Asteko ateraldia, María Eugenia Arrizabalagaren eskutik (PNV)

meuge

Kutxak eta PNV-k (PP eta PSOE-rekin batera) IRPHarekin sortu duten sufrimendu guztiarengatik ez balitz, ateraldia oso barregarria litzateke. 2014ko irailaren 23an PNV-ko legebiltzarkide den María Eugenia Arrizabalagak twitter bidez esan zuen Kutxak ez duela IRPHrik aplikatzen. Eta zuzentzeko eskatu genionean, temati eutsi zion gezurrari, barregarri geratu arte. Azkenean burumakur agurtu zen, hobeto enteratuko zela esanaz. Barkamen eske edota argumentu berriekin etorri zain gaude.

Elkarriketa guztia gure Twitter-eko kontuan duzu, eta hemen gaztelerara itzulpena:

meugearri

IRPH Entidades-en inguruko salaketa, epaiaren zain

140922_entidades-epaiketa

IRPH Entidades aplikatzeagatik Kutxabanken aurkako salaketa epaiaren zain geratu da gaur Donostian. IRPH Stop-en talde juridikoak defentsaren argumentu guztiak gezurtatu ditu, eta Kutxabanken ordezkariak finean IRPH Entidades indize ofizial bat dela besterik ez du esan.

Kanpoan, beherago ikusi ahal duzun prentsa-oharra eman dugu aditzera. Agerraldian hainbat lagun eta eragilek babestu gaitu, hala nola Kaleratzeak Stop Gipuzkoa, Rafa Mayoral (PAH-ren koordinadore legala), Ander Rodríguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Diputatua (Bildu), eta hainbat hautetsik, tartean hauek: Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu-ko legebiltzarkidea Gasteizen), Tania González (Podemos-eko eurodiputatua), Paloma López (IU-ko eurodiputatua), Inko Iriarte, Judit García eta Enrique Martínez (Bildu-ko batzarkideak Gipuzkoako Batzar Nagusitan)

Ikusi honen berri hemen: Hitza, Berria, ABC, Gara-Naiz, El Diario Vasco, eldiario.es, Hirian.

Gaur aditzera eman dugun komunikatua:

AGERRALDI PUBLIKOA: KUTXABANKen AURKAKO EPAIKETA IRPH ENTIDADES APLIKATZEAGATIK

Donostia, 2014-9-22

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak agerraldia du gaur, Kaleratzeak Stop Gipuzkoak eta PAH-ren estatu mailako ordezkaritza batek babestuta. IRPHaren kaltetuok Kaleratzeak Stop / PAH elkartearen parte gara, eta euren babesa eskertzen dugu. Beraiek gabe gure borroka ez litzateke posible.

Gainera, Kaleratzeak Stop elkartearen talde juridikoaren laguntza bereziki eskertu nahi dugu. Dagoeneko gure elkartearen zati ezinbestekoa dira, eta Maite Ortiz era José María Erauskin buru dituztela, IRPHa epaitegietan deuseztuko dute.

Gaur gurekin diren hautetsi eta eragile sozialei ere gure esker ona erakutsi nahi diegu.

IRPHa indize kriminala da, eta bere bultzatzaileak errudunak dira. PNV, PSOE eta PP, euren gobernu erantzunkizunetatik eta Kutxa eta Kutxabanken administrazio kontseiluetan dituzten ordezkarien bidez, herritarron aurka eta IRPHaren lapurreta luzatzearen alde ari dira. Gaur gurekin diren talde politikoen babesa bakarrik izan dugu, eta horregatik jo behar izan dugu epaitegietara, tasak geure diruarekin ordainduaz.

Gaurko epaiketatik espero dezakegun epai bakarra IRPH Entidades bertan behera utzi eta Kutxabank bidegabe kobraturiko interesak itzulzera zigortzea da. Pareko epaia lortu zen dagoeneko IRPH Cajas indizearen kasuan, eta beraz IRPH Entidades bertan behera uzteko bidean lortuko den lehen garaipen judizial handiaren aurrean gaude. IRPH Entidades oraindik ere indarrean dago eta milioitik gora familia kaltetzen ditu estatu espainiarrean.

