Andoni Ortuzar IRPHaren kaltedunari mezua

Pasa den uztailaren 3an Gipuzkoako Batzar Nagusitan egin genuen agerraldian mezu hau utzi genion PNVren presidente den Andoni Ortuzarri. Tamalez, PNVko batzarkideak ez ziren komisioan izan (bere betebeharra izan arren, eta kaltedunoi eta Batzar Nagusiei errespetu falta itzela erakutsiz), eta beraz ezin izan diote mezua helarazi. Horregatik atera behar izan dugu bideoa.

Kutxak helegitea jarri du, PNV, PSE eta PPren babesaz

salvavidas

Gaur jakinarazi digute Kutxak helegitea jarri duela mailegu batetan IRPHa baliogabetu zuen epaiaren aurka. Epai hark Kutxa zigortu zuen gehiegikeriaz kobraturiko interesak itzultzera, IRPHaren arabera ordainduriko guztiak Euribor+1 indizearekin berriz kalkulatuaz.

Helegite hau Kutxaren arduradun politikoei helarazi genien eskabidearen ondoren dator. Eskaera hartan, epaia onartu eta kaltedun guztiei aplikatzeko deia egin genien. Gasteizko legebiltzarrean izan zen eztabaidan, EH Bilduk proposatu zuen Kutxari aldarrikapen hori helaraztea, baina PNV, PSE eta PP-k aurka egin zutens. Beraz, familiek jakien behar dute PNV, PSE eta PPk ez dutela gehiegikeriaz kobraturiko interesak berreskuratzerik nahi. Hala ere, helegitearekin ez dute askorik lortuko. IRPHa abusuzkoa eta indarrean dagoen legediaren aurkakoa dela frogatzen duten argumentuak ditugu, eta amaieraraino jarraituko dugu borrokan.

Orain hamar eguneko epea dugu Kutxaren helegiteak aurkezten dituen argumentuen aurka egiteko, eta ez zaigu zaila suertatuko.

IRPH Entidades indizearen aurkako aurretiko bista

140714_epaitegiak

IRPH Entidades delako indizea aplikatzeagatik Kutxaren aurka jarritako lehen salaketaren aurretiko bista ospatu da gaur Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegian. Gaur ospatu den bistaren aurretik, epaitegi berdinak IRPH Cajas aplikatzeagatik aurkezturiko salaketa bat bere osotasunean berretsi eta Kutxa zigortu zuen maileguaren bizitza osoan zehar bidegabe kobraturiko interes guztiak itzultzera.

Gaurko saioan Kutxak Espainiako Bankuaren txosten bat eskatu du, bertan azaldu dezan indizearen manipulaziorik gertatu den edota horren inguruan inolako espedienterik zabaldu duen. Maite Ortiz eta José María Erauskinek, IRPH Stop elkartearen talde juridikoaren kide eta Kaleratzeak Stop elkartean ere laguntzen dutenek, ez diote garrantziarik eman Kutxaren eskabideari. Salaketak, eta IRPH Cajas aplikatzeagatik Kutxa zigortu zuen epaiak, ez dute indizea nahitaez manipulatua izan denik defendatzen, baizik eta berau kalkulatzeko metodoak emaitzarengan eragina izateko aukera ematen duela. Aldeetako batek eragiteko ahalmena izatea da indizea baliogabe izateko arrazoia, eta ez dago manipulatua izan dela frogatu beharrik.

Abokatuak baikor azaldu dira, eta IRPH Cajas baliogabetu zen moduan IRPH Entidades ere baliogabetu eta Kutxabank berriz ere zigortuko duen epai bat espero dute. Izan ere, bi indizeak guztiz parekoak dira, Kutxak berak orain dela gutxi onartu zuen moduan. Pasa den ekainaren 12an komunikabideei zuzenduriko idatzi batetan, Kutxaren kontseilari eta PNVko kide den María Jesús Aranburuk zioen moduan, «IRPH Cajas manipulagarria baldin bada, IRPH Bancos eta IRPH Entidades ere hala dira».

Idatzi berean, kontseilari jeltzaleak zioen Euribor+%1 aplikatzea «Kutxaren bezeroen errealitate abantailatsua» dela, IRPH Entidades aplikatzen duten banketxeekin alderatuz. Kontseilari andereak ahaztu egin zuen antza Kutxak berak IRPH Entidades ere aplikatzen duela.

Gogoratzekoa da nola pasa den maiatzaren 30ean talde juridiko berak Kutxaren partetik iruzur garbi bat jasan duen bezeroaren kasua eraman zuen. Bezero honek IRPH Cajas zuen bere maileguko indize gisa, eta indize hau desagertzekotan zela eta bezeroaren kuota jeitsi egiongo zela jakinik, Euribor+%1 baituzen ordezko gisa, Kutxak IRPH Entidades indizera aldatzea sinatu arazi zion, jakinik azken hau oraingoz ez dela desagertzen eta Euriborraren oso gainetik mantentzen dela. Honelako iruzur garbien aurrean, IRPH Stop elkarteak deialdi berezia egiten die Kutxaren bezeroei, arreta handiz joka dezaten, eta elkartearengana jo dezaten informazio eske.

