzeko. Galderak indize honen zenbat irregulartasun azaleratze aldera eginak izan ziren. Epaileak eskaria onartu, eta galderak Espainiako Bankuari bidali ziren.

Baina Espainiako Bankuak justiziarekin elkarlanean aritzeari uko egin dio, prozeduraren parte ez dela argudiatuz. Aitzakia merkea da, eta Espainiako Bankuak aitzakia hori asmatzen egin duen esfortzua galderei erantzuteko egin behar zuena baino handiagoa izan da. Izan ere, galderek bai edo ez erantzutea eskatzen zuten. Argi dago IRPHa kosta ala kosta babesteko interesa duela Espainiako Bankuak. IRPHa estatu-kontua da dagoeneko.

Gogoratu behar da hau ez dela Espainiako Bankuak IRPHaren inguruan justiziari laguntza emateari muzin egin dion lehen aldia. Aurretik, Donostiako kasu batetan ere erantzuteari uko egin zion eta orduan “sekretua” gorde beharra argudiatu zuen.