Gipuzkoatik kanpo IRPHa baliogabetu duen lehen epaia

justicia-irph

GIPUZKOATIK KANPO IRPHa BALIOGABETU DUEN LEHEN EPAIA

GUADALAJARAKO MERKATARITZA ARLOKO EPAITEGIAK KUTXABANK ZIGORTU DU

ARGUDIO JURIDIKOAK SENDOAK DIRELA FROGATZEN DA, ETA BERAZ ENTZUTEGI PROBINTZIALAK GIPUZKOAKO EPAIAK BAIEZTATZEA ESPERO DA

IRPH STOP GIPUZKOAREN TALDE JURIDIKOAK ERAMAN DU KASUA, BEREZIKI KALTETUTAKO FAMILIA BATEKIKO ELKARTASUNEZ

Donostia, 2014-12-3

Guadalajarako Merkataritza Arloko Epaitegiak Gipuzkoatik kanpo IRPHa baliogabetzen duen lehen epaia eman du. Zigorturiko entitatea Kutxabank da kasu honetan ere.

Gipuzkoan hogeita hamar epaitik gora eman ondoren, epai berri honek erakusten du kaltetuek erabiltzen dituzten argudio juridikoak sendoak direla, jadanik bi epaitegik onetsi baitituzte. Horregatik, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak uste du entzutegi Probintzialak Gipuzkoan Kutxabanken aurka eman diren zigorrak berretsi egingo dituela.

Guadalajarako kasuan, Gipuzkoako guztietan bezalaxe, justiziak IRPHaren aplikazioa baliogabetu du eta Kutxabank zigortu du atzerako eraginez IRPHren arabera ordainduriko kuota guztiak berriz kalkulatu eta salaketa jarri dutenei «bidegabe kobraturikoak itzultzera».

Guadalajarako kasua IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen talde juridikoak eraman du, bereziki kalteturiko familia batekiko elkartasunez, Kutxabankekin negoziatzea ezinezkoa zela ikusi ondoren.

Ángel Torrecillak lan istripu bat jasan zuen 2011an eta langabezian dago orduz gero. Bere bikotekideak %55eko elbarritasuna du eta bi seme dituzte, bata adingabea eta bestea %86ko elbarritasuna duena. Hipotekari aurre egin ezinda zebiltzala eta, Kutxabankekin negoziatzen saiatu ziren, eta etxea ordainetan emateko prest zeuden, baina Kutxabankek sekula ez du fede oneko zordunekin negoziatzen eta kasu honetan ere berdin jokatu zuen. Epaitegietan Kutxabank garaitzea lortu ondoren, familia honen egoera zertxobait hobetuko da.

Gipuzkoatik kanpo eman den lehen epai honekin, Donostian hogeita hamar epaitik gora eman ondoren eta Gipuzkoako Entzutegi Probintzialak epaiak berretsiko dituela dirudien honetan, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak uste du epaitegietako borroka irabazi duela jadanik, eta egoera berdinean dauden familiei euren dirua itzultzeko exijitzen dio Kutxabanki, epaitegietara jotzera behartu gabe.

Gainera, elkarteak Xabier Iturberen dimisioa eskatzen jarraituko du. Kutxabankek IRPHaren aplikazioa luzatu zuen hainbat erakunderen deiari entzungor eginez, hala nola Gasteizko Legebiltzarra, Gipuzkoako Foru Aldundia eta hogeita hamar udaletxe baino gehiago. Orain epaitegiek diote ez zuela sekula aplikatu behar abusuzko indize hau. Xabier Iturbek, IRPHaren kudeaketa «bikaina» egin zuela esatera ausartu zenak, dimisioa eman eta Kutxaren presidente izateari utzi behar dio berehala.