Gaur aztertu den salaketak berebiziko garrantzia du. Izan ere, IRPH Cajas-en kasuan bezala IRPH Entidades baliogabetzea lortzen bada, estatu mailako lehen epaia litzateke. Horregatik, estatuko kaltedunen beste plataforma batzu ere izan dira gaur IRPH Stop Gipuzkoa elkartearekin batera epaitegian.

Kaltedunen helburua bidegabe kobraturiko guztiak itzultzea da. Eta gainera, ohiko etxebizitza erosteko maileguak aldeetako batek eragin ezingo duen interes tipoekin lotzea, eta goiko muga edo sabai batez babestea. Etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzeko neurri ezinbestekoak dira.

Gaur azterturiko kasuaren ahozko bista irailaren 22an ospatuko da.

Kutxabankek CiU-ri 10 milioi euro barkatu dizkio

ustelkeria

Gaur jakin dugunez, Kutxabankek CiU barruan dagoen Unió alderdi politikoari ia 10 milioi euro barkatu dizkio (ikusi berria hemen). Aurretik, BBK-k PSOE-ri 21 milioi barkatu zizkion (ikusi berria hemen).

Argi dago: bikotekide gabeko ama bat baldin bazara, 3.000 euro zor dituena IRPHa duen abusuzko mailegu baten ondorioz, Kutxabankek etxea kendu eta kalean utziko zaitu. Milioika euro zor dituen alderdi politikoa baldin bazara, orduan Kutxabank akordioaren oso aldeko izango da, Ortuzarrek esan zuen bezala.

PNVko batzarkide den José Corchón-ek behin kritika egin zigun Kutxari publizitate txarra egiten diogulako IRPHarekin lapurtu diguna exijitzean. Hitzez-hitz hauxe esan zuen: “aquí el pagano es la sociedad vasca, como dueña y beneficiaria de un bien público, que es Kutxa“. Corchón eta Ortuzar jaunek azaldu beharko digute zeintzuk diren euskal gizartearen milioika euro horiek alderdi politikoei barkatzeko akordioak.

Andoni Ortuzar gezurretan dabil

ortuzar_gezurti

Idatzi bateratu honen bitartez, Gipuzkoako Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop elkarteek Andoni ORtuzar jauna irmoki gezurtatu nahi dugu. Ortuzar jaunak, albiste-agentzi ezagun bati egindako adierazpenetan, hauxe esan du kaleratzeen eta IRPHaren inguruan: «Kutxabank es precisamente la entidad financiera más dada al acuerdo para solventar esas cuestiones».

Ez dakigu zein datu dituen PNVren presidenteak hori esateko. Gure elkarteak bi arazo hauek kaltetutako familiek eta egoera horretan dudenak laguntzen dabiltzan bolondresek osatzen dituzte, eta esan dezakegu guztiz aurkakoa dela errealitatea: Kutxabank da, diferentziaz gainera, akordiorako malgutasun gutxien duena eta gupidagabeena fede oneko zordunekin negoziatzeko garaian, eta IRPH aplikatzean ere bai.

Kutxabank da epaitegietan ejekuzio gehien eskatu dituen entitatea. Eta Kaleratzeak Stop-en laguntzaz etxebizitza ordainetan ematea edota banketxeekin akordio batetara iristea lortu dutenen zerrendan, kasu bat bera ere ez dago Kutxabanki dagokionik. Kontuan hartuta gure lurraldean mailegu gehien dituen entitatea dela, ondorioa argia da.

Estatu mailan ere, Kutxabank ezaguna egin da gupidagabeen jokatzen duten banketxeetako bat delako. Ada Colau, garai hartan PAH-ren bozeramaile zenak, horixe esan zuen 2014ko otsailean Donostian izan zenean, Kutxaren aurka IRPH aplikatzeagatik jarri genuen salaketa babestera etorrita. Eta orain dela oso gutxi ikusi dugu, Kutxabankek Madrilen Jorgeren familia indarrez kaleratu duenean, tartean hiru adin txikiko zeudelarik, horietako bat 20 egunetako haurra.

Eta IRPHari dagokionean, beste hainbeste. Kutxabankek gaur egun iadanik desagertu den IRPH Cajas aplikatzen darrai, eta hori egiten du 2013ko ekainean Eusko Legebiltzarretik jaso zuen deialdiari entzungor eginda. Gipuzkoako Batzar Nagusi, Diputazio eta hogeitik gora udaletxeri ere muzin egiten die horrela. IRPH Cajas aplikatzen darrai nahiz eta berriki ezagutu den epai batek, zeinek Kutxbank zigortzen duen IRPHaren arabera kobraturiko interesak itzultzera, argi ezartzen duen «gutxienez 2013 ko uztailaren 29tik» IRPH Cajas-en araberako hipotekak «Euribor+1 indizearen arabera kobratuak beharko lukete izan, aldeek horrela adostu zutelako».

Ortuzar jaunari kalteturiko familienganako errespetu handiagoa exijitzen diogu. Denak ez du balio euren borroka partidistetan. Ez jolastu gure sufrimenduarekin. Gainera, Kutxabanken administrazio kontseilua gehiengo absolutuz kontrolatzen duen alderdiko presidente da, eta ondorioz entitate honen jokabide antisozialen erantzule zuzena.