2016. urtea zoru klausulen biktimentzako oso berri on batekin amaitu zen: abenduaren 21ean Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak ebatzi zuen epaia. Ba al du epai honek inolako eraginik IRPHaren kaltedunongan? Galdera oso zabaldua dago, eta horren erakusle da abenduaren 21ean gure webguneak izan zuen bisita kopurua ohikoa baino hamar aldiz handiagoa izan zela.
Azter dezagun lehenik zertan datzan Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren epaia. Horretarako, gogoratu dezagun zein zen epaiaren aurretiko egoera. Eta gogora dezagun Espainiako Auzitegi Gorenak, 2013ko maiatzean, zoru klausulak abusuzkoak direla ebatzi zuela, gardentasunik ez badute behintzat. Hau da, banketxeak klausularen funtzionamendua gardentasun osoz azaldu izana frogatzen ez badu, hau abusuzkoa dela. Praktikan, zoru klausulen inguruko demanden %99a kontsumitzailearen aldeko epai batekin amaitzen zen, klausula abusuzkoa dela ebatziz.
Orduan, zein zen arazoa? Arazoa zen Espainiako Auzitegi Gorenak, honek guztiak banketxeen mozkinetan izango zuen eragina ikusirik, erabaki zuela kaltedunek ezingo zutela 2013ko maiatzaren aurretik ordainduriko dirua berreskuratu. Zuzenbidearen aurkako zerbait guztiz eskandalagarria da, legediak oso argi ezartzen baitu klausula bat abusuzkoa bada kontratutik kendu eta kaltea erabat konpondua izan behar dela. Ez dago atzeraeragina mugatzerik: abusuzko klausula aplikatuaz bidegabe kobraturiko guztia itzuli behar da. Baina Espainiako Auzitegi Gorenak salbuespena ezarri zuen, diru guztia itzultzeak ekonomian izan zezakeen ondorioa argudiotzat erabiliz. Modu errazago batean azalduta, epaitegi espainiarrak ezarri zuen doktrinak hauxe dio: “gutxi lapurtzen baduzu lapurturikoa itzuliko duzu, baina asko lapurtu ezkero ez duzu zertan itzuli behar”.
Gauzak horrela, epaitegi batzuk Gorenaren doktrina aplikatzen zuten, atzerako eragina 2013ko maiatzera mugatuaz. Beste batzuk aldiz Gorenari entzungor egin zioten, astakeria nabarmena delako, eta zoru klausula abusuzkotzat jotzean diru guztia itzuli beharko zela ebazten zuten. Eta gutxi batzuk Europari galdetu zioten. Eta hemen sartzen da jokoan Europar Batasuneko Justizia Epaitegia, banketxeen eta Espainiako gobernuaren presioei aurre eginez begi bistakoa dena ebatzi duelarik: lapurturiko guzti-guztia itzuli behar da.
Beraz Europak esan duena hauxe da: zoru klausula salatuz epaitegietara jotzen baduzu eta arrazoia ematen badizute, klausula horren ondorioz kobratu dizuten guztia berreskuratzeko eskubidea duzu. Hau da, klausula baliogabetzea lortzen baduzu (eta, esan dugun moduan kasuen %99an lortzen da), atzerako eragina osoa izango da.
Orain badirudi Espainiako gobernua lege dekretu batetan lanean dabilela, espero daitekeen auzi-eske kopuru itzelari aurre egin edo ekiditeko. Ezin da pentsatu kontsumitzaileen mesederako ezer egingo duenik, eta berriz ere banketxeen alde egitea litzateke normalena. Ondorioz, zoru klausulen kaltedunei kontuz ibiltzeko gomendioa luzatzen diegu. Baina hori beste kontu bat da.
Itzul gaitezen haserako galderara: IRPHaren kaltedunontzat mesedegarri al da epai hau? Tamalez, ez modu zuzenean. IRPHa abusuzko klausula dela ebaztea lortzen dugunean bidegabe ordaindu dugun guztia itzuliko digutela bermatzen digu, inolako mugarik gabe. Horixe da ematen diguna.
Baina, bistan denez, IRPHa abusuzko klausula dela ebaztea da garrantzitsuena oraindik ere. Eta zein da egungo egoera?
Gure plataforma, Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatu boluntarioen laguntzarekin, aitzindaria izan zen eta Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegian 30 epaitik gora lortu zituen 2014ean, IRPHa abusuzkoa delako baliogabetuaz. Baina guztiak bertan behera bota zituen Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, argudio irrigarriak erabiliz. Ortiz eta Erauskinek pareko epaiak lortu dituzte estatu espainiarreko beste hainbat epaitegietan, eta beste abokatu askok ere lortu dute. Gaur egun dozenaka dira IRPHaren aldaera guztiak bertan behera uzten dituzten epaiak, baina banketxeek epai orori helegitea jartzen diote, eta beraz epai irmoak ez dira oraindik asko. Gure datuen arabera lau dira.
Bigarren instantzian, Probintzia Auzitegi batetan lortu zen lehen garaipena Maite Ortiz eta José María Erauskinek lortu zuten Araban, eta kasuari helegitea jarri zion banketxeak Espainiako Auzitegi Gorenean. Horren ondoren beste hiru epai ere ebatzi ditu auzitegi berberak, eta oraingoz ez da beste kasurik ezagutzen.
Hurrengo borroka garrantzitsua Espainiako Auzitegi Gorenean izango da beraz. Eta baikorrak izan behar dugu, arrazoia dugulako, nahiz eta jakin badakigun banketxeen interesan alde egiten duen epaitegi batekin topo egingo dugula. Gainera, badakigu Espainiako Auzitegi Gorenaren gainetik Europako epaitegia dagoela, eta azken honek bai, banketxeen presioei aurre egiten diela.