Maite Ortiz eta José María Erauskin, IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen abokatuek, agerraldia egingo dute Espainiako Diputatuen Kongresuan. Agerraldia Unidos Podemos-En Comú Podem-En Marea talde parlamentario konfederalak eskatua da, eta Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Komisioan emango da, nahiz eta oraindik ez den ezagutzen data zehatza.
Maite Ortiz eta José María Erauskin aitzindariak dira IRPHaren aurkako borroka juridikoan, eta aurretik ere azaldu dituzte IRPHaren irregulartasunak Europako Parlamentuan eta EAEko Legebiltzarrean. Oraingoak kaltedunon ahotsa Espainiako Diputatuen Kongresura eramango dute. Bertan IRPHaren funtzionamendua azalduko dute, talde parlamentarioek errealitate hau ezagutu dezaten. Indizea jasanezina, abusuzkoa, manipulagarria eta bi aldiz ordaintzea dakarrena dela azaltzea da helburua.
Agerraldiak kutsu juridikoa izango du, baina Maite Ortiz eta José María Erauskinek IRPHak kaltedunengan eragiten duen sufrimendua ere azaldu ahal izango dute. Izan ere PAH elkartean etxegabetze prozesua pairatu duten dozenaka familien alde egin dute lan, IRPHarekin erlazioa izan ala ez.
Azpimarratzekoa da agerraldi honetan IRPHaren irregulartasunak azalduko direla baina ez dela hura ordezkatzeko formularik defendatuko. Uste dugu hori hurrengo pausua litzatekeela, eta injustizia honi amaiera emateko konpromisoa hartzen duten talde parlamentarioei gure proposamenak helarazi beharko genizkieke kaltetuon plataformetatik. IRPH Stop Gipuzkoa plataformak oraindik ez du honen aurreko bere jarrera ezagutarazi, eta beraz agerraldi honetan ez da inolako formularik defendatuko, ez eta horren inguruko Legez Besteko Proposamenik.