Dagoeneko lau dira Kutxaren aurkako salaketak IRPHa dela eta

bidemanda

Atzo, urtarrillak 22, beste bi salaketa jarri genituen Kutxaren aurka IRPH indizeak aplikatzeagatik. Bi salaketa hauen aurretik beste bi aurkeztu ziren 2013an, eta dagoeneko tramitera onartuak izan dira. Kasu guztietan, Kaleratzeak Stop-en talde juridikoa da demandak prestatu dituena.

Atzo aurkezturiko lehen salaketa Lorenaren kasuari dagokio. Kasu hau bereziki larria da, eta Kutxak bere babes ofizialeko etxebizitza eskuratu du, hasera batean 2.900 eurokoa zen zor bategatik. Zor hau puztutzen joan zen berandutze-interes itzelak medio, baina interes horiek abusuzkotzat joak eta bertan behera utziak izan ziren Donostiako 4. Epaitegiaren 2013ko abenduaren 20ko autoan. Orain, Lorenaren defentsak argudiatuko du IRPH Cajas aplikatzea ere abusuzko klausula dela, Lorenak eta bere alabak etxea berreskuratu dezaten. Izan ere, hipoteka sinatu zen garaian IRPH Cajas Euribor+%0,5 inguruan zegoen, eta puztua izan zen ia Euribor+%3,5 izatera iritsi arte. Lorenaren hipotekan honek izan zuen eragina nabarmena da.

Atzoko bigarren salaketa Isabel eta José Ignaciorena da, eta Kutxa salatzen dute IRPH Entidades indizea aplikatzeagatik. IRPHaren aldaera hau duten Kutxaren hipotekak gutxiengoa dira, baina garrantzia handia du estatu-mailako IRPHaren aurkako borrokan, bertan behera utzia izan ez den IRPH mota bakarra baita. IRPH Cajas eta IRPH Bancos baliogabetuak izan ziren manipulagarriak zirelako, baina PSOE eta PPk IRPH Entidades mantendu dute, bere kalkuloa eta bilakaera besteekin alderatuta zeharo parekoak izan arren. Epaitegietan abusuzkoa dela frogatzea oso garrantzitsua izango da Isabel eta José Ignaciorentzat, baina baita estatu guztian indize hau pairatzen duten milaka familientzat ere.

IRPHak Kaltetuakoen Gipuzkoako Elkarteak eta Kaleratzeak Stop-ek berriz ere azpimarratu zuten tamalgarria dela Kutxak, gipuzkoar guztion aurrezkiekin sorturiko aurrezki kutxa izan zenak, abusuzko indize hauei eusten jarraitzea eta kaltetuei epaitegietakoa beste biderik ez uztea.

Atzokoaren inguruan argitaraturiko berriak ikus itzakezu El Diario Vasco-n, Gara-n, Noticias de Gipuzkoa-n eta Irutxuloko Hitzan.

RNE irratian albistea ematearekin batera José María Erauskin abokatuak hitz egin zuen:

Eta hemen gure prentsa oharra.

Bi salaketa berri Kutxaren aurka, IRPHa aplikatzeagatik

justicia

Bihar, urtarrilak 22, eguerdiko 13:30tan, hitzordu berri bat dugu Donostiako epaitegietan. Kutxaren aurkako bi salaketa berri aurkeztuko dira Kaleratzeak Stop-en talde juridikoaren eskutik, eta gu bertan izango gara gure babesa ematen.

Lorenak IRPH Cajas abusuzkoa dela argudiatuko du bere etxebizitza ez galtzeko. Gogoratu Kutxak babes ofizialeko etxebizitza kendu diola 2.900 euroko zorragatik, IRPHa eta abusuzko beste klausula batzuk direla medio. Lorenaren kasua benetan eskandalagarria da: ikusi laburpen bat hemen.

Isabel eta Jose Ignaciok ere Kutxa salatuko dute IRPHa aplikatzeagatik. Euren kasuan IRPH Entidades da aplikatu zaien indizea. Indize hau dela eta Kutxaren aurka aurkezten dugun lehen salaketa izango da, eta Kutxaren kasuan indize hau duten hipotekak gutxiengoa izan arren estatu mailan garrantzia handia du. Izan ere, IRPH Cajas eta IRPH Bancos desagertu diren arren PSOE eta PP-k IRPH Entidades mantendu ute, eta estatuan milaka familia dira indize manipulagarri hau pairatzen dutenak. Epaitegietan abusuzkoa dela frogatzea oso garrantzitsua izango da IRPHaren aurkako borrokan.

Zatoz zu ere. Asteazkena, urtarrilak 22, 13:30 tan Donostiako epaitegietan (Atotxan: Teresa de Calcuta Plaza, 1).

Xabier Iturbe, ergel morala

iturbe_etb

Xabier Iturbe, Kutxako presidentea, gustora aritu zen atzo ETBn. Eta bihozbera edota inuzente izatea da gure beldur bakarra, ergel morala dela diogunean. Norbert Bilbeny-ren esamoldea da, eta Víctor Morenok erabili du «El Banquete, Expolio y desaparición de la CAN» liburuaren hitzaurrean. Kontuz elkarteak aurkezturiko liburua da, nafar aurrezki kutxaren “desagertzea” ekarri duten arrazoiak aztertzen dituena.