Garaipen judizial batengan kofidantza dugu, trabak traba, Espainiako Bankuak gaurko epaitekarentzat eskatu zaion informazioa ukatzea adibidez. IRPHa estatu mailako kontua da, eta Espainiako Bankuak epaileari informazioa emateari uko egin dio. Atsekabetu beharrean, Espainiako Bankuak justiziarekin elkarlanean egiteari muzin egin izana ospatzen dugu, IRPHaren gardentasun eza frogatzen baitu. Bere kalkuluaren irregularitateak ezkutatu nahi dituzte horrela.

Elkarte honek bere helburuak lortu artean lanean jarraituko du. Helburu hauek hiru puntutan laburbildu daitezke:

1. IRPHaren aldaera guztiak bertan behera utzi eta Euribor-arekin ordezkatzea, gehienez puntu bateko diferentzialarekin.
2. IRPHa edo beste edozein abusuzko klausulak zituzten maileguen ondorioz kaleratuak izan diren familiei etxebizitza itzultzea.
3. Banketxe guztien eta IRPHaren aldaera guztien kaltetu guztiei kobraturiko interesen itzulketa, atzerako eraginez eta epaitegietara jo beharrik gabe.

Gainera, eta puntu horiek lortu bitartean hipoteken exekuzio guztiak berehala bertan behera uztea exijitzen dugu. Kasu larriak dira, gure adiskide Lorena eta bere alabarena bezala. Izan ere, Kutxabank-ek Errenterian duten babes ofizialeko etxebizitzatik bota nahi ditu. Kutxa-k eta Kutxabank osatzen duten gainontzeko kutxek, izaera publiko eta helburu sozialekin sortuak izan zirenak, euren sorrerako helburuetara itzuli behar dute, eta gaur egun egiten dituzten abusuak alde batera utzi. Aukera aprobetxatu nahi dugu pribatizazioa baztertu eta gure kutxen kontrol publiko eta soziala bermatuko duten neurriak hartzea exijitzeko.

BAI, POSIBLE DA.

Irailaren 22an denok Donostiara

irailaren22a

Irailaren 22an Donostiako epaitegian IRPH Entidades aplikatzeagatik Kutxabanken aurka jarririko salaketari dagokion epaiketa ospatuko da. Klausula hori bertan behera utzi eta maileguaren hasieratik bidegabe kobraturiko guztiak itzultzea eskatzen da. Epaitegi berdinak zigor hori jarri zion Kutxabanki IRPH Cajas aplikatzeagatik, eta beraz antzeko zerbait espero dezakegu. IRPH Entidades indizearen aurkako borrokan lehen garaipen judizial garrantzitsua litzateke. Indize kriminal hau oraindik ere indarrean dago eta milioitik gora familia kaltetzen ditu espainiar estatuan.

Herritarrei dei egiten diegu irailaren 22an goizeko 10:30tan Donostiako epaitegietara joateko (Teresa de Calcuta Plaza 1, Donostia – San Sebastián). Eragile sozial eta alderdi politikoei ere zabaltzen diegu deia, kalteturiko familien babesean etor daitezen.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamena positiboki baloratzen dugu

kutxa-gfa

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop eta Gipuzkoako IRPH Stop elkarteek modu positiboan baloratzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak Kutxaren izaera publikoa eta soziala mantentzeko irailaren 10ean ezagutzera eman zuen proposamena.

Elkarte hauek, milaka hipotekadun, IRPHaren kaltedun eta fede oneko zordunekin batera, aurkako jarrera mantentzen dugu PNV, PSE eta PP-k abian jarri dituzten Kutxabanken pribatizazio, euskal kutxen likidazio eta gizarte ekintzaren deuseztearen aurrean. Legea jarri dute aitzakiatzat, baina iadanik frogatu da gezurretan ari direla.

