Berriki Batzar Nagusitan egin genuen agerralditik atera ditugun bideoak dira.
Kategoria: PSE
Kutxak helegitea jarri du, PNV, PSE eta PPren babesaz
Gaur jakinarazi digute Kutxak helegitea jarri duela mailegu batetan IRPHa baliogabetu zuen epaiaren aurka. Epai hark Kutxa zigortu zuen gehiegikeriaz kobraturiko interesak itzultzera, IRPHaren arabera ordainduriko guztiak Euribor+1 indizearekin berriz kalkulatuaz.
Helegite hau Kutxaren arduradun politikoei helarazi genien eskabidearen ondoren dator. Eskaera hartan, epaia onartu eta kaltedun guztiei aplikatzeko deia egin genien. Gasteizko legebiltzarrean izan zen eztabaidan, EH Bilduk proposatu zuen Kutxari aldarrikapen hori helaraztea, baina PNV, PSE eta PP-k aurka egin zutens. Beraz, familiek jakien behar dute PNV, PSE eta PPk ez dutela gehiegikeriaz kobraturiko interesak berreskuratzerik nahi. Hala ere, helegitearekin ez dute askorik lortuko. IRPHa abusuzkoa eta indarrean dagoen legediaren aurkakoa dela frogatzen duten argumentuak ditugu, eta amaieraraino jarraituko dugu borrokan.
Orain hamar eguneko epea dugu Kutxaren helegiteak aurkezten dituen argumentuen aurka egiteko, eta ez zaigu zaila suertatuko.
IRPH Stop Batzar Nagusitan: agerraldi osoa
Kaltedunen babeserako funts bat egiteko PSEren proposamena baztertzen dugu
IRPH Stop, IRPHaren kaltedunen elkarteak, komunikabideen bitartez ezagutu du PSE-EEren azken proposamena. Bertan IRPHaren kaltedunen babeserako funts bat sortzea proposatzen da, diru publikoaz eta aurrerakin moduan banketxeei eskatzen diegunaren %80a emango ligukeena.
IRPH Stop elkarteak bere gaitzespen osoa adierazi nahi dio inolako erakundek, zergadun guztien kontura, banku-abusuen ondorioei aurre egiteari. Salbuespen bakarra etxebizitza galtzeko arriskuan edota bestelako larrialdiren batetan aurketzen diren familiak laguntzea litzateke.
PSE-EEk, bere proposamenarekin, berriz ere hiritarrok bankuen abusuak ordaintzea nahi du, eta onartezina da.
Eta nazkagarria da gainera, PSE-EEk Kutxa eta Kutxabanken administrazio kontseiluetan dituen ordezkariek oraindik ere euren bozkarekin IRPHaren aplikazioa defendatzen baitute. PSE-EEren hipokrisiak ez du mugarik. Banku-iruzur bat bultzatzen dute, bertan aktiboki esku hartzen dute, eta erakunde publiko batek guztion diruarekin horrek izan duen kostuari aurre egitea nahi dute.
Azpimarratzekoa da gainera proposamen hau, Diputazioak atzerako eraginez eskatzen dugunaren %80a aurreratzearena, gaia Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatu eta astebetera datorrela. Izan ere, legebiltzarrean PSE-EEk atzerako eragin hau baztertu zuen, nahiz eta badagoen iadanik epai bat hori babesten duena. Gainera, bilkura hartan PSE-EEk, PNV eta PPrekin batera, IRPHaren aplikazioa ahal den guztia luzatu eta familiak kaltetzen jarraitzea babestu zuen.
Legez kanpo kendu diguten dirua banketxeek itzuli behar digute, Kutxabank barne. Eta PSE, PNV eta PPrengandik jasotzen dugun erantzuna ikusita, epaitegietara jotzera beharturik gaude. Dagoeneko badago epai bat Kutxabank zigortzen duena IRPH aplikatzeagatik, eta atzerako eraginez interesak itzultzera behartzen duena, eta laister askoz gehiago etorriko dira.
Gutun irekia legebiltzarkideei
Ekainaren 19an Gasteizko Legebiltzarrean IRPHaren inguruko eztabaidan parte hartu zuten legebiltzarkideei gutun irekia bidali diegu.
Egin klik gutuna irakurtzeko
Gure aldarrikapenak Kutxaren administrazio kontseiluan onartuak izan dira
Atzo, maiatzak 29, IRPHa abusuzkoa izateagatik Kutxa zigortzen zuen epaia ezagutu zenetik lehenbiziko aldiz bildu zen Kutxaren administrazio kontseilua. Epaiak Euribor+1 atzerako eraginez aplikatzera zigortu zuen Kutxabank, IRPHarekin bidegabe kobraturiko guztia itzuliaz.
Gure elkarteak, Kaleratzeak Stop-ekin batera, aldarrikapen hauek helarazi zizkien kontseilariei eta euren alderdi politiko eta sindikatuei:
1. Epaiari helegiterik ez jartzea.
2. Epaia berehala aplikatzea, hemendik aurrera Euribor+%1 ordezkoa aplikatuz, eta baita atzerako eraginez orain arte IRPH arabera ordainduriko kuotei ere, bidegabe kobraturiko interesak itzuliaz.
3. Epaiaren aplikazioa IRPHaren edozein aldaeraren kaltedun guzti-guztiei zabaltzea.
Gaia bozkatua izan zen, eta hauxe izan zen talde bakoitzaren jarrera:
EH Bildu: bere 7 ordezkariek, betiko legez, IRPHaren aurkako jarrera aktiboa izan zuten, eta alde bozkatu zuten.
PNV-PSE-PP: Troikako alderdiek betikoari eutsi zioten eta euren 5 ordezkariek aurka bozkatu zuten. Aipatzekoa da epaia ezagutu zenean PSEtik zorionduak izan ginela (Odón Elorzak twitter bidez zoriondu gintuen), baina atzo bere ordezkariak epaia onartzearen aurka bozkatu zuen. Hauen itxurakeria nazkagarria da.
Pixkanaka: sindikatu honen ordezkariak berriz ere Troikaren aginduak zintzo bete zituen eta aurka bozkatu zuen. Kutxaren langilegoak lehenbailen argitu beharko luke administrazio kontseiluan duen ordezkariarekin bat egiten duen ala ez, bestela herritarrek usteko dute lapurreta honekin ados daudela.
DYA: bere ordezkariak “dimisioa eman” zuen eta ondorioz ez zen bileran izan.
CCOO: bere ordezkariak beti bozkatu du IRPH mantentzearen alde, baina atzokoak ikusmina piztu zuen, izan ere CCOO sindikatuak agiri baten bidez Kutxabanki epaia betetzeko eskatu zion (eta Unai Sordo-k berak zabaldu zuen hau Twitter bidez). Azkenean ez zuen bere agirian defendatu zutena defendatu (ez zuen alde bozkatu) baina ez zuen aurka egin: behingoagatik PNV-PSE-PPren Troikaren aginduak zeharo bete ez eta abstenitu egin zen.
Honela, proposamena onartua izan zen, eta ondorioz Kutxak Kutxabanki eskatuko dio goiko hiru eskaerak betetzeko. Kutxabanken administrazio kontseiluak erabaki beharko du orain, eta bertan esertzen diren alderdiek: PNV, PSE eta PP. Adi-adi jarraituko ditugu euren pausuak.