Kutxabanken irabaziak eta IRPHaren kaltedunei itzuli beharrekoa dirutza berdina dira

kutxabank100-100

KUTXABANKEK IRAGARRI DITUEN 100 MILIOITAKO IRABAZIAK IRPHaren KALTEDUNEI ITZULI BEHARREKO DIRUTZAREN PAREKOAK DIRA

SINESTEZINA DA KUTXABANKEN PRENTSA-OHARRAK ITZULKETA NOLA EGIN BEHAR DUEN EZ AZALTZEA

KUTXABANKEN PRENTSA OHARRAK KONTRAKOA ADIERAZI ARREN, IRPH ENTIDADES APLIKATZEN JARRAITZEN DU

Donostia, 2014-12-1

Gaur Kutxabankek argitara eman duen prentsa-oharraren arabera, iraila bitarteko irabaziak 100 milioitakoak izan dira. IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak adierazi nahi du kopuru horixe bera dela Kutxabankek IRPHa aplikatu zien familiei itzuli behar diena.

Elkarteak gogorarazi nahi du Gipuzkoan Kutxabanken aurka hogeita hamar salaketatik gora jarri zituela eta kasu guztietan justiziak arrazoia eman diola. Ondorioz, IRPH aplikatzea legediaren aurkakoa dela ebatzi da, eta Kutxabank zigortu da salaketa jarri dutenei «bidegabe kobraturikoak itzultzera».

Epai hauek ebazten izan den azkartasuna, argudio juridikoen sendotasuna eta epailearen eskarmentu handia ikusita (Edmundo Rodríguez Achútegui magistratua da Araban), IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak uste du Entzutegi Probintzialak epaia baieztatu egingo duela. Ondorioz, egoera berdinean dauden 15.000 familiei euren dirua itzultzeko exijitzen diogu Kutxabanki, epaitegietara jotzera behartu gabe.

Elkartearen kalkuluen arabera, Kutxabankek guztira itzuli beharko duen dirutza 100 milioi eurokoa izan daiteke hain zuzen ere.

IRPH Stop Gipuzkoak gogorarazi nahi du dirutza hau bidegabe kobratu duela Kutxabankek, abusuzko indize bat aplikatuaz. Kopuru hauek itzultzeak ekarriko duena da kaltedunek euren maileguen hasieratik Euribor+1 ordaintzea, eta beraz Kutxabankek familia hauekin irabaziak izaten jarraituko du.

Hala ere, dirutza hori itzultzeak Kutxabanken kontuetan eragin nabarmena izango du, 2014 urteko lehen bederatzi hilabetetako irabazien kopuru berbera baita. Horregatik, elkarteak uste du axolagabekeria ikaragarria dela Kutxabanken gaurko prentsa-oharrak ez azaltzea 100 milioi horiek itzultzeari nola egin behar dion aurre.

IRPH Stop Gipuzkoak berriz ere adierazi nahi du itzultzearen kondizioak negoziatzeko prest dagoela. Kaltetuak itzuli behar zaien diruaren zati bat edo guztia euren maileguak amortizatzera bideratzeko prest egon daitezke, modu honetan Kutxabanken diru-kutxatik atera beharreko dirutza txikiagoa izan dadin. Negoziazioak hasteko baldintza bakarrak hauek dira:

1- Xabier Iturbek dimisioa ematea.
2- Etxebizitza galdu duten IRPHaren kaltedunei etxea itzultzea.
3- Etxegabetuak izan diren guztiei zorra kitatu eta alokairu sozial batez euren etxeetara itzultzen uztea, nahiz eta IRPHaren kaltedun ez izan.

Bestalde, Kutxabanken prentsa-oharrak gizartea engainatu nahi duela salatzen dugu. Bezeroei jadanik IRPHrik ez diela aplikatzen sinetsarazi nahi du, esaten duenean «IRPH indizeen ordezkapena» «azaroaren 1ean erabat amaitutako eragiketa» dela.

Izan ere, IRPH Entidades delako aldaera aplikatzen jarraitzen duela salatu nahi dugu, eta hau ere abusuzkoa dela. IRPH Cajas aldaera da aplikatzeari utzi dion bakarra. IRPH Entidades aldaerari lotuta dauden Kutxabanken mailegu kopurua txikiagoa den arren, gehienak babes ofizialeko etxebizitzei dagozkienak dira, eta ondorioz egoera ekonomikorik kaxkarrenean dauden familiak dira Kutxabanken eskutik IRPHaren abusua pairatzen darraitenak.