Aurrezki kutxak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarron aurrezki, nomina eta pentsioekin sortu eta mantendu dira, eta izaera guztiz publiko eta helburu sozialarekin izan ziren sortuak. Behean sinatzen dugun elkarteok berehala eta uneoro salatu dugu printzipio hauekiko izan duten urruntzea, kaleratzeak, etxea ordainetan ez hartzea, alokairu soziala ukatzea eta IRPHa bezalako klausula abusuzko eta ilegalak aplikatzea tarteko. Eta orain ere ez gara ixilduko: gizartearen zati garenez, geurea dena defendatuko dugu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kutxaren izaera publiko eta soziala mantentzeko aurkeztu duen proposamenari ongietorria ematen diogu, eta proposamen hau eztabaidatu ahal izatea exijitzen dugu. Hipotekadun bezeroek, IRPHaren kaltedunek, aurrezleek, pymeek eta gizarteak oro har, gure kutxek suposatzen duten ondare publikoaren jabe diren heinean, proposamena eztabaidatzeko eskubidea dute. Eztabaida hau emango bada, Kutxa banku-fundazio bilakatzearen prozesua berehala eten behar da, eta horregatik exijitzen diegu PNV, PSE eta PPri datorren irailaren 18an Gipuzkoako Batzar Nagusitan balizko banku-fundazio horren patronoak izendatzeko duten plana berehala baztertzeko.

Araba eta Bizkaiaren kasuan Vital eta BBK banku-fundazio bihurtzearen prozesua putxerazo hutsa dela uste dugu, eta berehalako atzerapausuak exijitzen ditugu, gure kutxen izaera publiko eta soziala bermatuko duten irtenbideak hartu ahal izateko. Gure ondarea 15 pertsonen eskutan utzi dute, gizartearen aurrean inolako azalpenik emateko betebeharrik izango ez luketenak eta gainera euren ordezkoak inongo kontrol publikorik gabe izendatuko lituzketenak.

Horregatik guztiagatik, behean sinatzen dugun elkarteok bat egingo dugu Kutxabanken pribatizazioaren uarkako plataformatik deituko diren ekimen eta mobilizazio guztiekin. Hain zuzen ere irailaren 18an Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean eta, egun berean ospatuko balitz, Kutxaren Administrazio Kontseiluaren aurrean, Garibai kalean.

BAI, POSIBLE DA.

IRPH: Espainiako Bankuak justiziarekin elkarlanean aritzeari uko egin dio

topsecret

IRPHaren inguruko sekretismo eta gardentasun eza neurri zentzugabeetara iritsi da. Espainiako Bankuak ezezko borobila eman dio Donostiako epaitegi baten informazio eskaerari, IRPH Entidades aplikatzeagatik Kutxabanken aurkako salaketa baten harira.

Kutxabank izan zen proba bezala Espainiako Bankuaren txosten bat eskatu zuena, IRPHaren manipulazioagatik inolako zigor-espedienterik egon den zehaztuz. Suposatzen dugu Kutxabankek espero zuela inolako zigorrik egon ez dela esango zuen txosten bat jasotzea. Azpimarratzekoa da horrelako txosten batek ere ez liokeela inolako arrazoirik emango, bi arrazoi nagusi hauek medio:

  1. Espainiako Bankuak esango balu inongo manipulaziorik ez duela ezagutzen (gertatu ez den hipotesia), honek ez luke frogatuko inoiz gertatu ez denik.
  2. Inolako manipulazioaren frogarik ez balego ere (eta ez dakigu horrela den), honek ez luke arrazoi ukaezin bat baliogabetuko: banketxeek indizean eragina izan dezakete, eta eragiteko aukera izate hutsak (berdin dio bidegabe eragitera iritsi diren ala ez), indizea indarrean dagoen araudiaren kontrakoa izatea dakar. Hauxe da epaitegi berberak Kutxabanken beste hipoteka batetan IRPHa baliogabetzeko erabili zuen argudio nagusia.

