Ortiz eta Erauskinek IRPHaren inguruko hitzaldi bat eskainiko dute Abokatutzaren Kongresu Juridikoan

icamalaga

Urriaren 6 eta 7an ospatuko den ICAMÁLAGA Abokatutzaren Kongresu Juridikoaren hamabigarren edizioan IRPHaren inguruko hitzaldi bat izango da. Topaketa hau sektore honetan estatu espainiarrean dagoen garrantzitsuena da eta eremu zientifiko-juridikoan benetako erreferentzia bilakatu da, bere arrakastak mugak gainditu dituelarik eta Europako beste estatuetatik datozen kongresistak gero eta gehiago direlarik.

IRPHaren kaltedunon zorionerako, gaia azaltzeko arduradunak Maite Ortiz eta José María Erauskin izango dira, bankuen abusuen biktimen defendatzaile sutsu izateaz gain IRPHaren inguruan benetako aditu eta aitzindariak. Gogora dezagun Ortiz eta Erauskin direla gure plataformaren (IRPH Stop Gipuzkoa) abokatu boluntarioak, eta PAH – Kaleratzeak Stop Gipuzkoa eta beste zenbait plataformei ere laguntzen dietela musu-truk.

Ortiz eta Erauskin benetako aitzindariak dira IRPHaren aurkako borrokan, eta hau gogorarazi beharrekoa da. Izan ere, azkenaldian komunikabideetan IRPHaren inguruko informazio gehienetan gai honekin hasi berriak diren abokatu bulego handiak bakarrik ikusi ahal dira. Ortiz eta Erauskinek ondoko garaipen juridiko hauek lortu dituzte, izan IRPH Stop Gipuzkoa plataformarekin kolaborazio boluntarioan edota euren Abogados Res bulegoarekin:

IRPH Cajas indizea baliogabetu zuen lehen epaia estatu osoan. Honen ondoren IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko kideen hogeita hamar epaitik gora lortu zituzten, eta estatu osoko epaitegietan ere lortu dituzte pareko epaiak.
IRPH Entidades indizea baliogabetu zuen lehen epaia estatu osoan.
IRPHa baliogabetzeaz gain maileguak interesik gabe jarraitu behar duela ezartzen duen lehen epaia estatu osoan.
Probintzia Auzitegi batek berretsi zuen IRPHaren aurkako lehen epaia estatu osoan (Araban).

Ortiz eta Erauskin izan ziren gainera Espainiako Bankuari galdeketa eginda IRPHa prestatzeko ardura duen erakundeak indize hau manipulagarria dela onartu izanaren erantzule. Eta beraiek dira baita ere EHUko estatistika aplikatuko katedraduna den Juan Etxeberria Doktoreari IRPHaren inguruko txostena eskatu eta bere manipulagarritasuna zientifikoki frogatua geratu izanaren erantzule.

Epai eta dokumentu hauek guztiak orain estatu osoan erabiltzen dira IRPHaren aurkako auzibidetan. IRPHaren aurkako borrokan egiten duten dibulgazio lan eskergaren barruan, Ortiz eta Erauskinek Europako Parlamentuan edota Gasteizko Legebiltzarrean ere agerraldiak egin dituzte, besteak beste.

Ezagutzen ditugu eta badakigu ondo baino hobeto erabiliko dutela orain duten aukera berri hau IRPHa abusuzko klausula dela eta baliogabetu beharra dagoela azaltzeko. Kongresuan epaileak eta Espainiako Auzitegi Goreneko Magistratuak ere egongo dira, eta gaia laster iritsiko da auzitegi horretara. Izan ere, Probintzia Auzitegi batek berretsitako lehen epaiari helegitea jarri zion banketxeak, eta beraz IRPHaren kaltetu diren 1.3 milioi familiatik gora zer gertatu zain daude. Kaltedun horientzat guztientzat Ortiz eta Erauskinek hitzaldi hau ematea oso berri ona da.