Ergel moralak, adimenaren garapen optimoa izan arren beraien ekintza eta erabakien ondorio etikoak desberdintzeko gai ez diren norbanakoak dira. Esandakoa: bihozbera edota inuzente izatea da gure beldur bakarra.

Xabier Iturbek gorritu gabe esan zuen «ordaindu nahi ez dutenak bakarrik kaleratzen ditugu». Baliteke Iturbek hau esatean bere gogoan IRPHaren biktima den familia bat izatea, hain zuzen ere Donostiako Herrera auzoko Kutxaren bulegoko zuzendariarengandik sobreko zopa jateko gomendioa jaso zuena, hipoteka ordaindu ahal izateko. Beste hitz batzutan, Zertan zabiltza jaten? Ordaindu hipoteka, gorri halakoa! Zuzendariak usteko zuen agian bezero (biktima) haiek ez zutela hipoteka ordaindu nahi, harriduraz ikusi baitzuen ez zeudela semea sobreko zopaz elikatzeko prest.

Hau guztia Iturberen ahotik entzunda bat sumindu egin daiteke, nahi izanda ere hipoteka ordaindu ezin duten familiekin negoziatzera esertzeko (uko egiteko) orduan malgutasun gutxien erakusten duen entitatearen presidente baita. Kaleratzeak Stop Gipuzkoatik behin baino gehiagotan azpimarratu dute hau. Baina ez. Arrazoi du. Arrazoi duzu, Xabier: ez dugu ordaindu nahi. Ez hilean 30.000 euro baino gehiago ordaintzen dizun banketxeari, bi urteren buruan Gizarte Ekintzarako aurrekontua 38 milioitik 9ra jeisten duen bitartean.

Gipuzkoar guztion aurrezki kutxa izan zenaren eta bere gizarte ekintzaren desagertzea ari gara bizitzen, eta garaiz gelditzen ez badugu egunen batean norbaitek «El Banquete, Expolio y desaparición de Kutxa» liburua idazteko itxaropena bakarrik geldituko zaigu, errudunak nortzuk diren jakin ahal izateko nahiz eta, Nafarroako kasuan bezalaxe, dagoeneko konponbiderik ez izan.

Atzo ETBn, Iturbek san zuen hobe genuela «konponbidea bilatu, eta ez errudunak». Ez dira bilaketa bateraezinak, osagarriak baizik. Baina berak ez daki. Ez daki bera dela errudun horietako bat. Ez daki, ergela delako. Ergel morala.

Ángel, Kutxaren IRPHak kaltetua, Cuatro telebistan

Ángel 2011tik langabezian dago, lan istripu bat jasan ondoren kaleratua izan zenetik. Bere bikotekide Conchik %55eko elbarritasuna du. Bi seme dituzte, bata adingabea eta bestea %86ko elbarritasuna duena, eta Kutxabankek etxetik bota nahi ditu. Hau gutxi ez balitz, Conchiren gurasoak, laurogei urtetik gora eta osasun arazoak dituztenak, iadanik ordaindua duten etxebizitza galtzeko arriskuan daude baita ere, Kutxak beraien etxea berhipotekatu baizuen Ángel eta Conchiren mailegua sinatzean.

Urtebete baino gehiago borrokan ibili arren, Kutxak ez die onartzen etxea ordainetan ematea. Beraien hipoteka IRPH Cajas indizeari lotuta dago eta Madrilen bizi arren Kaleratzeak Stop Gipuzkoako talde juridikoarekin eta gure elkartearekin harreman estua dute, Kutxabanken gehiegikeriei aurre egin ahal izateko.

Gaur Ángelek Cuatro telebista katean bere egoera salatu du.

Kutxak babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratu du 2.900 euroko zorragatik eta IRPHa, abusuzko klausulak, abokatu zital bat eta Eusko Jaurlaritzaren konplizitatea medio

lorena

Lorenaren kasua bereziki eskandalagarria da. Bere etxea galdu du, baina azken hitza ez dago oraindik esana, ez baitugu bidegabekeria hau onartuko.

2006an, Errenterian egokitu zitzaion babes ofizialeko etxebizitza erosteko hipoteka bat sinatu zuen Kutxarekin. Hipoteka hau IRPH Cajas indizeari lotu zen.

2010an bere egoera ekonomikoak okerrera egiten du eta dagoeneko Europak gaitzetsia zuen IRPH Cajas indizearen arabera kalkulatutako kuotak ordaintzeko arazoak izaten hasten da.

2011n Kutxak jakinarazten dio 2.900 euro zor dituela, eta bere talde juridikoa abian jartzeko mehatxua egiten dio. Talde horren kostuak direla eta, zorra 14.000 eurotara igoko omen litzateke. Astebete igarota, Kutxak dagoeneko 14.000 euro galdegiten dizkio, eta orain mehatxua mailegua bere osotasunean eskatzeko eskubidea emango lioken klausula bat aplikatzearena da.