Baina ezustekoa Espainiako Bankuaren erantzunarekin iritsi da, sekretu profesionalaren argudioarekin uko egin baitio epaitegiari entitateek Espainiako Bankuari hilero ematen dioten informazioa eta gai honen inguruan inolako zigor-espedienterik egon denaren inguruko informazioa emateari. IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak dokumentu hau eskuratu du, eta hemen ikus dezakezu.

Nabarmena da Espainiako Bankuaren erantzuna ez dela Kutxabankek espero zuena, indizearen gardentasun ezaren inguruko gure salaketak indartu egiten baititu. Badaude gainera irregulartasun gehiago, eta gure IRPH txostenean azaltzen ditugu guztiak.

IRPH Entidades aplikatzeagatiko salaketa honi dagokion bista irailaren 22an ospatuko da Donostian, eta elkarte honek espero du IRPH Cajas indizearekin lortutako emaitza berbera lortzea: IRPH bertan behera uztea eta Kutxabank zigortzea bidegabe kobraturiko interesak itzultzera.

Europa IRPHa ezabatzeko lanean dabil

eu

Egia esan ez da beharrezkoa. Izan ere, IRPHaren kalkulua hain da lapurreta nabarmena, idarrean dagoen legedi espainiarra urratzen duela. Hori ebatzi du Donostiako epaiak: bankuek emaitzan eragina izan dezaketela esan du, eta Kutxabank zigortu du IRPH Cajas indizearekin ordainduriko kuota guztiak Euribor+1 erabiliz kalkulatu eta diferentzia kaltetuei itzultzera.

Epaitegietan borrokatuz IRPHaren aldaera guztiak ezabatu eta lapurturikoa itzultzea lortuko dugula uste dugu. Baina ez da bidezkoa milioitik gora familiak epaitegietara jo behar izatea euren eskubideen defentsan. Horregatik, IRPH Stop Gipuzkoa taldetik beste bide batzuk lantzen ditugu. Horrexegatik jarri gara kontaktuan Europar Komisioarekin, eta IRPH indizearen irregulartasunak azaltzen dituen gure txostena helarazi diegu. Komisioak arretaz hartu du txostena, baina esan digu gaur egun ezin duela estatu mailako erreferentzi indizeen inguruan ezer egin. Hala ere, etorkizunean estatu guztiek bete beharko duten Erreferentzia Indizeen inguruko Europar Araudi baten berri eman digu.

Araudi honen zirriborro bat iadanik idatzi dute, proposamen modura, eta Europar Kontseilu eta Parlamentuaren arteko eztabaidagai da oraintxe bertan. IRPH Stop Gipuzkoa taldeak dokumentu hau eskuratu du (hemen ikus dezakezu, espainolez), eta bertan IRPHak betetzen ez dituen baldintzak sartuko dituztela egiaztatu du:

  • Kalkulurako erabiliko diren datuek merkatua zehazki eta fidagarritasunez jaso beharko dute.
  • Kalkulurako erabiliko diren datuek eskaintza eta eskariaren konpetentzia-indarrei loturiko merkatu bat erakutsi beharko dute.
  • Erreferentzia indizearen kalkulurako metodo sendo eta fidagarria erabiliko da.
  • Administratzaileak datuak eta kalkulurako metodoa gardentasunez garatu, erabili eta kudeatuko ditu.

Edozein kasutan, IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik hobekuntzak proposatuko ditugu, araudi berriak baldintza konkretuagoak izan ditzan.

Behin betiko testuak 2015 urteko haseran prest egon beharko luke, eta handik urtebetera indarrean sartu. Espainiar legediak araudi berria barne hartu ondoren, derrigorrez bete beharko da, eta momentu horretan IRPH Entidades oraindik indarrean balego gardenagoa den beste indize batekin ordezkatua izan beharko luke.