IRPH Entidades delako indizea aplikatzeagatik Kutxaren aurka jarritako lehen salaketaren aurretiko bista ospatu da gaur Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegian. Gaur ospatu den bistaren aurretik, epaitegi berdinak IRPH Cajas aplikatzeagatik aurkezturiko salaketa bat bere osotasunean berretsi eta Kutxa zigortu zuen maileguaren bizitza osoan zehar bidegabe kobraturiko interes guztiak itzultzera.
Gaurko saioan Kutxak Espainiako Bankuaren txosten bat eskatu du, bertan azaldu dezan indizearen manipulaziorik gertatu den edota horren inguruan inolako espedienterik zabaldu duen. Maite Ortiz eta José María Erauskinek, IRPH Stop elkartearen talde juridikoaren kide eta Kaleratzeak Stop elkartean ere laguntzen dutenek, ez diote garrantziarik eman Kutxaren eskabideari. Salaketak, eta IRPH Cajas aplikatzeagatik Kutxa zigortu zuen epaiak, ez dute indizea nahitaez manipulatua izan denik defendatzen, baizik eta berau kalkulatzeko metodoak emaitzarengan eragina izateko aukera ematen duela. Aldeetako batek eragiteko ahalmena izatea da indizea baliogabe izateko arrazoia, eta ez dago manipulatua izan dela frogatu beharrik.
Abokatuak baikor azaldu dira, eta IRPH Cajas baliogabetu zen moduan IRPH Entidades ere baliogabetu eta Kutxabank berriz ere zigortuko duen epai bat espero dute. Izan ere, bi indizeak guztiz parekoak dira, Kutxak berak orain dela gutxi onartu zuen moduan. Pasa den ekainaren 12an komunikabideei zuzenduriko idatzi batetan, Kutxaren kontseilari eta PNVko kide den María Jesús Aranburuk zioen moduan, «IRPH Cajas manipulagarria baldin bada, IRPH Bancos eta IRPH Entidades ere hala dira».
Idatzi berean, kontseilari jeltzaleak zioen Euribor+%1 aplikatzea «Kutxaren bezeroen errealitate abantailatsua» dela, IRPH Entidades aplikatzen duten banketxeekin alderatuz. Kontseilari andereak ahaztu egin zuen antza Kutxak berak IRPH Entidades ere aplikatzen duela.
Gogoratzekoa da nola pasa den maiatzaren 30ean talde juridiko berak Kutxaren partetik iruzur garbi bat jasan duen bezeroaren kasua eraman zuen. Bezero honek IRPH Cajas zuen bere maileguko indize gisa, eta indize hau desagertzekotan zela eta bezeroaren kuota jeitsi egiongo zela jakinik, Euribor+%1 baituzen ordezko gisa, Kutxak IRPH Entidades indizera aldatzea sinatu arazi zion, jakinik azken hau oraingoz ez dela desagertzen eta Euriborraren oso gainetik mantentzen dela. Honelako iruzur garbien aurrean, IRPH Stop elkarteak deialdi berezia egiten die Kutxaren bezeroei, arreta handiz joka dezaten, eta elkartearengana jo dezaten informazio eske.
Gaur aztertu den salaketak berebiziko garrantzia du. Izan ere, IRPH Cajas-en kasuan bezala IRPH Entidades baliogabetzea lortzen bada, estatu mailako lehen epaia litzateke. Horregatik, estatuko kaltedunen beste plataforma batzu ere izan dira gaur IRPH Stop Gipuzkoa elkartearekin batera epaitegian.
Kaltedunen helburua bidegabe kobraturiko guztiak itzultzea da. Eta gainera, ohiko etxebizitza erosteko maileguak aldeetako batek eragin ezingo duen interes tipoekin lotzea, eta goiko muga edo sabai batez babestea. Etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzeko neurri ezinbestekoak dira.
Gaur azterturiko kasuaren ahozko bista irailaren 22an ospatuko da.