Elkarretaratzea eta bi albiste garrantzitsu

150619Conce

Donostia, 2015-6-19

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatu eta kideek agerraldia egin dute gaur Donostian. Bertan, Espainiako Bankuak IRPHa manipulagarria dela, ez dela adierazgarria eta nahikoa kontrolik ez duela onartu izanaren inguruan xehetasunak eman dituzte.

Prentsaurrekoaz gain elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren aurrean, Merkataritza Arloko Epaitegian IRPHa baliogabetuz lortu dituzten epai guztiak sistematikoki eta argudio juridikorik gabe bertan behera utzi dituela salatzeko.

Ekitaldian hainbat ordezkari politiko izan dira, hala nola Marian Beitialarrangoitia eta Ainhoa Beola (EH Bildu), Arantza González (Ezker Anitza – IU), Loïc Alejandro (Irabazi Donostia) edota José Miguel Gravina (Podemos).

Maite Ortiz eta José María Erauskin IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatuek azaldu dute Espainiako Bankuak euren galderei erantzunez onartu egin duela aurrezki kutxa bakoitzak IRPHan eragina izan zezakeela berak aplikaturiko interesak –edota komisioak– igoaz, eta bere eraginaren tamaina zehaztasun matematikoz kalkulatu zitekeela gainera. Bankuaren erantzunekin garbi geratzen da gainera IRPHa ez dela maileguen merkatuaren adierazgarri: Espainiako Bankuak onartzen du indize honen kalkuluan, batez besteko sinplea izaki, aurrezki kutxa guzti-guztiek pisu berdina zutela. Aurrezki kutxarik txikienaren kasua aipatzen da, eta 600 aldiz handiagoa zen aurrezki kutxarekin alderatzen da, eta onartzen da biek ere pisu berbera zutela batez bestekoan. Azkenik, erantzunek beste gabezia nagusi bat agerian utzi dute: gardentasun eta kontrolik eza. IRPHa kalkulatzeko abusuzko zirelako baliogabetuak izan diren interes tipoak erabili ote diren itaunduta, merkatuaren erregulatzaile eta indizearen kontrolaren erantzule den erakundeak onartu du ez duela galdera erantzuteko nahikoa informaziorik.

IRPHa Europar Parlamentuaren ordezkaritzak Espainiari egin dion bisitan

Bestalde, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak konfirmatu du IRPHa presente izango dela Europar Parlamentuaren Ekonomia eta Auzi Ekonomikoen Komisioaren ordezkaritza batek atzo eta gaur Espainiari egin dion bisitan.

Paloma López (IU) eta Ernest Urtasun (ICV) parlamentarioek IRPH Stop Gipuzkoari konfirmatu zioten Espainiako Bankuaren gobernadore den Luis Linde-ri zuzenean galdetuko ziotela IRPHaren abusuaren inguruan, eta baita Espainiako Bankuak IRPH Stop Gipuzkoaren galderei emandako erantzunaz ere. Bi parlamentariek euren Twitter kontuen bitartez eman zuten honen berri.

IRPHa Kataluniako Parlamentuan

Espainiako Bankuak IRPH Stop Gipuzkoaren galderei emandako erantzuna Kataluniako Parlamentuan ere aipatua izan zen atzo, ERC-ko Pere Bosch-ek gobernuari egin zion galderan. Bosch-ek Generalitateari eskatu zion IRPHa Euribor gehi puntu bateko diferentzialarekin ordezkatua izan dadin lanean hasteko, eta baita bidegabe kobraturiko dirua itzultzearen alde ere.

Felip Puig conseller-ak ezagutzera eman zuen gobernuak Agència Catalana del Consum delakoaren bidez ekingo diola lan honi, eta dagoeneko txosten bat prestatzen ari direla.

2 thoughts on “Elkarretaratzea eta bi albiste garrantzitsu

  1. Rectificación por favor :
    Arantza Gonzalez de Ezker Anitza – IU y Loïc Alejandro de Irabazi Donostia
    Gracas 🙂

Comments are closed.