#DEPMiren – Miren, gogoan zaitugu

depmiren

MIRENEN HERIOTZA ETA FEDE ONEKO MILAKA ZORDUNEN EGOERA LATZA SALATZEN DITUGU

BANKETXEAK ERRUDUNAK DIRA, ETA GOBERNUAK EUREN JOKAERA KRIMINALAREN LAGUNTZAILE

NAFARROAKO MOBILIZAZIOEKIN BAT EGIN ETA DONOSTIA, BILBO ETA GASTEIZEN ELKARRETARATZEAK DEITZEN DITUGU

Euskal Herria, 2015-3-23

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop Gipuzkoa elkarteok asteburu honetan gertatu den gure adiskide Mirenen heriotza salatzen dugu. Familiarteko eta lagunei gure elkartasuna adierazi nahi diegu, eta baita Nafarroako Kaleratzeak Stop plataformari eta LAB sindikatuari ere.

Banketxeak dira heriotza hauek erantzule zuzenak, eta gobernuak dituzte lagun euren jokaera kriminalean. Kaltetuon plataformetatik askotan salatu dugu Guindos dekretua edo modu desegokian Banketxeen Praktika Egokien Kodea bezala ezaguna dena, 2012an onartua eta orain Bigaren Aukerarako Dekretuarekin eguneratua izan dena, guztiz baliogabea dela. Lege hauek ez dira gai izan iruzur finantzarioaren biktima diren fede oneko milaka zordunen etxebizitzen enkanteak eta etxegabetzeak ekiditeko, ezta zorrak berrantolatu, zorrak kitatu edota etxea ordainetan eman eta alokairu soziala lortzeko ere. Arrazoia: betetzeko ezinezkoak diren baldintzak, etxebizitzaren prezioa adibidez.

Etxebizitzaren prezioa, burbuila inmobiliarioaren garaian Nafarroan eta EAEn estatu espainiarreko handienetakoa izan dena, horixe izan da banketxeek izan duten aitzakia Guindos dekretua ez aplikatzeko, eta ondorioz pobreturiko mailegudunen eta euren berme-emaileentzat bigarren aukera ukatzeko.

Premiazkoa da gobernuek, gure kasuan Gasteizkoak, eta arku politiko osoak, Bigarren Aukerarako Kode eraginkor bat onartzea, eta banketxeak euren jokaera kriminala baztertzeko presio egitea. Neurri hauek, jadanik zenbait alderdi politiko eta gizarte eragileen babesa jaso duen Kaleratzeak, Pobrezia eta Berdintasunik Ezaren Aurkako gure Dekalogoaren bosgarren puntuan daude, eta premiazkoa da berehala aplikatzea.

Jadanik ez dago aitzakiatarako denborarik. Kutxabank da etxegabetzen lehena, Praktika Egokien Kodea behin eta berriz ukatzen du etxebizitzaren prezioa aitzakiatzat hartuta, eta etxea ordainetan hartu eta alokairu soziala ematea sistematikoki ukatzen ditu, eta gizartearen aurrean kontuak ematen lehena izan behar du, gizartearen ekimenez sortua izan zelako eta bere zuzendaritzan PNV, PSE, PP eta CCOOren ordezkariak daudelako. Eta segidan etorri beharko dute Laboral Kutxak eta gainerako banketxeek.

Milaka familien sufrimendua eta heriotza gehiago izatea daude jokoan. Exekuzio-hipotekario prozedura guztiak bertan behera geratu behar dute berehala, espainiar legedia Europar Batasuneko betebeharretara egokitu bitartean. Gainera, fede oneko zordun guztiek benetako bigarren aukera izan behar dute: gutxienez 5 urteko karentziak, Euriborraren araberako interesak bakarrik ordainduaz, zorrak kitatzeak eta etxebizitza ordainetan eman eta alokairu soziala. Finean, enkanteak, etxegabetzeak eta heriotzak ekidingo dituzten neurriak. Mirenen heriotza adibidez: Faureciatik kaleratua izan ondoren Laboral Kutxak zorra berrantolatzea ukatzen zion gutuna jaso ondoren asteburu honetan hil dena.

Behean sinatzen dugun plataformok bat egiten dugu Nafarroako deialdi guztiekin:

– Astelehena 12:00etan Buztintxuriko Laboral Kutxaren parean.
– Asteartea 19:00etan Antsoaingo Udal Plazan.
– Asteazkena 10:00etan Orkoiengo Udaletxean eta 11:15etan Faurecia Orkoienen parean.
– Larunbata 18:00etan Gurutze Enparantzatik manifestazioa Iruñean.

Eta ondoko elkarretaratzeak deitzen ditugu gainera:

– Donostia: asteartea, 19:00, bulebarreko kioskoan (Laboral Kutxaren bulego parean)
– Bilbo: asteazkena, 18:00 Areatzako Laboral Kuxaren aurrean.
– Gasteiz: asteartea, eguerdiko 12:00tan Dato kaleko Laboral Kutxaren aurrean.
– Deialdi gehiago izango dira herriz-herri.