Berri onak Caixabank-en “IRPH izoztuaren” kaltedunentzat

justicia_conge

Gure kalkuluen arabera, Katalunia da IRPHak eragindako hipoteka gehien dituen estatuko erkidegoa. Horien artean, asko eta asko dira gaur egun desagertua dagoen IRPH Cajas indizeari loturiko Caixabank-en mailegua dutenak. Mailegu horiek IRPH Cajas indizea desagertzearen balizko kasua aurreikusten zuten, eta lehen ordezko bezala CECA indizea ezartzen dute. Indize hau ere desagertu egin denez, milaka familiak ikusi dute euren maileguan aurreikusiriko bigarren ordezkoa aplikatu zaiela, hau da, kalkulatu ahal izan den azken interesa finko gelditzea, betiko. Honek esan nahi du Katalunian (eta baita handik kanpo ere) milaka familia daudela %4etik gertu dauden interes tipo finkoak ordaintzen (aplikatu zitzaien azken IRPH Cajas-a). Sekulako astakeria, Euriborra zero azpitik dagoen honetan.

Testuinguru honetan, Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek, Abogados Res bulegotik, Tarragonako Merkataritza Arloko Lehen Epaitegian lortu duten garaipen baten berri eman dute. Lortu duten epaiak Caixabank-en interes finko hori baliogabetu du, eta ezarri du maileguak interesik gabe jarraitu behar duela. Beraz, familia horrek ikusiko du bere maileguaren interes tipoa ia %4eko izatetik %0koa izatera igaroko dela.

Banketxeak epaiari helegitea jar diezaioken arren, oso berri onak dira egoera berdinean dauden milaka familientzat.

Epai berdinak ezartzen du IRPH Cajas indize manipulagarria dela, baina erabaki sinestezin batetan gehitzen du hori ez dela hori salatzeko leku aproposa, eta beraz maileguaren hasieratik indize horren arabera ordainduriko interesak itzuli beharra ez du onartzen.

Epaia eskuragarri dago gure webguneko “Epaitegiak” atalean, eta hemen klik eginda ere ikus dezakezu.

IRPHaren aurkako puntua barne duen etxegabetzeen aurkako dekalogo eguneratua

160908_dekalogoa02

Irailaren 8an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako PAH – Kaleratzeak Stop plataformekin batera, etxegabetzeen, pobreziaren eta berdintasunik ezaren aurkako gure dekalogo eguneratua aurkeztu genuen Donostian. Dekalogo honen lehen bertsioa ezagutzera eman genuenetik urte eta erdi igaro den honetan, irailaren 25eko hauteskundetan aurkezten diren alderdiei dokumentuko hamar puntuak betetzeko konpromisoa hartzera dei egiteko asmoarekin eguneratu dugu.

Seigarren puntua IRPHaren ingurukoa da. Bertan behera uztea eta bere edozein aldaeraren aplikazioz kobraturiko interes guztiak itzultzea exijitzen da bertan.

Dekalogo osoa eskuragarri duzu hemen.

Kaltedun batek IRPHaren inguruko bere epaia komunikabideetan ezagutu du

marcos_jm_maite

Uztaila amaieran gertatu zen, baina ezin diogu hemen salaketa egiteari utzi. Marcos Guerreiro adiskide galiziarrak, borrokalari nekaezina eta webgune honetan sarrera bat eskaini diogunak, komunikabideen bitartez jakin zuen Ferrolgo lehen instantziako 4. Epaitegiak UCIren aurka IRPHagatik jarritako auzibidea atzera bota zuela. Bere prokuradoreak eta Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek oraindik epaia jaso ez zutenean, Europa Press agentziak Ferrolgo epaitegi batek IRPH indize polemikoa balioztatu zuela zabaltzen zuen. Filtrazio onartezin bat da, borroka honetan aurrean ditugun interesen tamaina adierazten duena. Lehen ere esan dugu “cuestión de estado” baten aurka ari garela.

Badakigu abokatuek helegitea aurkeztuko dutela eta filtrazioa dela eta neurriak hartuko dituztela, eta beraiei, Marcosi eta bere familia guztiari besarkada bat bidali nahi diegu.