Lorenak Eusko Jaurlaritzaren Hipoteken Bitartekotza Zerbitzura jotzen du, eta bitartekotza egiteko Kutxari “negoziazioen amaieraren ziurtagiria” eskatu behar diola esaten diote. Kutxak baieztatzen dio negoziazioa amaitu dela, baina ziurtagiria emateari uko egiten dio, uste baitu ez dagoela bitartekotzarako lekurik. Beraz ez dago bitartekotzarik, Eusko Jaurlaritzak ez baitu bitartekotzarik egiten Kutxak ez baldin badu hala nahi (!!)

Horrela Lorena babesgabe dago, eta Kutxak zorra puztutzen darrai, etengabe igotzen doan IRPH Cajas indizearekin (nahiz eta manipulagarria zelako indize hau bertan behera uztea agintzen zuen Ministeritza Agindua dagoeneko argitara emana zegoen), neurriz kanpoko berandutze-interes batzuekin (orain abusuzko deklaratuak izan direnak) eta zorra galdegiteagatiko komisio neurrigabeekin (hauek ere abusuzkotzat deklaratuak izan direlarik)

2012an Lorenaren etxebizitza enkantean ateratzen da. Enkantea hutsik geratzen da inork ez baitu eskaintzarik egiten, Eusko Jaurlaritzak ez du bere erosketarako lehentasuna baliatzen (babes ofizialeko etxebizitza izaki) eta Kutxa babes ofizialeko etxebizitza baten jabe egiten da (!!)

2012 urte berean lehen aipatu dugun Hipoteken Bitartekotza Zerbitzuan lan egiten duen abokatu batek Lorenaren kasua ezagutzen du eta bidegabekeria itzela dela ikusirik Lorenari laguntzea erabakitzen du. Bere izena J da. Lorena J-rekin fidatzen da, eta J-k argi erakusten du Kutxaren jarrerarekin suminduta dagoela. Elkarte honek J-k Lorenari igorririko zenbait mezu elektroniko ikusi ditu eta J-k esandakoen artean ondorengoak azpimarratu nahi ditu:

El comportamiento de Kutxa es indecente. Te mando todo mi ánimo. Es muy triste e injusto que estéis viviendo todo esto. Nos asiste la ley y la moral, y no vamos a cejar en nuestro empeño hasta que se consiga un acuerdo. Estoy seguro que este calvario que estás viviendo va a acabar pronto. No vamos a descansar hasta que se consiga una resolución justa.

2013an, hipoteka-zordunen babesa indartzeko neurrien 1/2013 legea indarrean sartzean, Kaleratzeak Stop elkarteko abokatuek ikusten dute Lorenaren kasuak baduela lege honetan kabida, eta Abusuzko Klausulengatiko Aparteko Inzidente deritzona aurkezten dute.

Ze abokatu uste duzue izendatzen duela Kutxak Inzidente honetan Lorenaren interesen aurka egiteko? Ba J bera. Honek Kutxarentzat lan egiten du orain eta kasua zein bidegabea den ahaztu du antza. Horrelaxe da, Kutxak Hipoteken Bitartekotza Zerbitzuan lan egin duen abokatu bat fitxatu du, Kutxaren hipoteken biktima diren dozenaka familien konfidentzien ezagule dena. Eta ez du zalantzarik Lorenaren aurkako kasua hartzeko. Eta J Lorenaren aurrean jartzen da orain, Lorenak bere etxebizitza berreskuratu ez dezan, orain dela ez asko hau zioenean: “Espero de todo corazón que se haga justicia y busquemos el modo por el que podáis mantener la vivienda”. Ez dago hitzik.

Baina Kaleratzeak Stop-en laguntzaz honi buelta ematea lortu eta Lorena kaleratzea ekidingo dugu.

2013ko abenduan Donostiako epaitegi batek Lorenaren defentsak aurkezturiko Inzidentearen inguruko epaia argitaratzen du eta beste batzuen artean ezartzen du Lorenari aplikaturiko berandutze-interesak eta zorra galdegiteagatiko komisioak abusuzkoak direla, eta beraz bertan behera uzten ditu. Galdera da ea zer gertatuko litzateken orain bertan behera gelditu dirten interes horiei aurre egiteko Lorenak jarri zuen dirua 2.900 eurotako bere zorra ordaintzeko erabiltzerik izan balu. Eta erantzuna, ziur asko zorrari buelta ematea lortuko lukeela.

Gainera, Lorenaren defentsak uste du IRPH Cajas indizea aplikatzea ere abusuzkoa dela, eta beraz Kutxaren aurkako demanda bat aurkeztuko du, klausula hori bertan behera gera dadin.

Kaleratzeak Stop-en talde juridikoa gehiegikeria honi amaiera jartzen saiatuko da, eta guk errudunak seinalatuko ditugu, herritarrek jakin dezaten nor den nor egungo egoeran. Krisia ez, baizik eta guk ordaintzeko asmorik ez dugun estafa bat besterik ez den honetan.